Liebe Besucherinnen und Besucher,
aufgrund unseres Sommerfestes sind wir am 03. September 2026 bis 14 Uhr erreichbar. Am 04. September 2026 sind wir wieder wie gewohnt für Sie da. Vielen Dank für Ihr Verständnis.
Ihr Team von Sack Fachmedien
E-Book, Basque, 208 Seiten
Salaburu Euskararen etxea
1. Auflage 2002
ISBN: 978-84-9868-126-0
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 6 - ePub Watermark
E-Book, Basque, 208 Seiten
ISBN: 978-84-9868-126-0
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 6 - ePub Watermark
Ez da dudarik euskarak aurrera egin duela azkeneko hamarkada hauetan. Eta aurrera egin du, batez ere, belaunaldi oso batek bere indar guztiak isuri dituelako ahalegin horretan. Baina aurrera egite horrek kostu handiak izan ditu hizkuntzarentzat: gero eta euskara kaxkarragoa entzuten da. Garai hartan pentsatzen ez ziren ondorioak izan ditu etxe barnean ere: gure harremanetan, administrazioko langileetan, ikasleen artean, gizartean, sinboloek orakatzen dute anitzetan lortu nahi dena. Gainera, garai hartako militantismoa galdu da, gaurko gazteek beste modu batera ikusten dute hizkuntzaren kontua, eta horrek eragin handia izan dezake euskararen garapenean hurrengo urteetan. Ez dakigu honen eragina norainokoa izan daitekeen. Bestetik, euskaldun euskaltzaleak aparteko mundu bat osatzen dugu, atzerritarrak gara gure gizarte ofizialean. Hobeki honetaz guztiaz etxe barruan mintzatzen hastea. Eta honetaz guztiaz dihardu Pello Salaburuk gutun moduko liburu honetan. Gazte bati egiten dio gutuna, baina gutun irekia da: gazteek ez ezik autorearen adin direnek ere inoren posta sekretua urratzeko lotsarik gabe irakurtzeko egina da, ekialdeko euskalkietatik euskara batura hurbiltzeko hitz lau eredugarria dakarrelarik, ez teorian praktikan baizik.
Autoren/Hrsg.
Weitere Infos & Material
Bitartean ibillico dira becatutic becatura amilduaz; oraiñ pensamentu batean, gueroseago itz loyak gozotoro aditzean: oraiñ escuca, edo queñada batean, guero musu edo laztanetan: oraiñ ipui ciquiñac contatzen, guero dantzan, edo dantza ondoan alberdanian.
J.B. Agirre
© 2002, Pello Salaburu
© Azala eta diseinua: 2002, Antton Olariaga
© Argitaraldi honena: 2009, ALBERDANIA, S.L.
Istillaga, 2, behea C. 20304 Irun
Tf.: 943 63 28 14 Fax: 943 63 80 55
alberdania@ctv.es
Comunicación Interactiva Adimedia, S.L.-ek digitalizatua
www.adimedia.net
Paperezko edizioaren ISBN zenbakia: 84-95589-53-2
Edizio digitalaren ISBN zenbakia: 978-84-9868-126-0
Mobipocket Edizio digitalaren ISBN zenbakia: 978-84-9868-125-3
Legezko Gordailua: S.S. 1301/2002
EUSKARAREN ETXEA
Carmen, Peru eta Iñigori
Nori berea
Ohar anitz egin dizkidate, idatzitakoaren alde nahiz kontra , Jose Luis Lizundia, Juan Ignacio Perez eta Anjel Lertxundi adiskideek. Ibon Sarasolagandik beti ikasi izan dut asko euskararen inguruan, eta orain ere gauza bera gertatu zait. Inazio Mujika Iraolak animatu ninduen aspaldi zirriborratua nuen hura letra gehiagotan jartzera eta gero hitzez hitz eta lerroz lerro irakurri du testua, eta erne baino erneago egin dizkit hainbeste iradokizun. Denei eskerrak, bihotzez, nahiz ez den esan behar hemen agertzen ditudan iritziak nireak, eta nireak bakarrik, direla.
EUSKARAREN ETXEA
Nork: psalaburu@lg.ehu.es
Nori: gazte@haritz.gka.eus
Gaia: Euskararen etxea
Testua:
Adiskide,
Orain dela aste bat inguru ikusi zintudan Estafeta kaleko taberna batean lagun batzuekin (pentsatzen dut zure adiskideak izango zirela) biziki eztabaidan ari zinetela euskararen inguruan. Zuei entzuten ari nintzela, zenbait gauza etorri zitzaizkidan gogora eta, besterik gabe, idazten hasi nintzen gai horren gainean gau hartan berean. Honekin batera igortzen dizut atzo arratsaldean akitu nuen lantxo hau, dokumentu gisa atxikia, zure interesekoa izan daitekeelakoan . Zerbait bururatzen baldin bazaizu, esadazu, mesedez, argitaratu aitzinetik zure iritzia zein den jakin nahiko bainuke. Ikusiko duzu anitzetan web orrialdeen informazioa ematen dizudala. Horiek guztiak ikusi ditut, eta lana idatzi izan dudan aste horretan ongi zebiltzan. Badakizu, hala ere, bista bezala joaten direla, eta etorri, egunero eta orduoro milaka orrialde gure ordenagailuetatik. Manugaixtokoa izatera ailegatu gabe, lan hau politikoki ez-zuzena da, beldur naiz. { }
Pello Salaburu
Hasiera
Arratsalde goibel eta ilun honetan otu zait lerro hauek idazten hastea, leihoak ematen didan zeharkako argiaz baliaturik, kontatu nahi baitizut zuri, gazte horri, nola pasatu garen, urte batzuen buruan bakarrik eta ia-ia ohartu gabe, baserrietako arto landa zaharretatik hirietako arlo landu berrietara. Zeharka eta saiheska egin dugu bidea, leihoko argiak ere itzala zeharka eta saihetsean uzten duen bezala. Ez dakit istorio malenkoniatsu honek historia erraza duen, gauzak aldez aurretik pentsatu bezala gertatzen ez direnean, eta zergatik gertatu den gertatutakoa azaltzen hasten garenean, argudioak bata bestearen gainean muturka hasten direlako, elkarren traban eta elkarren etsai, askatzeko zaila den korapiloa eginez. Ez, beldur naiz ez ote genuen gogoan beste zerbait orduan, honekin guztiarekin hasi ginenean. Eta zuri kontatu nahi dizut esperientzia hau, edo esperientzia honen zatitxo bat behinik behin edo, hobeki esanda, esperientzia honek nire baitan utzi duen aztarna gazi-geza, hori kontatu nahi dizut, urteak pasatu ondoren zu zarelako aldi berean ahalegin haien ondorio, zugan jarri genuelako anitzek itxaropen osoa, eta zu izan zarelako ahalegin haien arrakasta edo porrotaren erantzule. Neurri batean, nahi baduzu, baina neurri horretan bederen.
Baina kontatzen hasten naizela, burura etorri zait lehenbiziko zalantza, ez baitakit ongi zer hizkuntza mota erabili eta gauzak, berez ilun diren gauzak, argi ikusi nahi ditudalako hasiera-hasieratik: forma kontua baldin bada ere, ez dakit hika edo zuka egin behar dudan, gazte bati hika egitea eskatzen baitu hizkuntzak, edo guri bederen hala eskatzen zigun lehenago, baina hika hasiz gero ere ez dakit nik ez ote litzatekeen testu hau pixka bat ulergaitz gertatuko. Egia esan dezadan, niri ere zailago egingo litzaidake adizki guztiak ongi harrapatzea eta behar den maneran erabiltzea, lagun arteko hizkera mota honek bere zailtasunak erakusten baititu behin paper baten gainean zerbait apailatu nahi duzunean. Gainera, horrela hasiko banintz, eta hika erabiltzea erabakiko banu, aukera egin beharko nuke ondoren toka eta nokaren artean, eta ez da kontua inor ere mintzea hemen, neska bati hizkera mota honek eskatzen duen gisa egin behar baitzaio, hala nola mutil bati ere. Hortaz, bada, zukako forma hartuz gero, nire lehenbiziko zalantza konpondua gelditzen zait. Baditut zalantza gehiago ere, denak hizkeraren ingurukoak, baina ez ditut orain hemen aipatuko. Ordea, beste zerbait gaineratu nahi nuke: batzuetan, gazte, aipatzen ditudan goiti-beheiti hauetan behin edo behin usteketan edo ezjakintasunez itzuli zaidan gurasokeriaren bat ikusten baldin baduzu, espero ez zenuen doinuan edo gogoko izango ez zenituzkeen hitzetan —egia esan, hori gure adinekoei erraz gertatzen ahal zaigunez gaztigatzen dizut aitzinetik—, ez egin kasurik, eta ez norabaiteratu, ez du merezi eta, arrisku hori beti dago gainean. Gutun luze hau zuri egin dizut, baina aldi berean tartekotzat ere hartzen zaitut, zu eta zure adiskideek ez ezik, bizkarrean zuk baino urte batzuk gehiago dituztenek ere ongi ulertuko baitute, eta zuzen aditu, hemen diodan gehiena, zeren euskararen etxeko istorio hauek denen sorbaldak, gazteenak nola zaharrenak, markaturik utzi baitituzte, zein bere eran.
Gazte ginenean, zure adinak, Benito Lertxundi kantariak[1] sentimentalak ginela esaten zigun, gazte sentimentalak, hori zioen, hamazazpi urteko gazte sentimentalak. Egia behar zuen izan zeren garai bertsuan Moustaki[2] izeneko kantari egiptoar batek ere —ez dut uste Lertxundi eta biak apropos eta nahita bat eginak ziren gai honetan— kantatzen baitzion, frantsesez honek, bere ahots marrantatuarekin, hamazazpi urteko neska eder bati: 17 ans, une femme, une enfant qui ne sait rien encore et découvre son corps que le soleil enivre et que la nuit délivre. Urte haietan, Bob Dylan[3] delako bati oholtzatik ahalik eta lasterren ateratzeko agindua eman zioten gitarra elektriko batekin ausartu zenean hegaz airean kantatu nahirik. Nola aldatu diren denborak. Jagger[4] ere orduan, dudarik ez, gazteagoa zen, ez zuen bilobarik eta orain baino jauzi handiagoak egiteko gai zen, guk geuk ikusi ahal izan genuenez. Egun haren gaua[5]!
Orain ez gara hain gazte. Eta zuri begiratzen dizudanean, oroitzen naiz noizbait zure urteak izan nituela nik ere, eta zuri orain gertatzen zaizun gisa, nik ere orduan nire adinekoei zuk orain niri begiratzen didazun gisa behatzen niela: nola da posible adinez hain goratua izatea? Egunen batean zuri ere hala begiratuko dizute, denboraren joan eta etorriak gupida gabe egiten baitu bere lana, Otxandioko kanpo santuko sarreran dagoen, edo zegoen (ez naiz aspaldi pasatu handik), idazkiak ongi aski oroitaraziko dizun bezala.
Zuri idatzirik ere, ez dakit irakurriko dituzun lerro hauek. Zeren uste baitut, nahiz agian ez naizen batere zuzen, ez duzula guk gure garaian irakurtzen genuen adina irakurtzen. Zuk, guk zure denboretan ez bezala, eskura baitituzu ordenagailuak eta sakelako telefonoak: beharbada hor idazten dituzu amaitu gabeko mezu kriptiko horiek, edo besterenak hartu, eta ezagutzen ez duzun norbaitekin bero-bero eginik elkarrizketa idatzi hotzean ibiltzen zara, izena mozorrotu ondoren, zu ere Euskal Herriko arratsalde goibeletan. Edo, nork daki, irakurle amorratua izan zaitezke, garai guztietan baitira liburuetara emanak eta liburuetatik iheska dabiltzanak. Azken batean, Moustakik hola akitzen zuen bere kantua, bere bizarreko ile zuri guztiak zuri begira: 17 ans, j’étais adolescent et je le suis encore en découvrant ton corps comme une fruit éclaté, comme un cri révolté. 17 ans, déjà, 17 ans, tu n’as que 17 ans, mon amour, mon enfant. Denak izanak gara, bistan da, gazte.
Zure ikasketetan euskara erabili behar izan duzu, edo gutxienez ikasi. Agian etxean ere egin izan dizute euskaraz, edo ez, beharbada. Ikastolan ikasi behar izan baduzu (sobran dut “behar” hori?) lagunen bat izango duzu, seguru, edo adiskideren bat, euskara etxetik dakarrena. Zure kezkak ez dira, beharbada, euskararen ingurukoak. Baina zenbat aldiz ez duzu entzun zure inguruan, bada, euskara bultzatu behar dela, ikasi, gure nortasunaren ezaugarria dela, eta abar? Eta zenbat aldiz entzun duzu euskara gaur egun ongi dagoela, edo kontrakoa, arras gaizki eta baztertua? Zenbat aldiz entzun dituzu halako iruzkin kezkatuak hizkuntza honi buruz? Euskararen inguruan gauza asko esaten da, eta horietako anitz gehiegikeria hutsak dira, errealitatetik urrun direnak. Nik ere hemen esango ditudanetako batzuk, beharbada, zugandik urrun daudela pentsatuko duzu, baina ez dut uste, hala ere, gure herri zigortu honetan gertatzen denetik urrunegi dauden.
Segur aski ere, zuk ez dakizu nola hasi ginen honekin, baina esan nahi dizut, nire adin direnak ongi aski oroitzen diren gisa, garai hartan, egun ez bezala beharbada, kezka handia genuela guk euskararekin. Garai ilunak ziren haiek gero! Orduan bai...




