E-Book, Basque, 240 Seiten
Zabala Harkaitzaren magalean
1. Auflage 2010
ISBN: 978-84-9868-257-1
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 6 - ePub Watermark
E-Book, Basque, 240 Seiten
ISBN: 978-84-9868-257-1
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 6 - ePub Watermark
Naturak bere hizkuntza propioa du, bere poetika. Pello Zabalaren asmoa da izadiaren gramatikan sartzea, behatzearen poderioz, harekin bat egitearen amorez, ulertzen saiatzea. Oharpen horiek egunen gurpilean idatziz osatua da liburua. 2006ko urrian hasi eta 2008ko martxoan buka egin zuen lehen liburua. Honako hau du bigarrena, aurrekoa utzi zuen lekuan hasia. Liburuak egunerokoaren forma hartu du. Izadian gertatzen ari dena apuntatuz doa Zabala, eta horrek barruan sortzen diona hausnartuz idatzi ditu eguneroko piezak. Batzuetan, oroitzapenak ekarriko ditu gogora -amama Sebastiana edo Arantzazun fraide sartu zen mutiko elebakar hura-; besteetan, saien dantza edo katu baten ibilera deskribatuta, plazer estetikoa gozaraziko digu; inoiz, gai sozialen bat aipatuta, zer pentsa utziko gaitu... Eta dena, Pello Zabalari berezkoa zaion prosa poetikoarekin.
Autoren/Hrsg.
Weitere Infos & Material
HARKAITZAREN MAGALEAN
Bitartean ibillico dira becatutic becatura amilduaz; oraiñ pensamentu batean, gueroseago itz loyak gozotoro aditzean: oraiñ escuca, edo queñada batean, guero musu edo laztanetan: oraiñ ipui ciquiñac contatzen,
guero dantzan, edo dantza ondoan
alberdanian.
J.B. Agirre
© 2010, Pello Zabala
© Azal eta diseinuarena: 2010, Antton Olariaga
© Argitaraldi honena: 2010, ALBERDANIA,SL
Plaza Istillaga, 2, bajo C. 20304 IRUN
Tf.: 943 63 28 14 Fax: 943 63 80 55
alberdania@alberdania.net
Comunicación Interactiva Adimedia, S.L.-ek digitalizatua
Paperezko edizioaren ISBN zenbakia: 978-84-9868-244-1
Edizio digitalaren ISBN zenbakia: 978-84-9868-257-1
Legezko Gordailua: S.S. 1629/10
Pello Zabala
HARKAITZAREN MAGALEAN
2008-2009
A L B E R D A N I A
S A I A K E R A
Markox Koipe
Markox Koipe deitzen zioten. Hura bai famosoa! Beti ehizan pentsatzen, ehizarekin ametsetan. “Basurdeak ikusi zituela hegoaldeko mendi-muinoetan”… Hara joaten ziren herriko batzuk eta auzokoak. Eta, bien bitartean, bera iparraldeko mendiotara. Batzuetan, berak bentaja… besteetan, hegoaldera bidali zituen lagunak. Uxarrean ere ikasi zuen: ez berak, noski. Baina, egin zuen halako tramankulu berexi bat, erdi eskuaretxiki, erdi aitzurtxo… “berak asmatua”, harro zioen gisara, eta asmatu zuena (hau bai, benetan asmatu) eguraldi lainotsua eta ilun-berdotsa zebilenean, bere tramankuluaz baso-muturren bat uxartzera isil-gordean joatea. Eta, ondoren, gezurra bota, purraka: “basurdearen uxarrastoak ikusi omen ditiztek, ointxe gutxi eginak…”. Eta, hala, auzotarrak harantz joko zuten bitartean, Markox Koipe, bestaldera, “koipe bila”…
Ez dakit nondik nora, baina Markox Koiperenak egin dit pitz akorduan, atzo eta gaur berripaperetan ikusi eta irakurtzen dugun AHTri buruzko berri ustel horiekin denekin. Nola nahas daiteke horrenbeste eta horren trakeski jendea? Nola gorde lekioke hain doilorki informazioa bere terrenoa zapaldu, zeharkatu, zimurtu, ziztrindu, zokondu, zoldu, zulatu eta zupatu behar diotenari? Zenbat Markox Koipe ondotxo koipetua dabilen gezur-orea purra-purra zabaltzen… Sikiera, tren zekenak abiadura larrienaz behingoz gezur tona guztiak eramango balitu gure artetik auskalo noraino!
2008-04-03
Nire kontra ez, zuen kontra doaz
Irratiko esatari nahiz telebistetako, zuentzat da eskaria: utzi gero aparte, eta betiko ahantzita, “tenpora kontuak”, horiek “superstizio” engainagarri besterik ez dira eta. Grafiti deitu Radio Euskadiko irratsaioari lihoakioke oraingoa hau zuzenean, bertako lagunak izan zirelako “erbi zuria” altxatu zutenak. Vocentolariek “eskumikua” bota dizuete, serioski bota ere.
Badakit tenporekiko “urtikaria” partikularra duten jakintsu ospetsu bat baino gehiago azkuraz aztora betean paratzen direla “tenpora” hitz dontsua entzun orduko. Bada erremediorik, botika naturalik: listoak jakin behar luke non topa, bozgorailu bila ibili gabe. Nik, ahaleginean eta ekinahalean zaintzen dut ahoa itxita, harik eta zuzen-zuzenean galdetzen ez didaten bitartean. Blog leiho honetakook badakizue, tenpora egunak pasatu arren, ez dudala haietaz idazten, eta bai “laurdenka” bakoitzean, ilargi koskak zer ote dakarren, nire eskarmentutik abisatu. Halaxe nentorren hiru aste lehenagotik, martxo azkeneko ilbeteak auskalo zer ekar zezakeen abisatuz…
Halere, eskatzen didanari ez dakit ukatzen: pentsatzen dudalako eta badakidalako, eskatu badidate, eurak esatari eta bitartekari izanik, entzungurarentzat eta egarrituarentzat dela. Hala etorri ohi dira Arantzazura propio, nahiz niri telefonoz deika, jakingura eta ikasi-nahiren bat dagoelako tartean.
Berriro esan nahi dut, eta barka nire insistentzia errepikakorra: ez naiz sekula neroni joan “tenporen” anuntzio edo pregoirik eskaintzera eta bozgorailuetan saltzera. Grafiti irratsaiotik otsail erdialdera deitu zidatenez eta hartara prestatu nintzenez, beste behin arriskatu nuen neure baitan ikusten nuena. Eta, tenporez jardun eta gero, programatuta ez zegoen honako galdera hau jaulki zidaten: “Orduan, negu honetan ez du elurrik egingo?”. Eta, pentsatzen nuen eran, honelatsu bota nuen: “Nik ez dut elurrik ikusten, udaberria etorri eta martxoaren azkeneko ilbetean sartu arte”.
Hauxe izan zen altxatu nuen “erbi zuria!”. Etorri ez balitz, ez dakit zein bekatu larri bizkarreratuko zidaten. Baina, halaxe, pare-parean etorri, bada: ilargi betea ostiral santu arratsaldez, elurra larunbat santuz, gehiago pazko igandez, eta baxuagoraino astelehen santuz… Urtikariak pazko-azkura piztu du, nonbait. Ezin omen da, “superstizioz” ez bada, aste pare batetik harantz asmatu. Eta nik bost aste eta erdi lehenago altxatu “erbi txuria”. Baina ez da nire bekatua, zenbat gutxiago “meritua”. Bekatu larria, “mortala” esaten genion lehen, zuona da, kazetariona! Zuek bai, nik ez bezala, zuek bai jakin behar zenuketela “superstizioan fidatzea eta afera superstiziozkoa” haizatzea bekatu larria dela, ez hainbat Erromako Elizaren Katixima berrian, baina bai gure Unibertsitate Txit Goreneko Norma Jasoenetakoren batean. Baina zuek lasai. Penitentziarik ematen badizuete, edo eskumikatzen bazaituztete, badut-eta ahalmenik horietatik denetatik sendatzeko. Hori bai, telefonoz ez du balio eta, konfesio tarte bat zor didazue, tabernan bada ere…
2008-04-04
Superstizioa omen
Sobre temporas y predicciones idatzi dute (apirilak 4) Vocentoren berripaperetan, UPV-EHUko 7 “profesores e investigadores de física aplicada y mecánica de fluidos” omen direnek. Atzokoan nioen nola ez datozen niregana, baizik eta kazetari mordoska batengana: Tenporetako nahiz meteorologia ofizialeko iragarpenek “comparten espacio y aspecto externo en muchos de los medios de comunicación de Euskadi. Pero no están al mismo nivel. La meteorología es una ciencia; las témporas son una superstición, aunque tengan arraigo y demanda populares”.
Halere, nik ere badut kontutxo bat edo beste zuzentzeko gogoa. Ez dut zalantzarik egiten maisu horiek bakoitzak bere zientzia badakiela, gauzak eta kontuak oso garbi dauzkatela bakoitzak bere terrenoan. Baina, besterenetan, oraindik badaukate zer ikasia. Adibidez, “superstizioa” zer den igoal jakingo dute, ustez, baina oraindik alderditxo bat, inportanta, nire ustez, falta zaien zalantza sortu dit idatziak. Bi bider baitator bertan “superstizio” kontuori, eta bukatzean ere, “creencias espurias” baitiote. Ea puntutxo pare honekin osatzen duten jakitate herrentxo hori:
–Super-stitio, latinetik, “falsa devoción, culto mal orientado”.
–La superstición es la desviación del sentimiento religioso y de las prácticas que impone. Puede afectar también al culto que damos al verdadero Dios, por ejemplo, cuando se atribuye una importancia mágica a ciertas prácticas, por otra parte, legítimas o necesarias. Atribuir su eficacia a la sola materialidad de las oraciones o de los signos sacramentales, prescindiendo de las disposiciones interiores que exigen, es caer en la superstición (Catecismo de la Iglesia católica, 2111).
Nik dakidala, “koarta-tenporei” ez diet topatzen ezer superstiziozkorik. Balute –eta nire burua kultu-gizontzat daukadanez– konfesionariotik pasatu beharko nuke, Elizak xuxenki, guztiz xuxenki jokatzen erakusteko guraria ohi duenez, hala egin baitu kontu honetan ere.
Beste zalantza bat ere sartu zait: “koarta-tenporak” zer diren ere, igoal, ez dakitela zientzialari hauek. Hori aitortzetik hasi eta igoal elkar ulertuko genuke, edo bederik, elkar ulertzeko bidean paratuko ginateke.
2008-04-05
Ilberri aldrebesa
Ilberri ttiki apirilekoa, ilargi osoa bezala, kontrako bidetik ibili ohi da. Hiru ilargi negukoek, hirurek ere, patroi berbera erakutsi izan digute: ilbeheran euri gehiena. Udaberrian sartzean, hortxe presente egin da laugarren ilargialdia, besteen kontraka ibiltzea dagokiona: eta bai aurkari atera ere. Ilbeteak ia 300 litro bota eta gero, mantsotu da zerbait ilbehera koxka, eta, lauzpabost egun eguzkidun oparitu eta gero, hemen dator ilberri ttikia, berriz ere bazterrak nahasteko gogoz.
Gaur, eta bihar bertan ere, txintxo antzean ibiliko da, terrenoari neurriak hartzen bailebilen; asteartetik aurrera, berriz, haizeak erabat nahasten, alde guzietakoei txanda ematen eta bazterrak endredatzen. Goierrin diotenez, haizeen borrokak “Arantzazuko fraideen errogatibak baino geiyo balio” badu, pentsatzekoa da, partizioa guztiz berdina izango ez bada ere, haize endredo hori euriz portatuko dela, asteko egunik gehienetan. Atlantiko aldean euria erruz ere botako duela espero da: izango da hango sonik. Egunen bat edo beste xuabego ibiliko da, baina fidagaitz denak ere. Apirilak bizkarreratu duen fama halamodukoa, oraingo honetan ere, ez du aise kenduko eta haizatuko. Ikusi egin behar, datorren larunbateko ilgorak txukundu nahiko ote dituen ilberri ttikiaren azioak!
2008-04-06
“Sobre témporas…”
Jarrai dezagun kontuarekin: 7 maisuek tesi garbia bota ziguten, tenporek “tienen valor como tradición y son parte de nuestro patrimonio cultural. Hagan los historiadores y antropólogos estudios sobre ellas y consérvense en un museo, junto con refranes y descripciones de Basajaun”, eta sintesia ondorioztatzen zuten “pero no es cabal permitirles ocupar un lugar destacado en la información meteorológica del siglo XXI”.
Sintesiari buruz nekarren...




