Zabala | Natura labur mintzo | E-Book | www.sack.de
E-Book

E-Book, Basque, 330 Seiten

Zabala Natura labur mintzo


1. Auflage 2020
ISBN: 978-84-9868-546-6
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 0 - No protection

E-Book, Basque, 330 Seiten

ISBN: 978-84-9868-546-6
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 0 - No protection



Argi mintzo da liburuaren azpititulua: Egunez egun, sasoien gurpilean. Egutegi zabal bat egin du Pello Zabalak, hilez hil eta egunez egun doana, egun bakoitzari komentario mamitsuak erantsiz. Meteorologiaz dihardu, noski. Eguraldiaz: elurraz, euriaz, lainoaz, txingorraz... eta beste hainbat meteoroz. Iragarpenez dihardu, jakina, eguneroko eginkizun baitu hori ere Zabalak. Naturak badu bere mintzoa, eta naturari erreparatzea nahitaezkoa dugu, basora sartu, eta sutarako egurra besterik ikusten ez duenaren jarrera aintzakotzat hartu nahi ez badugu behintzat. Eta laburra da mintzo hori gehienetan, ez baita natura alferrikako luzamendutan ibili zalea; laburra baina, mamitsua, eta halaxe, labur eta mamitsu, jaso du Pello Zabalak mintzo horren oihartzuna liburu honetan. Zabalak, liburu honetan, gonbite bat egiten du: GELDI ZAITEZ BIDEAN, ETA ZENTZUMENAK FINDU. Zentzumen zorrozketarako baliabide ugari eskaintzen digu, era ezinago atseginean, edonork ulertzeko moduan. Zer opari egokiago, bizimodu ustez modernoaren morroi garenontzat, gizalditako herri-jakituria berreskuratzeko aukera baino?

PELLO ZABALA (Amezketa, 1943). Gazte-gaztetatik, Arantzazun bizi da, eliz-ikasketak egin eta fraile frantziskotar egina. Meteorologia eta fraile-bizitzaz batera, beste bokazio bat izan du bizi osoan erro-errotik sustraitua: musika. Arantzazuko organista da eta makina bat eliz-kanta euskarazko armonizatu du. Irratian ere aritu da, luzaroan, bai musikari buruzko saioen gidari, bai eguraldiari buruzkoetan ere. Gaur egun ere irratigintzan ari da, eguraldiari buruzko albisteak nekazarientzat jorratzen.
Zabala Natura labur mintzo jetzt bestellen!

Autoren/Hrsg.


Weitere Infos & Material


URTARRILA

1 Urteberri

Urte zaharra joan eta berria etorri. Urteroko martxa ohikoa, kontinuo dariona. Euro eta eurondoko, horrela dabiltza azken urtezahar-urteberriok. Agur, urte zahar; ondo joan, lagun zahar!, halaxe zemaioten despedida gure zaharrek, atsotitz batekin. Zentzu betez doan esaldia dugu hori: Ondo joan, lagun zahar! Lagun zahar koanto, 365 egun elkarrekin bizi eta gero!

Berriarekin ere, ondo porta dakigun, horixe da komeni zaiguna: lagun on egitea, hasieratik beretik. Harako esaerak dioena hartu behar horretarako, ezer berritu eta konpondu beharrik suertatuko balitzaigu ere: Urte berri, asmo berri. Beti da onuragarri, etxeko sabaiko itoginei errepaso bat ematea, teila berriren bat bere tokian kokatzea: asmo berriak bakoitza bere txokoan ipintzea. Elorriotik beste honako hau zetorren: Urte barri, zoroak be igarri. Gaur egun ohituratu ospaketak ikusita, edonork igarri, igarri behar dioen norbera zoratzen ez bada…! Nolanahi ere, esaera honek igoal dauka Eguberriaren kutsua ere, beste nonbait Eguberri, zoroak be igerri ageri baita Bizkaitik bertatik.

Baina bada beste bat, eta hau bai, urrezko letrekin ipintzekoa. Bizkai aldetik jasoa da hau be:

Urte barri-barri,

txarri-belarri,

daukanak ez daukanari,

katilutxo bete gari.

Biba! Dotore asmatua. Gure baserri jatorretako ohitura eta usadioen usainekoa da hau: gauzak elkar banatzen zekitenen girokoa. Ze, zu zeu igoal zinen astelehenean katilutxo garia behar zenuena, eta barikuan besteak beharko zuen agian, lukainka muturtxoren bat ez, bijilia zelako, baina katilu-kafesne bai, bisitan zetorkiona goxatzeko. Has dezagula horrelaxe guk geuk ere. Baina, ume eta mutiko gazteek, eskean ibiltzeko aitzakiaz, bazizuten beren koxka egoki asmatu eta erantsia:

Urte barri-barri,

txarri-belarri,

daukanak ez daukanari,

nik eztaukat eta niri!

Gabonsarien kontuak ere asko aldatu dira eta egunez nahastu ere bai, gure egunotan. Antzina, emakumeek jasotzen zituzten agilandoak gizonengandik. Halaxe oroitarazten digu Azkuek. Erregenez berriz, gizonak jasotzen zuen emakumearen eskuetatik. Honelaxe kantatzeko usadio bitxia omen zuten:

Agilando de montaña,

iru intxaur ta lau gaztaña,

aren ganean lau sagar,

nik bai altzoa zabal-zabal.

Urtats deitzen diote Iparraldean urteko lehenari. Urtatsil, urteko lehen hilabeteari. Izen bera gorde diote urtearen hasieran opari eman ohi den erregali horri ere. Erregeena izan bide da, berez, erregalia, baina, Erregeenaren aurretik, urtatsean egindakoari bidezkoa da urtats deitzea. Azkuek aspaldi bildu zigun eskeko kanten artean honakoa:

Aingerutxoak gira,

zerutik heldu gira,

boltsa badegu,

dirurik eztegu,

aitzina yoaiteko,

urtatsa behar degu.

2 Zotalegunak

Egun urtarrilaren bia, otsailaren zotaleguna. Halaxe uzten du seinale Azkuek bere Hiztegian han-hemenka bildu zituen kontuak jaulkitzean. Gure asaba zaharrek enpeinu biziz begiratzen zioten eguraldiari: saiatzen ahaleginak botatakoak ziren baserrietan, lanarekin egoki asmatuko bazuten. Zenbait herrialdetan erreparatzen zituzten usadioetatik nonbait, ilegun deitu dozena eguneko sortak bazituzten, hurrengo urteari tankera entseatzeko. Ilegunak eta igarregunak deitzen zitzaien Hegoaldean. Nafarroa eta Baxenabarre aldean, sortelegunak. Zotelegun edo zothalegun, aldiz, Lapurdi eta Xiberun. Azkuek igarregun jotzen zuen egokienentzat data berexi hauentzako. Urtarrileko lehen hamabi egunak, zotalegunak, seinalatzen du garbi atsotitzak. Ez ote zuen egun hauen berri eman nahi beste harako esaera zahar hark ere: Urteberri zereki? Urteko egüberri guzüak kareki.

Zeri begira sortu dira zotalegun edo igarregun hauek? Baserritarraren betiko irrika horrek bultzata, inondik ere: eguraldiak nondik joko duen, laborea nola banatu eta antolatu, ea inondik susmo ttikienik hartzerik bazegokeen. Gure aurrekoek uste zuten urtearen hasierako lehen hamabi egunetan emaniko eguraldia, gero hilabetez hilabete betetzen zela. Urtarrilaren lehen eguna nolako, urtarrila bera halako. Urtarrilaren 4a nola, apirila hala. 7a nolako, uztaila halako; eta horrelaxe gaineratikoak.

Azkuek bere Euskalerriaren Yakintza bilduman dioenez, Nafarroako Zaraitzun, egun hauei xino hitzarekin deitzen omen zieten. Gaztelaniazko “signo” hitzetik datorke, dirudienez. Alegia, Zaraitzukoek ziotsatenez, Izotzilaren lehenbiziko 12 egunak urtearen hamabi hilabeteen xinoak tuzu.

Apustu egingo nuke, Euskal Herrian ere ohitura hau zabaldua izan genuela gure aurretiko asaba maitagarriengan. Zergatik? Esaera zaharren eskolak asko erakusten du. Zaletasun hauxe estimatua izan dut neurekiko. Asko eskertzen diogu Gotzon Garate maisuari, halako sortak bildu zizkigunari. Begira honako atsotitz honi: Eguberri ondorengo lehenbiziko sei egunak nolako, hurrengo urteko lehenbiziko sei illabeteak halako. Ezin da pareago etorri.

Eguberri eguna eta ingurua, Kandelario eta beste zenbait bezala, eguraldiaren mugarri seinalatu horien artean kokatu behar dira. Eguberria zerekin, urtea harekin, ziotsaten toki batzuetan. Esaldi honek, eguraldi kontua apunta lezake. Baina, Gotzon Garatek ohartarazi digunez, Eguberria zeñekin, urteberri harekin izateko traza dauka esaera honek, asteko egun bera dela alegia, zortzialdia dutelako. Baina beste honek ere, koarta-tenporetako usadio zaharrari begiratzen dio inondik ere: Eguberri bezperako gauerdian zer haize, hurrengo tenporetaraino haize hure.

Baditu Eguberriak atsotitz mordoxka erantsiak, eguraldi jeneroari ukitturen bat eman nahi diotenak. (Ik. Abenduak 25ekoa eta 31koa).

Nola erreparatu

Igarregunen eskolara itzuliz, abuztukoak behinik behin, badutela berekin konplexutasuna ikusten diogu, dena ongi erreparatzea zailtzen duena. Bizkaiko zenbait auzotan, eskola honi jarraiki erreparatzen omen zuten. Hogeita lau egun zituzten ilegunak; 24 egun, urtarrileko kontuan hartu beharrekoak, urteko eguraldiaren martxa ongi markatu nahi bazuten.

Noski, 12 egun horietakoa gogoan ondo iltzatu eta gero, hurrengo hamabiak ere, eta alderantzizko eskaileran hartu behar zirenez kontuan, esan gabe doa, zailtasun handixkoa zekarrela metodo honek. Horrela, 13koak 12arena osatuko luke, 14koak 11ko azaroarena, 15ean egindako eguraldiak 10eko urriarena, eta horrela eskaileran behera, aurrekoak osatuz. Hauek denak gogoan ongi gordetzerako, lehen hilabetea behintzat pasatu zaigu gehiena: 1ean hasitakoa 24ak osatu behar badu eta 2. egunarena 23ak, datu gehiegi erreparatu eta bildu behar, gauzak nahi bezain erraz argitzeko.

Abuztuko sortelegunek ere 24 egunekoak dira. Eta badute artean ere, itxuraz ziurragoak izateko ñabardura franko. (Ik. Abuztuak 3koa).

3 Izenen bataioa

Hilabete bakoitzari manera zabal samarrean ezarri izan dizkio euskaldunak dagozkiokeen izenak. Egunen kopuru eta data zehatza ez zaio horrenbeste inporta: areago errepara eta begira izan dio eguraldi jeneroari edo laborearen martxari (Ik. Apirilak 3koa).

Gainera, zantzu gehienek seinalatzen digute ilargi amandrea gertuago sentitzen zuela euskaldunak, eguzkia bera baino. Izen gehienetan presente il hauxe dago. Batzuetan, il-argi; besteetan, il-lun; il-baltz, il-berri, il-gora, il-bete, il-behera… Il eta bizi, ibili, hankapuntetan ibili beharreko horrenbeste i eta i extu artean dabilen il argi amandre maitagarri eta euskaldunarentzat hain estimatua.

Nolanahi ere, lehenagoko Ilbeltz edo Ilbaltz horrek ez du segidarik izan beste hilabeteen zerrendan. Urtarrilak berak ere ilbeltza bazterrarazi zigun eta ez daukagu jada, hilabeterik il konturik duenik. Ez zen fama onarekin gelditu, hori bai: Ilbeltza beltza, negu beltza! zioten zaharrek supazterretik. Ilbeltza, beti hil beltza! biribilduko zuen besteak aldamenetik. Izotzila ere deitu izan diote, Nafarroa aldean justu. Usu eta franko egin ohi du izotza terreno eta paraje horietan, Sakanatik aurrera. Badakite horren berri Arakil aldean, Ultzaman, Egues, Artze, Erro, Oltza eta bestetan.

Urtats deitu diote Iparraldeko auzune batzuetan. Neguil eta negil, baita ere, Bizkai aldetik. Bateraturik, ordea, Urtarril izenez bataiatu dugu gure Ilbeltz aspaldikoa. Oxobik ederki erran zigun urtatseko lehen hilabete izotzdun honen berri:

Urtharrileko goiz izardunez,

bazter orotan izotza:

Xuriz jauntzia...



Ihre Fragen, Wünsche oder Anmerkungen
Vorname*
Nachname*
Ihre E-Mail-Adresse*
Kundennr.
Ihre Nachricht*
Lediglich mit * gekennzeichnete Felder sind Pflichtfelder.
Wenn Sie die im Kontaktformular eingegebenen Daten durch Klick auf den nachfolgenden Button übersenden, erklären Sie sich damit einverstanden, dass wir Ihr Angaben für die Beantwortung Ihrer Anfrage verwenden. Selbstverständlich werden Ihre Daten vertraulich behandelt und nicht an Dritte weitergegeben. Sie können der Verwendung Ihrer Daten jederzeit widersprechen. Das Datenhandling bei Sack Fachmedien erklären wir Ihnen in unserer Datenschutzerklärung.