Cano | Telefono kaiolatua | E-Book | www.sack.de
E-Book

E-Book, Basque, 168 Seiten

Cano Telefono kaiolatua


1. Auflage 2020
ISBN: 978-84-9868-594-7
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 0 - No protection

E-Book, Basque, 168 Seiten

ISBN: 978-84-9868-594-7
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 0 - No protection



Bai telefonoek eta bai ispiluek desasosegua sortzen digute. Amesgaiztoetan sarri agertzen zaizkigu. Ezinegona sortzen digute, lo egiteko pastilak hartzera behartzen gaituzte. Sosegurik eza agertzen da kontakizun hauetan. Telefono-kabina baten bila aritu, eta, bat aurkitu orduko, telefono-haria moztuta dagoela ohartzen denaren sosegurik eza. Telefono-kabina zepo hilgarritzat, zerraldotzat sentitzen duenarena. Esan dezagun telefonoa giderretik duenak mundua duela mendean. Esan dezagun, hamairu ipuinetan, Harkaitz Cano bezalako idazle gazte baina eskarmentudunak jenero beltza nahasten duela absurduarekin eta surrealismoarekin. Esan dezagun telefono kaiolatu batez ari garela. Bai, esan?

Harkaitz Cano Jauegi (Lasarte-Oria, 1975). Zuzenbide ikasketak egin zituen. Nobela (Beluna jazz, Pasaia blues, Twist), ipuinak (Telefono kaiolatua, Neguko zirkua, Beti oporretan), kronika autofikzionala (Piano gainean gosaltzen) eta saioa (Zinea eta literatura, Txalorik ez, arren) landu ditu, besteak beste. Sylvia Plath, Anne Sexton, Allen Ginsberg eta Hanif Kureishi ekarri ditu euskarara. Bere lanak dozena bat hizkuntzatara itzuliak izan dira.
Cano Telefono kaiolatua jetzt bestellen!

Autoren/Hrsg.


Weitere Infos & Material


ALDATZ BEHERA ITSASOAN

Pinta, Niña eta Santa Maria ontziek Amerika harrapatu aurretik bi saio izan ziren Indietara heltzeko. Lehenengoa, aski ezaguna, espainiar monarkiaren hainbat belaunaldiren lotsabide izan da, eta historia libururik arruntenetan jasorik ez dagoen arren, Sevillako Indietako liburutegiko apal-sotoak behar bezala arakatuz gero, bada haren testigantza anitz, João Capêlo Soares historialariaren idatziei esker. Lehenengo saio hori Indietara abiatu eta ekaitz latz batek erabat desegin zuen belaontziek egindakoa izan zen. Hilabeteko noraezaren ondoren lurra bistatu zuten, hala ere. Lur zibilizatuegia ordea. Kadizen atera eta, Amerikara heldu ordez, Lisboan bukatu zuten beren abentura. Bigarren saioa urte anitz geroago mamitu zen, eta hala izanik, itxuraz estreinakoa baino dokumentatuagoa beharko lukeela lirudiken arren, hari buruzko datuak askozaz ere urriagoak dira.

Manual nabegazionezkoetan nekez aurki daiteke espedizio horren berririk, dirudienez, porrotari buruzko dokumentuak oro suntsituak izan zitezela agindu zuelako Fernandok Errekonkistan murgildu berritan, amesgaiztoak suak uxatzen dituelako sineskeria ez baita bart gauekoa. Teodosio Garmendia izeneko kronista baten memorietan aurki daiteke soilik bidaia hura izan zelako lekukotza, liburu apergaminatuaren orrialdeen artean, letra ornatu eta larriz ALDATZ BERA ICHASOAN dioen pasarte bat, egunkari erara idatzitako paragrafo batzuk erantsita dituena. Gainerantzeko orrialde gehienak —ontziaren deskripzioaz eta xehetasun teknikoez mintzo direnak salbu— urratuak edo kixkaliak ageri dira, baina erdialde babestuan egokitu delako-edo, salbatu bide da ke bihurtzetik Aldatz bera ichasoan dioen atala. Beheko aldean, urtea irakur daiteke, 1469, eta bukatu gabeko esaldi bat latinez: Bona fides non semper ad gloriam. Apur hori, bere gutxian, nahikoa da halere, inoiz gertatu ez zena benazkoa dela baieztatzeko.

I

1469ko azaroan, Fernando Isabel Gaztelakoarekin ezkondu ostean, azkenean izarrak lerratu ziren itxuraz zorte onaren kupula inguratuz. Indietarako lehen saiakera lotsagarri haren oihartzunak itzalduxeak ziren hartan, Fernando II.ak penintsulako gizonik prestuenak deituarazi zituen, merkatari nahiz gerragizon ibilitakoak gehienak, kementsuen eta gotorrenak. Ados ziren denak Fernandok ezarritako hogei mila urrezko dukateko diru sariarekin eta bi asteko epean abiatzekotan geratu ziren, izarren aldeko lerratzearen egokitasuna ahalik eta hobekien baliatu asmoz. Sevillan jendea kaleetara atera zen saldoka, zenbaitek heroitzat eta gehienek erotzat hartzen zituzten tripulaziokideak azkeneko aldiz ikustera, ezen bai alde batekoek zein bestekoek ziurtzat jotzen zuten gauza bakarra huraxe baitzen: ez zituztela abiatzera zihoazen haiek gehiago ikusiko. Plaza erdiko urkatuek baino jende gehiago erakarri zuen gertakari hark. Herio laster batean aurrez aurre ezagutuko duen jendea ikustea beti maite izan baitu gizakiak. Inoren heriotza ikusita, norberarenari buruzko ikasgairen bat aterako dutelakoan. Bizitzaren zamaketarientzat hori guztia ikustea aringarri izango balitz bezala.

Tripulaziokideen artean ziren besteak beste, René Deville sukaldari frantziarra —Bordelen sona handia zuena—, Toledoko fraide menturazale bat, Ezekiel goitizenez ezaguna, eta Ismael Arteche, Lekeitioko semea. Eta horien guztien buru, Iñigo de Berasaluce kapitain gipuzkoarra. Itsasontzian lanik astunenak egiteko bizi osorako kondena zuten gizonak ontziratu nahi izan zituen erregek, ordainetan askatasuna eskainirik; baina halako izu laborria eragin zien bidaia hark, sei preso baino ez baitziren ausartu aukera hori baliatzera.

Sevillatik Palos aldera zaldiz abiatu ziren, bideko ermita txikiena ere bisitatzeari uko egin gabe; beren bidea luzatuz, nola maitale herabearen eskuak maiteminaren gorputzean biderik luzeenak xerkatzen saiatzen diren, marrubien sastraketara galdu aurretik. Baina zaldizko haiek itsasoa zuten ohantze, eta itsasoa ertzik gabeko hilkutxa da. Eta nork daki, agian basamortu marrubirik gabea zatekeen, ireki behar ez ziren ur-ateak irekiz gero, gainera amilduko zitzaiena. Nolanahi ere, jakinekoa da bideak merezi duela heltzeak berak baino gehiago. Eta ezin uka aurki arrastoan izanen zirenik.

Bidera inguratzen zitzaien jendeari atentzioa ematen zion beste zer bat ere bazen: kaiola batean preso zeramaten piztia hura. Kosta zitzaien, bai polito kosta ere, behin Palosko itsasartera heltzean, kaiola kalamuzko sokabilduez jaso eta ontzira jasotzen. Basurdea zela iparrorratzik fidagarriena sartu zion norbaitek kapitainari buruan, basurdeak ez duela inolaz ere iparrik galtzen eta, nork jakin, itsasoaren erdian ez ote zitzaien hura gainerantzeko tresnak baino baliagarriago gertatuko. Ismael Artechek ez zuen ulertzen basurde bat ontzi barruan eraman beharra zertan zen, lur-lurrean orientazione ona izango bazuen ere, zer, itsasoratzean erabat galduta ibiliko zen seguruenik piztia. Burutazio ergeltzat zeukan basurdearen hura, eta berak bezala gainerako eskifaiakide gehienek ere txorakeria galanta irizten zioten kapitainaren egoskorkeria hari, baina ez zuten ezer esan: janariak urri zirenean basurdeari aterako zioten etekina buruan zutela eman baitzioten denek ere Iñigo de Berasaluce kapitainaren gutizia hari ametoa.

Soriako basoetako zuhaitzak erabili zituzten Bona Fides ontziaren masta luzeenak eta kofakoa egiteko. Mesanakoak nahiz ontziaren gainerako hezurdura eta hornidura Villanueva de Oiarsoko ontzioletan osatua zen. Bona Fides ontziak abenduak hogeita bi egiten zituen egunean utzi zuen Palosko itsasartea. Portura bildua zen jende aldra txoraturik utzi zuen belaontziak urrutiratzean lagatako uhildo suge itxurakoaren dantza geldoak. Mokasin-sugearen hondarreko aztarna zirudien urazaleko hark. Bona Fides ontziak urrunetik birika mehar arkutu bat zirudiela esan zuen osagile batek, giza anatomiaren tratatuen pergamuak buruan zituela. Lainoek zeruko arbelean Ameriketako kartografia irudikatzen zutela ere esan ahal izango zuten, baldin eta garai hartan Ameriketako geografia trataturik izan balitz. Handik denbora laburrera, ez zen itsasontziaren mokasin arrastorik batere geratu itsasmugan. Helduak behar zuten izan itsasoak zuen azken urjauzira, eta han, ahitua izanen zuten jada ezpataz zulaturiko birikaren azken hatsa, aire bafada behin betikoa.

Itsasontzia bere estreinako urratsetan lagundu zuten kalatxoriak bakan eta isil itzuli ziren egunak amore eman ahala, eta denborak, berriro ere, lur-lurrean orainaren errotari eragin zion.

Gau hartan, jendetza etxeratu ostean ere, Italiatik eskifaiakide izateko asmoz propio etorritako mutiko bakartia geratu zen kaian, ordurako itsasoak builaka deitu arren nagusiek aintzakotzat hartzen ez zuten gazte bat, ahulegia zela-eta tripulazioan onartu ez zutelako negar-gordeka. Goitizenez Herren deitzen zioten arren, Cristoval Columbus zuen benetako izena. Ez dira itzuliko esaten zuen bere golkorako Columbus gazteak, hiru ontzi-hezur ere ez lirateke aski opari, ertzik gabeko hilkutxa urdina gutaz kupi dadin eskatzeko.

II

1470.eco urtarrilaren zazpia, martitzena. Indietaraco bidean yaincoaren mirariz, gure berrogueita zazpigarren eguna. Atzocoan, Silvio —gure iparrorratza— aztoraturican ibilli cen egun osoan. Izan ere, Silvioc, nondic sartaldea suma arata lerratzen baitu beti muturra, brancaco petrillari azca eta azca, eizachacurrac pesquisan dagoenean artu oi duen egoquiera beretsua artuz. Atzocoan ordea, erran bezala, eizachacurrac artzen duen egoquieran yarri ordez, marruca eta yauzica iragan zuen eguna. Denoc erotu bearrean bucatu guenuen piztiarequin.

”Lequeitioc, masta gorenean —gabian— igaro zuen eguna eta guk berriz, Lequeitio madaricatuac, seme putrelistuac, goienbaleobe!, putrezaquil arc, cerbait vistatuco ote zuen zain. Baña ez zuen fitsic erran, escua beguiac equiarengandic babesteco copetaren gañean yarrita eman cituen goiza eta arratsaldea belazurrunic gorenean eserita, pachada betean bere ganiveta zorroztuz. Arratsberan ecaitza lertu eta euriac barrura sarraraci guintuen. Silvioc bere oico yarrera artua zuen, lasai cegoen brancan quizcurturic, beti sartaldera beguira. Ori guztia guchi balitz, bi guizon gueyago ill dira aste onetan eta yendea naicoa burumacur dabill. Ardoa ere bucatzen ari da eta gueyago dira upel utsac beteac baño sotoan daudenac. Balitteque azquen fiñean Teodosio zarrak arrazoia eduquitzea. Arrapatzen ditugun arrainec guero eta denpora gueyago bear dute iltzeco. Ascoc iges eguiten digute escuetatican. Oso begui andiak dauzcate, beldurgarria da aien soa. Begui andiac eta irequiac. Begui urdiñac. Begui urdiñ distirantqui crudelak.

”Azquen egunotan, aldatz bera ote goazen inpresionea daucat eta Silvioc ere, adierazi nai ez digun cerbaiti antzeman diola iruditzen zait”.

Inork ez zekien ziur zergatik deitzen zioten Silvio basurdeari, baina pentsatzekoa da 1464a arte Aita Santu izan zen Silvio Piccolomini gogorarazten zielako hots egiten ziotela hala, piztiaren buru gaineko ilajearen eite biribilak Aita Santuaren boneta oroitarazten zielako agian. Edo, beharbada, basurdeak ateratzen zituen marru garratzengatik jarri zioten izen hori; hartara, Silvio Scarlattoz, eskarlatinak jotako musikagile eta kantari zoritxarrekoaz trufatzen zirelarik mastari lotutako piztiari Silvio hots egiten zioten bakoitzean. Izan ere, Silvio Scarlatto veneziar gajoa, hogeita hamazazpi urte besterik ez zituela hil zena, bere ahots garratza zela medio abesbatza guztietatik bota zutelako egin zen ospetsu. Gaztelan aurkitu nahi izan zuen babesa Italiatik atzerriratua izan ostean, baina konposagile gisa dohairik bazuela ukaezina zen...



Ihre Fragen, Wünsche oder Anmerkungen
Vorname*
Nachname*
Ihre E-Mail-Adresse*
Kundennr.
Ihre Nachricht*
Lediglich mit * gekennzeichnete Felder sind Pflichtfelder.
Wenn Sie die im Kontaktformular eingegebenen Daten durch Klick auf den nachfolgenden Button übersenden, erklären Sie sich damit einverstanden, dass wir Ihr Angaben für die Beantwortung Ihrer Anfrage verwenden. Selbstverständlich werden Ihre Daten vertraulich behandelt und nicht an Dritte weitergegeben. Sie können der Verwendung Ihrer Daten jederzeit widersprechen. Das Datenhandling bei Sack Fachmedien erklären wir Ihnen in unserer Datenschutzerklärung.