Lertxundi | Itzuliz usu begiak | E-Book | www.sack.de
E-Book

E-Book, Basque, 384 Seiten

Lertxundi Itzuliz usu begiak


1. Auflage 2020
ISBN: 978-84-9868-543-5
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 0 - No protection

E-Book, Basque, 384 Seiten

ISBN: 978-84-9868-543-5
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 0 - No protection



Hizkuntza atzerritar batetik euskarara 'itzuliz usu begiak' egiten dute lan itzultzaileek, hizkuntza biziberrituz gai eta aire orotarikoez, sorkuntza aberastuz, euskarak inoiz imajinatu ez dituen egoerak eta munduak izendatuz, sistema literarioa indartuz. Baina itzulpenik gabe, beste hizkuntza bat dugu, ez euskara, literatura unibertsalaren munduan ibiltzeko bidaide. Itzulpenik gabe, beste hizkuntza batetik hartzen ditugu literatura unibertsalaren testuak eta erreferentzia historikoak, beste hizkuntza batean bilatzen ditugu berrikuntzak ere. Itzulpenik gabe, beste hizkuntza batetik jasotzen ditugu munduak munduaz esandakoak, beste hizkuntza batean asetzen dugu gure egarri kultural noranahikoaren guztiz gehiena. Argi dago, ezinago argi: itzulpen faltak ondorio latzak dakarzkio euskal sistema literariori eta euskarari.

Anjel Lertxundi (Orio, 1948). Hunik arrats artean (1970) ipuin bilduma izan zen argitaratu zuen lehen liburua. Bereak dira, besteak beste, Goiko Kale (1973; ALBERDANIAn, 2000), Aise eman zenidan eskua (1979), Hamaseigarrenean aidanez (1983), Carla (1989), Lurrak berdinduko nau (1990), Kapitain Frakasa (1991), Otto Pette (1994), Piztiaren izena (1995), Azkenaz beste (1996), Argizariaren egunak (1998, Euskadi Literatur Saria), Lehorreko koadernoa (1998), Zorion perfektua (2002), Ihes betea (2006), Zoaz infernura, laztana (2008), Etxeko hautsa (2011) eta Horma (2017) eleberriak, Konpainia noblean (2004) narrazio liburua, Letrak kalekantoitik (1996), Gogoa zubi (1999), Mentura dugun artean (2001), Eskarmentuaren paperak (2009, Saiakera Sari Nazionala) eta Paper-festa (2012) saiakerak eta Italia, bizitza hizpide (2004) kronika liburua.
Lertxundi Itzuliz usu begiak jetzt bestellen!

Autoren/Hrsg.


Weitere Infos & Material


A

Adieren pisatzailea

Hegazkina lurra hartzera doa Varsoviako Chopin aireportuan. Berbelitz jaunak itzulpenari buruzko galderak errepasatu ditu enegarren aldiz; gero, eskuko poltsa batean gorde ditu polonierazko originala, itzulpena eta baita Moleskine beltz bat ere, nahiko betea idazlearekin komentatu nahi dituen kezkekin, zalantzekin eta beste hainbat galdera eta xehetasunekin. Hegazkinetik jaitsi, maletatxoa hartu hatuen zintatik eta dirua aldatzera joan da mostradoretxo batera. Euroaren eta zlotyaren arteko korrespondentziak begiratu ditu diru-aldaketen panel batean. Zlotya jaitsi egin da, itzultzaileak ez du diru askorik galdu nahi, eta pare bat egunetan beharko duen diru doia aldatu du. Taxia hartu du legala dela ziurtatu eta gero, eta ez aurretik tarifaz galdetu gabe. Ez zuen lanbiderik onena hautatu diruaren kezka uxatzeko, eta aspaldi ikasi zuen adi ibiltzen sosak aldatzerakoan.

«Diruarekin bezalatsu ibiltzen naiz hitzekin ere. Neurria hartzen!», pasatu zaio burutik.

Taxilaria hitz urriko gizona da, Berbelitz jaunak ez du aukera handirik poloniera entzuteko. Eta taxiak ordu erditik gora beharko du idazlearen etxe aurrera iristeko. Errepidearen ezker-eskuin, lautadak, behe-laino zerratu batek erdi itsutuak. Bigarren aldia da Berbelitzek bide bera egiten duela, bietan lagun baten etxea du ostatu. Begiak itxi ditu.

Itzultzailea da Berbelitz. Hitzen eta adieren pisatzailea. Sarri baliatzen du irudia, hitzak eta adierak prezisioko balantza batean pisatzen imajinatzen du bere burua. Horixe esaten dio entzun nahi dion guztiari. Adieren pisatzailea dela. Eta Elene izeneko lagun bati gertatua kontatzen du. Ama hil berri, Klasikoak saileko Montaigneren Entseiuak iii tomoa hartu zuen lagunak, beste askotan bezala, bertako pasarteren bat edo beste irakurtzeko. Kapituluen izenburuak errepasatzen ari zela zer irakurri erabakitzeko, Dolu egiteaz izeneko izenburu bat topatu zuen indizean. Zuzen-zuzen jo zuen bertara, begiak bertako letretan erre beharrez. Handia izan zuen dezepzioa. Original frantseseko izenburuak dio Du repentir. Damuaz ari da Montaigne, egin ez den zerbaitek edo gaizki egindakoak sortu ohi duen atsekabeaz. Dolores Picazok adiera horixe jaso zuen gaztelaniazko itzulpenean: Del arrepentimiento. Eduardo Gil Berak, ordea, Dolu egiteaz deitu zion kapitulu berari. Zein da misterioa? Originaleko repentir hitzak damua esan nahi duela euskaraz, baina baita dolua ere. Gil Berak zergatik ez zuen damu eman? Ia atzo goiza arte, dolu hitza damuaren adieran erabili izan delako nagusiki. Gaur, ordea, bigarren adiera, heriotza batek eragindako atsekabearena, gailendu da euskaraz, eta bestea, aldiz, oso bigarren mailara pasatu.

Berbelitzek horiek eta horrelakoak esan zizkion adiskide dolutuari:

Gil Berak testuaren garaiari erreparatuko zionan seguruenen –esan dio Berbelitzek– eta ez gaurko erabilerari. Bi erabakiak ditun, noski, zilegi, ez diten testua traizionatzen. Horrelako milaka erabaki hartu behar izaten ditinagu itzulpen batean. Itzultzaileon lana dun.

Berbelitzek horixe du lanbide: adierak pisatzea. Ez zaio bere profesioari deitzeko modu zehatzagorik bururatzen. Eta itzulpengintzaz ematen dituen solasaldietan, adibide bera jartzen die beti ikasleei:

Dirua itzultzeak gauza bakarra esan nahi du, stricto sensu behintzat; liburu bat itzultzeak gutxienez bi. Ez, itzuli guztiek ez dute beti adiera bera. Ezta traducir guztiek gaztelaniaz. Polonierazko tlumaczyc´ guztiak ere ez dira beti testu bat hizkuntza batetik bestera ekartzea. Agian harritu egingo zarete, baina itzuli hitzak hogeita hamar adieratik gora ditu euskaraz, ez da txantxa! Casanova ohetik ohera nola, adiera batetik bestera ibiltzen gara gu hiztegietan.

Azken apasta bota eta gero ikasleen arretari eusteko, fotokopia bana luzatzen die solasaldira joan diren ikasleei:

Ea, lagunok, itzuli testu hau gogoko duzuen hizkuntza batera eta laster konturatuko zarete zer den adieren pisatzaile izatea.

«Itzuli handi bat eman nahi izan nion ni jaio nintzen auzoari, bi urte lehenago abandonatu nuen etxera itzuli aurretik…», errezitatzen hasi da ikasleei, fotokopiak banatzen dizkien bitartean.

Ikus Adieren testa ~ Barbaroen zain.

Adieren testa

«Itzuli handi bat eman nahi izan nion ni jaio nintzen auzoari, bi urte lehenago abandonatu nuen etxera itzuli aurretik. Deabru joan nintzena aingeru itzulita nentorren. Ai, itzul ahal baneza iragan denbora, atera zitzaidan Leteren esaldia barru-barrutik. Zakarro fama dut, baina itzuli azkarrekoa naiz, eta, etxe aurrean, une hartan malko parea itzuli zitzaidan begietatik behera. Masail bustiak lehortu eta bi dobletan itzuli nuen musuzapia. Astiro igo nituen etxeko eskailerak eta itzulia eman nion giltzari. Begi-itzuli azkarrez errepasatu nuen pasillo luzea. Beste itzuli baten falta nabarmentzen zitzaion neska-lagun ohiak eta nik azken elkar-adiskidetzean eman genion pinturari. Baina gure auziaren itzulia zen gero eta aiseago pipertzen ginela, eta neskak nirea ez bezalako itzulia zuela haserrealdietan: problemei aurrez aurre begiratu ordez, itzulika ibiltzen zen, eta nahigabezko itzuli eta imintzioak egiten zituen.

»Pilatzen ari zitzaizkidan oroitzapen txarrak uxatu nahirik, pasilloaren erdian itzuli nintzen, ez nuen-eta berriro edan nahi laster itzultzen den ardo txarretik: ez, munduko itzuli eta ondasun guztiak ez dira deus patxadazko bizitza baten itzulian.

»Bat-batean, pozezko jauzi txiki bat egin eta itzuli oso bat eman nuen airean, eta esker oneko irrintzi bat itzuli nion etxera itzularazi ninduen bizi berri bat hasteko bulkadari».

Ikus Adieren pisatzailea ~ Barbaroen zain.

Aholkua

Gutxi itzuli dut, damu dut gutxi itzuli izana. Lehendabiziko itzulpena euskaratik gaztelaniara izan zen. Poesia. Juan Mari Lekuonaren hainbat poemaren itzulpenak ziren Aguilar argitaletxeko antologia baterako. Hemeretzi urte nituen. Esperientzia estimulagarria izan zen, eta, handik aurrera, urte askoren ibilian, neure gobernamendurako itzultzen nuen, ariketa gisa, luma trebatzeko, gaztelaniatik euskarara gehienetan, italieratik euskarara aldian behin, baina argitaratzeko asmorik gabe. Garai hartan gutxi itzultzen zen, eta itzulpen deigarrienak antzerkiak ziren. Gustatzen zitzaizkidan gauza batzuk euskaratzen ibili nintzen, beti prosa, horretan ikusten nuen nire burua. García Márquezen La hojarasca itzultzen aritu nintzen uda batez, ariketa gisa baino ez. Halaxe ibili nintzen Martin Ugalderen Las brujas de Sorjin euskaratu nahian ere, berak halaxe eskatuta, baina laster etsi nuen (nola euskaratu izenburua?). Cesare Paveseren La bella estaterekin ere aritu nintzen. Beti uda partean, ariketa gisa beti.

Itzulpenaren ospe eskaseko giro hartan, zertarako halako lanak hartu, ez bazen nire estiloa trebatzeko? Baina orduan ez neukan horren kontzientziarik. Aldian behin itzultzeko bulkada sentitzen nuela, hori da guztia, eta, jakina, orduan ez nintzen itzulpenak guretzat duen garrantziaz jabetzen.

Handik urte askora etorri zen, nahiko berandu, liburu oso baten nire lehendabiziko literatur itzulpen argitaratua: Apuleioren Urrezko astoa izan zen, Juan Kruz Igerabiderekin batera itzulia latinetik. Esperientzia pizgarriaren ondotik, ibili ginen esaten bi urtez behin klasiko bat itzuliko genuela latinetik, baina ametsek hegan egiten dute eta egunerokotasunak ibilera astuna du. Orain urte gutxi, Susakoek eskatu zidatenean nire gustuko poeta baten antologia itzulia Munduko Poesia Kaierak bilduman argitaratzeko, Montaleren proposamena egin nien. Hobeto uler dadin erakutsi nien ausardia: eman zidaten urtebeteko epea askitzat jo nuen nik. Laster konturatu nintzen epe guztiak direla labur horrelako lan bat burutzeko.

Kontatu dudanaren haritik, bada: idazle izan nahi duen gazte (edo ez hain gazte) batek aholkua eskatuko balit zer egin behar lukeen bere estiloa lantzeko (nekez gertatuko zait horrelakorik), bi gomendio egingo nizkioke: esango nioke izateko irakurle handia (ezinbestekoa izango du itzulpen asko irakurtzea), esango nioke itzultzeko literatura ona.

Segidan, bigarren aginduaren gainean jardungo nintzaioke, eta esango nioke itzultzeko diziplina handiarekin, baita argitaratzeko esperantzarik ez balu ere; esango nioke hartzeko itzultzeko praktika, itzulitako testuak tiradera batean gorde beharra ez dela inoiz denbora galdua; esango nioke itzultzea entrenamendu aparta dela estilo propioa trebatzeko; esango nioke ausartzeko testu sentsorialekin, ironikoekin, koloretsuekin; esango nioke idazle handi askok txandakatu dituela sorkuntza eta itzulpena.

Stendhalek kode penala imitatuz trebatu zuen estiloa. Nabokovek, bereak ez ziren hizkuntzetan idatziz findu zuen berea. Baudelairek, hiztegia behin eta berriro aztertuz. Arestik Axularren Gero osoa eskuz kopiatuz… Baina itzulpenarena da biderik ibiliena. Cortazarrek zioen idazle izatera «sartu» aurretik itzultzailea izan zela, batek ekarri zuela bestea. Ugari dira bide bera egin duten idazleak. Gurean ere bide beretik Gabriel Aresti, Joxe Austin Arrieta, Koldo Izagirre, Joseba Sarrionandia, Patxi Zubizarreta…

Idazle gazte batek aholkua eskatuko balit eta hasiko banintzaio esaten itzultzeko literatura ona, izateko adieren neurtzaile, ikasteko itzultzaileen zehaztasunetik, saiatzeko itzulpengintzaren arragoan oso eraginkorra...



Ihre Fragen, Wünsche oder Anmerkungen
Vorname*
Nachname*
Ihre E-Mail-Adresse*
Kundennr.
Ihre Nachricht*
Lediglich mit * gekennzeichnete Felder sind Pflichtfelder.
Wenn Sie die im Kontaktformular eingegebenen Daten durch Klick auf den nachfolgenden Button übersenden, erklären Sie sich damit einverstanden, dass wir Ihr Angaben für die Beantwortung Ihrer Anfrage verwenden. Selbstverständlich werden Ihre Daten vertraulich behandelt und nicht an Dritte weitergegeben. Sie können der Verwendung Ihrer Daten jederzeit widersprechen. Das Datenhandling bei Sack Fachmedien erklären wir Ihnen in unserer Datenschutzerklärung.