Zabala | Mendiko behatokia | E-Book | www.sack.de
E-Book

E-Book, Basque, 272 Seiten

Zabala Mendiko behatokia


1. Auflage 2009
ISBN: 978-84-9868-165-9
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 6 - ePub Watermark

E-Book, Basque, 272 Seiten

ISBN: 978-84-9868-165-9
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 6 - ePub Watermark



Naturak bere hizkuntza propioa du, bere poetika. Pello Zabalaren asmoa da izadiaren gramatikan sartzea, behatzearen poderioz, harekin bat egitearen amorez, ulertzen saiatzea. Oharpen horiek egunen gurpilean idatziz osatua da liburua. Liburuak egunerokoaren forma hartu du. Izadian gertatzen ari dena apuntatuz doa eta horrek barruan sortzen diona hausnartuz idatzi ditu eguneroko piezak.

Zabala Mendiko behatokia jetzt bestellen!

Autoren/Hrsg.


Weitere Infos & Material


MENDIKO BEHATOKIA


Bitartean ibillico dira becatutic becatura amilduaz; oraiñ pensamentu batean, gueroseago itz loyak gozotoro aditzean: oraiñ escuca, edo queñada batean, guero musu edo laztanetan: oraiñ ipui ciquiñac contatzen, guero dantzan,
edo dantza ondoan
alberdanian.

J.B. Agirre

© 2009, Pello Zabala

© Azala eta diseinua: 2009, Antton Olariaga

© Argitaraldi honena: 2009, ALBERDANIA, S.L.

Istillaga, 2, behea C. 20304 Irun

Tf.: 943 63 28 14 Fax: 943 63 80 55

alberdania@alberdania.net

Comunicación Interactiva Adimedia, S.L.-ek digitalizatua

www.adimedia.net

Paperezko edizioaren ISBN zenbakia: 978-84-9868-087-4

Edizio digitalaren ISBN zenbakia: 978-84-9868-165-9

Mobipocket Edizio digitalaren ISBN zenbakia: 978-84-9868-164-2

Legezko Gordailua: S.S. 1513/09

PELLO ZABALA

MENDIKO BEHATOKIA

2006-2008

SAIAKERA

ALBERDANIA

Behatokian gustura nabil. Mendikoa da behatokia: izadi naturalean kokatua. Natural izatea lortu nahi, nonbait. Hontzaren begi bihurriak nahi ditut: ilunean dakitenak. Erreparatu ahala, ikusia jakin aurretik, azaleratu nahiko nizuke, denon aurrean ikasteko. Ondo ikasiak leku gutxi. Eta asko balio…

Behatokiko ikusmira mendikotik idatzia duzue ondoko hau. Edo handik bilbatua, blog txukunean halaxe idatzia. Batean, naturako margo mozkorretan dantzari dabilen irudimenaren begiak izan dira taxu-haria topatu dutenak; bestean, gau bakeosoan zeruan txintxilika ageri diren ñirñir-zulotxoetan topatu dut fantasiazko ñan-ñan gozoa. Giro berdexkagoetan, basilika barruko sabai begi-beltxdun pinu oholen barean sortutako pentsamendurik ere bada, ilunxeagoak igoal…

Nolanahi ere, aspalditiko zeltar kulturari zor diodan fruitu bitxia dut natura erreparatu eta miresmenez gozatzeko ditxa. Zuhaitzok bizikide trinko eta irmo, urte-sasoi bana biziz garatzen goaz elkarrekin. Arantzazuko egutegi orriei hainbat, erreparo bertsuz arrimatzen natzaio zuhaitz bakoitzari bere aro, loraldi eta hilabete propialean. Naturaren Mintzoan bidea urratzen saiatu banintzaien, 2007ko urtean zuhaitzen egutegi bitxiaren datetan bizitzeko zoria estreinatu nuen. Hala nahi bazenu, neguko solstizio parean abiatuta, hor dituzu urtearen bueltan 13 zuhaitz, izeiak atea zabaltzen dielarik eta haginak itxi: hamabost denen artean, zein baino zein. Urtea abenduaren 23an haginaren egunaz urtezahartzeak, eta abenduaren 24an, eguzkigoran justu, izeiaren egunaz urteberritzeak ere, badizu bere xarma.

Urtaroak ere, egun argiaren neurrietan koadratuagoak diren zeltar kulturaz bizitzeari eman nintzaion, eta halaxe, urtaro ofizialari aurrea hartuz, zazpi aste lehenago hasi eta zabaldu izan dut hiruna hilabeteko urte-sasoi bakoitza. Argi laburreneko hirurekin, Azaro-Abendu-Urtarril, negua; eguzkia gorakadan, Otsail-Martxo-Apiril, argi-irabazitako udaberria; eguzkia gainezka denean, Maiatz-Ekain-Uztail, egun luzeen mozkorretako uda; eguzkia gainbehera nabarmen hastean, Abuztu-Irail-Urri, argi galeraren sasoi udazkenekoa.

Eta, tarteka, etxeko kontuen saltsarekin batera, naturaren kale bizitza denen bistakoa, eta baita, marteka, txoko eta zoko gordeenetakoa ere. Entretenituko zara.

Maite dut lurra


“Maite dut lurra, maite dut” idatzi zuen Gandiagak. Bizi zuen ama lurra, biziki maitatuz bizi ziren biak. Maite dut nik ere. Maite begiz, entzumenez, maite ukituz, usainduz, oinez eta gorputzez ere laztanduz, lurra. Maite dut sagar musugorrian horzka ari natzaionean, intxaur mamia tentuz haginen artean birrinduz ehotzen dudanean, mizpira beratuan mingain-ahosabaian muxuka jaten dudanean ere maite dut lurra. Eta ardo sano bat usnatuz, ahoko mandio-ganbarak lurrintzean, lurraren espiritu bixiena, lurraren erraietatik hegalari nireganatua maite dut. Maiteko ez dut, bada!

Hauxe darabilt gogoan iraulka, blogean ataltxo baten deitura bila nabilenean, “-eko” aurrizkidun hitzen zakuan ez nukeelako sartu nahi nire ama-lur-etxearekiko maite konturik. “Eko-logiak” ez nau asebeteko, lasagi gertatu da dagoeneko. “Eko-nomiak”… ez noa esatera: hor goiko gustu on eta laztan guztiak gaizto-mintzen dizkit eta. “Eko-sistemak” ere hotz uzten nau.

Eko horrek, oihartzun garden aspaldikoak ditu, gure “etxe” esan nahi baitu, bere zentzu zabal bezain gertukoan. Oikos ziotsaten greziarrek beren etxe lasaiari: polis, aldiz, kale eta plaza bullosoagoari. Haientzat oikos bezain “ohikoa” izan zaigu guri gure “etxadia”, orain pisu-solairuetako bizitokiak beste mundu kalekoago batean zintzilikatu bagaitu ere. Etzos bera, “etika” hitza utzi diguna, gure “etze-etxe” maitearen kideko gerta zitekeen, igoal. Nolanahi, eztabaida daitekeen arren, “etika ekologikoak” txalma eta arbalda larregi dituela asto gaixoarentzako dirudit.

Horregatik, hala erabaki dut, nire zakutxoari, “ekomaitea” deituko diot. Hor sartuko ditut nire eta gure “ama-lur-etxearekiko” jaulki ditzakedan kontu ttiki eta barre ttiki guztiak. Hauxe, gaurko hau, lehenbizikoa.

2006-10-24

Txoriak erromes


Aise doaz. Airos airean. Baina taldean hobe. Taldea hegan, aireko patera edo kaiukoa bailitzan. Baina, itsasoko beltxaran aldra ez bezala, hauek pozik, tti-tti-tti eta ttu-ttu-ttu, erromeria bulloso pozalaikoan. Arantzazun egin du gaua kardantxilo talde panpox batek: udaberriko kontzertu ondrosorik gabe, zerkausiko murmuriotik gertuago zegoen euren solas etenbakoa lizarren adar eta abarñoetan, nor altuago kokatuko, goizean.

Norantz ote doa hauen erromesaldia? Ez dira Ama Birjiña ikustera etorri. Baina Arantzazuko eguteran, arotenple gozoak prestaturik, hortxe dute, duela hilabetetik, kardu gozozko oturuntza txuria, zapi berde zabalduan, hegoak pronto prantatuta. Ez diegu gizakiok presta, bestela eman zaie eskura/mokora…

Erromes doazela badiot, ez da Erromarantz doazelako, ez ohiko erromes gure trazakoetan doazelako. Euskarak egoki eta xaloki bereganatu du, hala zebiltzanei ohiko zitzaiena: pobrezia, beharra. Erromes hitzaren bigarren adiera horixe baita: behartsu, eskale. Erromesa eskaletu zorian gertatzen zen, derrigor; eta eskalea, erromestu beharrean.

Horregatik dira erromes, taldean datozen txori eta hegazti migrari alaiok. Ez dakarte zorrorik, ez bihi-alerik papoan bidaiarako, gutxiago visa-txartel ustekorik. Ezta beharrik ere! Baina, taldean hobe! Kartutxoak gerriko, begi-beltz bakarti ilunak abar artetik gora begira badirena ikusi gabe baitakite. Taldean etorri dira birigarroak… baina dezente lumatu omen dira aurten.

Usoak? Gutxitxo aukeran, askoren uste eta nahitarako. Hegoa baldartu zenean, Europan epel zirauten artean ere, eta han jarraitu zuten. Orain bete dira hotz poltsak iparralde goren haietatik hegorantz. Nafar mendi eta piriniar gailur baxuenetatik pasatuko dira, bai, Domu Santuko bidaietan…

2006-10-24

Galanpernak biltzen


Atzo bildu nuen sorta eder bat. Hegoak agudo penatzen baditu ere, txapela lehortzen baitie belztuz, txilar-ainar artean bazegoen txapeloker fresko askorik. Xankame solterik ere bai, txinatarren txapel dotorea xapal-xapal.

Aurtengo hegoaldi luze samar honek denen ahotan izan du elebide, onddo eta perretxiko, piñutela eta galanpernen sasoi berexiarena. Urtea izan da halakoa: maiatz-ekain lehena, aparta izan genuen, gutxitako tamainakoa; gero udak ez zuen jeneroa galdu, eta udazkenak bide onetik eraman du uzta kontua, oro har begiratuta. Eta, goizetan freskatu ezinik epel mantentzean, basoetan berezkoa den hezedurak (euria bera ere tenplekoa izan baita) egin du gainerakoa. Nafarroan ez dira haserre perretxiko emanarekin, baina bai beste askoren saldoarekin. Garesti aterako ote zaien, nago, batzuei.

Ba, atzo galanpernak tentuz eta ahal nuen txukunen poltsaratzen nenbilela, hor jasotzen dut segapoto deia:

Non habil, motel?

–Hementxe, “txapelokerrei” txortena kentzen.

–Ee? Nongo txapelokerrak? Motel, motel… (“Herrikoren” bat pasatu zitzaion burutik, nonbait…)

–Arantzazuko mendietan nabilela, galanperna onentxoenak biltzen.

–Halere! Txapelokerrak eta txorta kontua entzun dudanean…!

Hegoaren nahasmentxoak behar dute izan. Asko dira goiko ganbaratik arintzen direnak. Izan ere, ez dakit erreparatu duzuen, baina presioa oso baxu dabil aste pare bat segido jada, eta honek badu bere erasana. Halere, hego zakar baldarrarenak laster pasatuko direla dirudi, bere traketsari dagokionean. Sosegu egun xorta bat badator. Egun dotoreak izango dira, dozena erdi eskas. Eta, horren ostean bai, iparra ekialdera etzango dela dirudi, eta adi ibili beharko da hurrengo ilargi bete handiarekin. “Urriko ilberriak” kale egin zuenez, kontuz orain, azaroko ilbetearekin…!

2006-10-25

Paper artean altxorra


Gaur goizean, mahai gaineko paper mordoska txukundu asmoz nenbilela, duela hilabete batzuk irakurri nuen liburu baten azalak jo dit begi-ninia. Orrien artetik, paper baten mingaina ageri zen eta berari tira diot. Eskuz idatzia, goian ohiko gurutze ttikiaz hasita, tatxa pare baten gainean zuzenketak argi dituela… hara bihotza aise ukitu didan mezu Gandiagarena:

Zauri bat daroat

eta ez dut gura

orbaindu dakidan:

mundu zabaleko

leku gehienetan

gosez ta egarriz

ahitu ta hiltzen diren

anai ta arreben

sufrimendu eta

heriotzarena.

Zauri bat daroat

eta ez dut gura

sendatu dakidan,

ez bait nago...



Ihre Fragen, Wünsche oder Anmerkungen
Vorname*
Nachname*
Ihre E-Mail-Adresse*
Kundennr.
Ihre Nachricht*
Lediglich mit * gekennzeichnete Felder sind Pflichtfelder.
Wenn Sie die im Kontaktformular eingegebenen Daten durch Klick auf den nachfolgenden Button übersenden, erklären Sie sich damit einverstanden, dass wir Ihr Angaben für die Beantwortung Ihrer Anfrage verwenden. Selbstverständlich werden Ihre Daten vertraulich behandelt und nicht an Dritte weitergegeben. Sie können der Verwendung Ihrer Daten jederzeit widersprechen. Das Datenhandling bei Sack Fachmedien erklären wir Ihnen in unserer Datenschutzerklärung.