Ormazabal / Lazkano | Nerabeen garrasia | E-Book | www.sack.de
E-Book

E-Book, Basque, Band 75, 278 Seiten

Reihe: Saiakera

Ormazabal / Lazkano Nerabeen garrasia

Osasun mentala aldaketa garaian
Alberdania
ISBN: 978-84-9868-877-1
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 6 - ePub Watermark

Osasun mentala aldaketa garaian

E-Book, Basque, Band 75, 278 Seiten

Reihe: Saiakera

ISBN: 978-84-9868-877-1
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 6 - ePub Watermark



Zer dakigu nerabeen osasun mentalari buruz? Nondik sortzen dira gaztetxoak atsekabetzen ari diren elikadura nahasmenduak, antsietatea, depresioa, autolesioak eta jokabide suizidak? Zergatik geratzen dira hainbeste gazte beren telefonoen amildegi birtualean ordu amaigabeetan kateatuta? Zer sekretu ezkutatzen dira sare sozialen atzean? Ezinbestekoa da aztertzea sare horien benetako funtzionamendua, inpaktu kognitiboa, emozionala eta mentala, eta, era berean, harreman sano bat bilatzea nonahi dagoen teknologia horrekin. Baina haratago joan gaitezen: zer gertatzen ari zaie gure gazteei? Zergatik ugaltzen ari dira osasun mentaleko arazoak aurrekaririk gabeko mailetaraino? Merezi du elikadura-nahasmenduen, antsietatearen, depresioaren, autolesioen eta jokabide suiziden labirintoan murgiltzea, haietan inguruneak izan ditzakeen eragin kezkagarriak argitze aldera. Zerk bultzatzen ditu joera kezkagarri horiek? Zeintzuk dira buru-hausgarri honen gakoak? Eta garrantzitsuena: nola lagundu dezakegu? Liburu honek erantzun nahi die galdera horiei guztiei. Horretarako, egileek planteamendu holistiko batetik jorratu dute gaia, zorroztasun handieneko ebidentzia zientifikoa, lehen mailako profesionalen jakintza eta esperientzia, egiaztatutako tresna praktikoak eta patologia horiei aurre egin dieten pertsonen benetako testigantzak bateratuz. Planteamendua integrala eta erabat dibulgatzailea da, ulerterraza eta praktikoa, eta tresna praktiko bat eskaintzea du helburu -irakurlearen kualifikazio-maila edozein dela ere-, nerabeen osasun mentalaren mundu konplexua esploratzeko, erronkak prebenitzeko, ulertzeko eta eraginkortasunez heltzeko funtsezko informazioa eskainiz, bereziki eskola-, familia- eta gizarte-esparrutik. Azken batean, itxaropenerako itsasargi bat eskaintzen du liburuak, eta ekintzarako premiazko deia ere bai, gure gizarteari eta, bereziki, gure nerabeei erronka gogorrak planteatzen dizkien garai honetan.

Maitane Ormazabal terapeuta da, psikoterapia laburrean, ebaluazio psikologikoan eta psikodiagnostikoan aditua, baita E.M.D.R. traumetan esku-hartzean ere, Madrilgo Medikuntza Psikosomatiko eta Psikoterapiako Espainiako Elkarteak aitortua. Akreditatutako ACTP aditua, ICF-k eta ASESCO-k aitortua, hala nola coaching pertsonala eta exekutiboa, PNL-arekin, Neurozientzia eta Adimen Emozionala Excellent mailarekin eta Hazkunde eta Lidergo Emozional Pertsonal eta Exekutiboko Goi Mailako Programarekin. Halaber, Pedagogia Terapeutikoko irakaslea eta Gizarteratzeko goi-mailako teknikaria da. Gaur egun coach eta terapeuta gisa kolaboratzen du EITBn. Autoestima como vitamina liburuaren egilea da. Telmo Lazkano Gizarte Zientzietako irakaslea da Ospitale, Etxe eta Hezkuntza Arreta Terapeutikorako Gipuzkoako Lurralde Zentroan. hezitzaileentzako psikologia eta haur eta nerabeekiko psikoterapia laburrean espezializatua, Medikuntza Psikosomatikoaren eta Psikoterapiaren Espainiako Elkarteak aitortua, eta aditua da sare sozial eta pantailetan. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Euskadiko adikzioen arloko praktika onenaren saria eman zion (2022-2024).
Ormazabal / Lazkano Nerabeen garrasia jetzt bestellen!

Weitere Infos & Material


1. Begirada holistiko bat

I. Norbanakotik haratago

Inguruak pertsona ororengan du eragina. Testuinguru sozialak gaitasun handia du subjektua definitzeko. Agian uste baino handiagoa. Eta hori da, hain zuzen, ataltxo honetan elkarrekin ikusiko duguna: gure inguruaren ikuspegi ezohikoa, baina aintzat hartu beharrekoa.

Sozialki ondo ikusia ez den edo gure gustukoa ez den egoera baten aurrean, joera handia dugu zama guztia, erru guztia, erantzukizun guztia, pertsonaren gainean jartzeko. Nahi baino sarriago entzun eta egiten dugun zerbait dela esango genuke. Ea adibide hauek ezagunak zaizkizun. Ikasleak emaitza txarrak ateratzen dituenean: «Alferra da…», «Ez du ikasi nahi…», «Motza da…», «Ez du gaitasunik…». Mugikorrarekin denbora gehiegi ematen duen nerabeari: «Nola galdu dezakezu horrenbeste denbora horrekin!», «Ez ahal duzu ganorazko zerbait egin nahi?»... Helduon artean, adibidez, ezohiko gizentasuna duten pertsonen aurrean: «Nola egon daiteke horrela?», «Ez al du bere burua maite?», «Tristea da, gero, horrela egotea!», «Diziplina pixka bat ez litzaioke gaizki etorriko…», «Berak ikusiko du zer egiten duen, gero sorpresak izango ditu»... Berdin drogak kontsumitzen dituen pertsona baten inguruan: «Irtenbide errazena hartu du…», «Nola egin diezaioke hori bere gorputzari eta maite duen jendeari!», «Begira zer eragiten duten drogek, pertsonak suntsitzen dituzte…», «Lanean jarriko nuke nik hori!». Ohiko joera da subjektuarengan jartzea erantzukizun guztia.

Eta, kontuz, gauza askorekin bezala, norbanakotasunaren printzipioa errespetatu behar dugu, eta, kasu askotan, erantzukizun eta erabaki pertsonalak izango dira faktore garrantzitsu(en)ak. Ez dugu positibismo happy flower gisako batean gelditu nahi, eta norberaren erabakien ondorioak beste bati leporatu. Aurrerago landuko dugu atal hori, sakon. Bada, harritzen eta, aldi berean, larritzen gaituena da, ordea, zein garrantzi gutxi ematen zaion, orokorrean, hain garrantzitsua den testuinguru sozialari eta horrek duen arkitekturaren nortasunari, kasu askotan zenbaterainoko eragina izan dezakeen jakinda batik bat. Agian hori da gure joera ohikoen gakoa, ez garela benetan jabetzen bizi garen arkitektura sozialak gugan izan dezakeen garrantziaz eta horrek nola baldintza ditzakeen gure erabakiak eta gure nortasuna. Eta larritzen gaituen zerbait dela esan dugu, izan ere, kasu askotan, arkitektura sozial hori konpontzeak berebiziko garrantzia du pertsonaren egoera aldatzeko. Beraz, hurrengo lerroetan bestelako begirada bat eskaini nahi dizugu horren guztiaren inguruan. Eraman dezagun praktikara elkarrekin azaldu berri duguna. Ea, bada.

Galdetuko bagenizu, zerk sortzen duen heroinarekiko adikzioa, zer erantzungo zenukeen? Irakurtzen jarraitu aurretik, hartu tartetxo bat pentsatzeko. Galdera hau egiten dugun guztietan, erantzun berdina edo antzekoa jaso izan dugu. Sarrien entzun dugun erantzunak honela dio: «Galderan bertan dago erantzuna, ez? Heroina bera. Azkenean, droga baten inguruan kontrolatu ezin dugun behar fisiko bortitz bat da adikzioa, substantzia kimikoak eragina». Erantzun horrek, gogoeta bultzatze aldera, honako hau ekartzen digu, normalean, gogora bueltan: Bai eta ez. Erantzun hori hobetu daitekeela uste dugu, bidezkoagoa izateko. Ikusi dezagun, bada, nola.

Galdera oso konplexuek ez dituzte erantzun errazak izaten, oro har. Ingalaterran, eta hemen ere bai, ospitaletan, analgesikoak ez direnean nahikoak ebakuntza gogor baten osteko minak arintzeko, heroina baino askoz ere adikzio handiagoa sortzen duten drogak erabiltzen dira: fentaniloa (heroina baino 40 aldiz ahalmen handiagokoa), morfina, remifentanilo edota diamorfina, beste batzuen artean. Lehen emandako erantzunaren logika aplikatuko bagenu, paziente horiek guztiek adikzioa edukiko lukete, ezta? Ondo dakigu, ordea, hori ez dela horrela. Zergatik? Adikzioa oso gauza konplexua delako, askotariko faktoreez osatua. Hitz gutxitan: funtsezkoak dira erabileraren zergatia eta modua. Naturalki lortu ezin den plazera sortzeko nahiko maiz erabiltzen bada, orduan, produktu hori adiktiboa bihur liteke (medikuntzan mina kentzeko erabiltzen da, ez plazera sortzeko, eta bizpahiru egunez erabiltzen da, gehienez, dosia oso ondo kontrolaturik normalean; horrexegatik ez da normalean adikzio kasurik gertatzen). Beraz, dagoeneko ikusi dugu hasierako erantzun hura apur bat motz geratzen dela. Bada, hori jakinik, egin behar dugun hurrengo galdera, agian, honako hau da: Zerk bultzatzen du pertsona bat naturalki lortu ezin duen plazer bat sarritan bilatzera?

Aspaldiko kontua dugu hau. Jaso ohi dugun erantzunaren jatorria ulertzeko, XX. mendera itzuli behar dugu, zehazki Estatu Batuetan argitaratu ziren zenbait ikerketetara. Honela zioten haiek: kontsumitzen den produktuaren konposizio kimikoa da adikzioaren kausa. Ikerketa horiek esperimentu hau dute batik bat oinarri: kaiola batean sagu bat sartu zuten, bakar-bakarrik. Kaiola horretan saguak bi ur ontzitatik edan zezakeen: batean, ur arrunta zegoen, eta bestean, ura heroinarekin nahastuta. Ikerketa guztietan, heroinarekin nahastutako ura hautatzen zuen saguak. Eta hori besterik ez zuen kontsumitzen, gaindosi batek jota hiltzen zen arte (9/10). Hortik atera zuten aipatu dugun ondorioa, eta luze eta zabal zabaldu zen oraindik ere ikusgai dagoen propagandaren bidez (Parthership for a drug-free America).

Baina lehen aipatu bezala, gauza konplexuek ez dute erantzun sinplerik izaten. Bruce K. Alexander goren mailako psikologoak eta haren taldeak hori pentsatu ote zuten galdetzen diogu maiz geure buruari, orain komentatu berri dugun guztia hankaz gora jarri zuen teoria topatu aurretik. Izan ere, Simon Fraser Columbia Britanicako Unibertsitatean lan egiten zuten kanadiar aditu horiek erabat aldatu zuten ordura arteko ikuspegia, eta gaur egun psikologian dugun ikuspegiaren oinarriak ezarri zituzten, ikerketa ospetsu baten bitartez. Laburrean, Alexander doktoreak, bere bizitokitik gertu zituen drogazaleei buruz gogoeta bat egin ondoren, konturatu zen hainbat ezaugarri zituztela amankomunean: isolaturik zeuden, konexiorik gabe, gizartetik at, bizitzeko arrazoirik gabe, beraien beharrizan psikologiko eta emozionalak asebetetzeko aukerarik gabe. Eta, bat-batean, burura etorri zitzaien: Zaude pixka batean… Sagu hura ez al zegoen egoera berean? Kaiolan, bakarrik, bi ur mota baino ez zituela? Ez zuen beste zer egin, droga kontsumitzea baino? Bere ongizatea eta behar psikoemozionalak asebetetzeko irtenbiderik gabe? Egon apur batez… Zer gertatuko litzateke esperimentua beste modu batera planteatuz gero?

Ez zuen denbora galdu. Bere lantaldea elkartu, eta inflexio-puntu handi bat eragin zuten ikerketa sorta eta esperimentuak jarri zituzten martxan. Laburbilduz: saguentzat «paradisu» moduko bat izan zitekeen kaiola handi bat muntatu zuten (rat-park deitua). Bertan, beste gauza batzuen artean, saguentzako janaririk onena zegoen, kirola egiteko jostailuak, eta baita sagu mordoxka bat ere. Harremanak izateko erraztasuna, sexua izatekoa eta sagu batek izan ditzakeen bestelako beharrizan guztiak asebeteta zituztela bermatu zuten. Noski, ur arrunta eta heroinaz nahastutako ura ere bazegoen kaiola hartan. Orain, zuretzako galdera: Zure ustez, zer gertatu zen?

Bada, esan bezala, adikzioaren inguruan zegoen ikuspegia hankaz gora jarri zuen erantzuna sortu zen. Kaiola horretan zegoen sagu bakar batek ere ez zuen kontsumo konpultsiborik izan heroinarekin nahastutako urarekin, eta ez zen sagu bat bera ere gaindosiaz hil. Are gehiago, kaiola bakartietan zeuden eta adikzioa zuten saguak hartu eta «paradisu» horretan sartu zituzten. Ondorioa? Heroinarekin nahastutako ura konpultsiboki kontsumitzeari utzi zioten, eta, besteak bezala, noizbehinka kontsumitzeari ekin zioten. Zehazki, % 75 murriztu zuten kontsumoa.

Ikerketa hark, eta ondoren etorri zirenek, argi utzi zuten adikzioa ez zela soilik substantzia kimiko baten eraginaren ondorioa. Gure inguruak, isolamenduak, esperantzarik ez izateak, bizitzari ematen diogun balioak, harreman aberasgarririk eza, gure bizitzen kontrola galtzea… berebiziko rola dute honetan. Horregatik, agian, adikzioren bat dutenekin erabili ohi den «garbi egon» esapidea erabili ordez, aproposagoa litzateke «konektatuta egon» esapidea. Konexio hori, ordea, bi zentzutan ulertu behar dugu: batetik, gure inguruarekin konektatuta egotea, hau da, ditugun harremanen esanahia eta balioa funtsezkoa da gure beharrizanak asebetetzeko. Zentzu horretan, Tim Kasser psikiatra ospetsuak honela zioen: ez dira gauza bera bakarrik egotea eta bakardadea. Bakardadea ez da neurtzen egunero zenbat pertsonarekin jarduten dugun kontuan hartuta, baizik eta harreman horien esanahi eta balioaren bidez. Eta halaxe da, izan ere, ez dago jendez inguratuta gaudenean sentitzen dugun bakardadea baino okerragorik. Eta, bestetik, gure gizartearen arkitekturak berak duen lotura izaerarekin eta helburuarekin: zer duen benetan ardatz, zer bilatzen duen eta hori lortzeko eraikitako estrukturak, hau da, bizi garen tokiaren nortasuna funtsezkoa izango da bertan bizi diren norbanakoentzat. Azken puntu hori apur bat aurrerago landuko dugu.

Hitz gutxitan, gure beharrizan psikoemozionalak asebeteta izateari edo ez izateari dagokionez, garrantzi handia du guk geuk ditugun harremanen kalitateak zein bizi garen arkitektura sozialaren nortasunaren arabera eraikitako harremanak. Baina, kontuz, horrek ez du esan nahi, hori guztia primeran egonda ere, adikziotik salbu gaudenik; drogen erabilerak beti jarriko gaitu arriskuan (osasunean…), eta heroinaren urte lazgarriak horren adibide garbiak dira, mota guztietako milaka eta milaka pertsonen bizitzarekin amaitu zuen-eta. Baina, bai, subjektuak guk uste baino lotura handiagoa du harremanekin zein inguruaren...



Ihre Fragen, Wünsche oder Anmerkungen
Vorname*
Nachname*
Ihre E-Mail-Adresse*
Kundennr.
Ihre Nachricht*
Lediglich mit * gekennzeichnete Felder sind Pflichtfelder.
Wenn Sie die im Kontaktformular eingegebenen Daten durch Klick auf den nachfolgenden Button übersenden, erklären Sie sich damit einverstanden, dass wir Ihr Angaben für die Beantwortung Ihrer Anfrage verwenden. Selbstverständlich werden Ihre Daten vertraulich behandelt und nicht an Dritte weitergegeben. Sie können der Verwendung Ihrer Daten jederzeit widersprechen. Das Datenhandling bei Sack Fachmedien erklären wir Ihnen in unserer Datenschutzerklärung.