E-Book, Basque, Band 81, 449 Seiten
Reihe: Saiakera
Reparaz Amerikaren arrakalak
1. Auflage 2024
ISBN: 978-84-9868-905-1
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 6 - ePub Watermark
E-Book, Basque, Band 81, 449 Seiten
Reihe: Saiakera
ISBN: 978-84-9868-905-1
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 6 - ePub Watermark
MIKEL REPARAZ (Arbizu, Nafarroa, 1975) nazioarteko informazioan aditu eta aritutako kazetaria da. Unibertsitateko ikasle zelarik Balkanetako gerraren ondorioak bertatik bertara ezagutu zituen, eta ordutik bidaiatzen, ikasten eta informatzen eman du ibilbide profesionala. Lehen pausoak Euskaldunon Egunkarian, Iruñeko Euskalerria Irratian eta Nafarroako Diario de Noticiasen eman zituen, baina EITB izan da urte luzez bere lantokia. Bruselan eta New Yorken korrespontsal lanak egin ditu euskal irrati eta telebista publikoarentzat, eta etengabe aritu da munduan zehar era guztietako gertakizun, krisi eta gatazkez informatzen. Estatu Batuetan bost urtez bizi izan da, eta denbora horretan berrogeita hamar estatuetan barneratu da, Floridako heriotza-korridorearen iluntasunetik Alaskako ilunabarrik gabeko egun amaigabeetaraino.
Autoren/Hrsg.
Weitere Infos & Material
[AROA]
Ez ziren garai onenak, ezta txarrenak ere. Ez bata ez bestea. Ez jakituriaren aroa, ezta ergelkeriarena ere. Bazen argia, baita iluntasuna ere. Ez zen itxaropenaren udaberria, ez etsipenaren negua. Horrelakoak izan ohi dira ekaitz-sasoiak, ustez. Ez zuriak, ez beltzak: izatekotan, grisak eta nahasiak. Haize bortitzak zuhaitzak kraskatzen ditu errepide gainean, ibilgailuak intxaur oskolak balira bezala eramaten ditu uholdeak haurrak barrez lehertzen diren bitartean, belusezko kuxinekin jolasean, etxearen epelean. Turbulentziak, orokorrean, ulergaitzak izaten dira. Gero ohitu egiten gara eta «normaltasun berria» gauzatzen da gure inguruan. Orduan, behingoz nahaspila jalki eta itxuraz ordena itzultzen denean, ulertzen hasten gara. Hala iruditzen zaigu behinik behin. Ekaitzak berriz jotzen duen arte.
Hirugarren milurtekoaren lehen mendearen laurdena betetzear, urte gutxitan ekaitzak bata bestearen atzetik etorri zaizkigu. Mundu osoan milioika hildako utzi dituen izurritearen atzetik gerra lehertu da Europan. Ukrainarren ihesaldiak Bigarren Mundu Gerra ekarri digu gogora, eta gero Israelgo armadak Gazan egindako sarraski gupidagabeak berretsi du irudi hori Rafahko ghettoan, triskantzak Libanora zabaldu aurretik. Pandemiak eta gerrak inflazio krisia piztu dute planeta osoan eta Afrikako Ekialdera gosea itzuli da. Klimaren aldaketa azkarrak eta zibilizazioaren eraldaketa ez hain azkarrak areagotutako lehorteetatik ihesi doaz asko iparralderantz, milaka batzuk Mediterraneoak irentsi baino lehen. Eta behartsuen inbasioaren aurka altxatutako lider nazionalistek parlamentuetako eserlekuak konkistatu dituzte Europa zabalean, behinola ozeanoaren beste aldean Trump enperadoreak erabilitako hitzak lau haizeetara oihukatuz.
Harresiak eraiki, mugak itxi.
Donald Trumpek immigrazioaren aurkako arao horri esker irabazi zituen 2016ko eta 2024ko hauteskundeak, 2020koak galdu zituen bezalaxe. Ordurako, baina, etorkinek eta esklaboek eraikitako herrialdearen zimenduak erabat pitzatuta zeuden. Joe Bidenen garaipenaren aurrean suminduta, Trumpek zilegitasuna ukatu zion presidente berriari, eta botere-erreleboa gauzatu behar zen egunean jarraitzaileak Washingtonera deitu zituen «salba dezagun Amerika» izendatu zuen martxara. Presidentearen hitzaldia amaitzerakoan —«Borroka zaitezte! Ez bagara borrokatzen gure herrialdea galduko dugu betiko!»—, milaka trumpzale Kapitoliorantz abiatu zen. Bertan, Kongresuko bi ganberek estatuz estatu hauteskundeen emaitzak egiaztatu eta demokraten garaipena ofizialtzeari ekin zioten. Saio hartan parte hartzen ari ziren kongresukide eta senatari errepublikanoak, Trumpen presidenteorde Mike Pence barne, traidoretzat jo zituzten matxinatuek, eta azken hori urkatzeko oihuak ere entzun ziren jendetza Kapitolioan indarrez sartu bitartean. Eskuin muturreko Proud Boys taldea eta Oath Keepers milizia armatua altxatu ziren egun hartan sistemaren aurka. Gerra Zibilaz geroztik lehen aldiz bandera konfederatua zabaldu zuten Washingtoneko Kapitolio barruan.
Noizbait inperio estatubatuarraren gainbeheraren kroniketan ezinbestean agertuko den irudia da Kapitolioko oldarraldiarena. Jendetza haserretuak munduko lehen demokrazia modernoaren oskola zulatu zueneko hura. Sei hildako utzi zituen matxinada saiakerak, baina hurrengo egunean Biden garaile izendatu zuen Kongresuak. Egun gutxitan karguaren zina egin zuen han bertan. Trump presidente ohia Etxe Zuritik atera zuen helikopteroa geure buruen gainetik pasatzen ikusi genuenean hasperena atera zitzaigun —Washingtoneko zeruari begira geratu ginen tarte batez, mesfidati, helizeen burrunba urrundu eta isiltasuna itzuli zen arte—, baina ordurako Estatu Batuen ahuldadea inoiz ez bezala geratu zen agerian.
Lau urte joan dira eta Trump ernatua Etxe Zurira itzuli da, Bidenen agintaldia hibernazio egoeran eman ondoren, Trump ernatua indarrez itzuli da. Balak belarria ukitu baino ez omen dio egin, mirakuluz, burua apur bat makurtu duelako nonbait frankotiratzaileak tiro egin aurreko azken instantean. Jainkoaren eskua Butler, Pennsylvanian. Nahasmenaren erdian, Trumpen kanpaina ekitaldira joandako gizon-emakumeen beldur oihuen artean altxatu da buruzagia, ukabila goian, hitz bakarra ahoan: «Borrokatu!»
Borroka eta indarkeria hori guztia Estatu Batuen historiaren muinean egon da hasieratik. Lintxamenduak, tiroketak, atentatuak, poliziaren esku hildako gazte beltzak, milizia armatuak, sare sozialetan etengabe zabaltzen diren konspirazioaren teoria arrazistak. Joe Biden agureak 2024ko lasterketa utzi eta bere lekukoa Kamala Harris presidenteordeak hartu duenean, Barack Obama agertu da haren alboan oholtza gainean, buruzuri, garai bateko «» kantu zaharkitua ahotan. Historiako lehen presidente beltzaren oroitzapena lausoa da honezkero. «Konturatu gabe atzean utzi eta daukagu aurrez aurre», esaten genuen txantxetan trantsizio traumatiko hura bizi izan genuen kazetariok geure artean. Bost urtez bizi izan nintzen Estatu Batuetan, eta Europara itzultzean jokaldiaren errepikapena ikusi dut gurean. 2024ko Europako Parlamenturako hauteskundeetan eskuin muturra MAGA () mugimenduaren formula magikoa aplikatzen saiatu da. Immigrazioa da etsaia, eta Europako nazio zaharren identitatea zaindu beharreko altxorra. Normandiatik Budapestera, langile-klasearen egonezinarekin bat egiten dutela diote: ulertzen dute globalizazioaren amildegian behera doan langileriaren itoaldia, zuzentasun politiko liberalak murtxikatua eta elite ekonomiko eta intelektualek higuinez okatua.
Mendebaldeko demokrazia liberalak gogor astindu dituen ekaitza poliki-poliki eratu zen Estatu Batuetan, giza-arazoen meteorologoek eta edozertan aditu diren komunikatzaileek arrastorik susmatu ez bazuten ere. Estatu Batuetako gizartea aspaldi zegoen zatitua, Trump boterera iritsi baino askoz lehenago. 2004an George W. Bush presidentearen berrautaketa bertatik bertara jarraitu nuenean hasi nintzen lehen pitzadurak igartzen. Arrakala horiek erabat zabalik zeuden lau urte beranduago, Chicagoko Grant parkean nire inguruan bozkarioa lehertu zenean, hego-haize epeleko gau hartan. Orduan bai, «historiko» adjektiboa esanguraz bete zen kazetariok maiz erabiltzen ditugun klixeez haratago. «Arraza-hesiak erori dira behingoz», aldarrikatu zuen egunkariaren lehen edizioak. Urteak joan dira eta zalantza gutxi dago: Estatu Batuetako lehen presidente beltzaren hautaketa gutxiengoen eskubide zibilen konkistaren amaieratik urrun egon zen. Utopia hura ilusio bat baino ez zen izan geure begietan. Egiazki, Obamaren presidentetzak populazio estatubatuarraren zati handi baten erreakzioa piztu zuen. Gehiengo zuri kontserbadoreak bere burua alienatua ikusi zuen neurri batean, presidente beltzaren sinadura zeramaten politikek baztertua —«gobernutik inposatutako» osasunaren erreforma da horren adibide paradigmatikoa—. Lubakiak sakonagoak ziren orain; zatiketa, nabarmenagoa; sumina, bistakoa. Ekaitz perfektua eratzen hasi zen.
«Trump efektuak» Mendebalde osoa kutsatu du harrezkero. Gobernuetatik edo oposizioko eserlekuetatik, eskuin muturrak eta bere diskurtso xenofoboak Europako politikak baldintzatzen dituzte eta demokrazia liberalen printzipioak kolokan daude Atlantikoaren bi aldeetan. Liberalismo mendebaldarra ideologia zaharkitua dela dio Vladimir Putinek, multikulturalismoa bezalako ideiak dagoeneko ez direlako «jasangarriak». Bruselan, Ursula von der Leyen Batzordeko presidenteak Italian faxismoaren oinordeko den Giorgia Meloniren alderdiak martxan jarri dituen immigrazio-politikak hartu ditu eredu. Danimarkako sozialdemokratek edo Britania Handiko gobernu laboristak ere bat egin dute korronte horrekin —«ez zaio beldurrik izan behar irtenbide berriak bilatzeari», esan du Keir Starmer lehen ministroak Erroman, Meloni alboan duela—. Europako agintariak etorkinak kanporatzeko formulen bila ari diren bitartean, Europar Batasunak aldarrikatzen dituen askatasun eta eskubideak urratzen doaz pixkanaka.
Testuinguru horretan, 2020ko hamarkada zoroa aurrera doan heinean ziurgabetasuna nagusitzen ari da gure inguruan. Mende hasierako hura betiko joan dela ohartu gara etsipenez. Bi dorreen errautsetatik berpiztutako urte zoriontsuak azkar igaro ziren eta ez dira inoiz itzuliko. Oparotasunaren burbuila lehertzearekin batera mehatxuz eta beldurrez betetako garaiak etorri ziren. Izuak desberdinekiko mesfidantza dakar ezinbestean, eta ondorioz estremismoa eta gorrotoa. Norberaren onerako...




