E-Book, Basque, 96 Seiten
Zubizarreta Barrikadak
1. Auflage 2020
ISBN: 978-84-9868-571-8
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 0 - No protection
E-Book, Basque, 96 Seiten
ISBN: 978-84-9868-571-8
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 0 - No protection
Patxi Zubizarreta (Ordizia, 1964). Gasteizen bizi da bertan euskal filologia ikasketak amaitu zituenetik. Helduentzat idatzi du -Jeansak hozkailuan, Hiru gutun Iruñetik, Joan-, baita gazte eta haurrentzat ere -Eztia eta ozpina, Atlas sentimentala, Xia Tenzinen bidaia miresgarria-, eta itzultzailea ere bada -Mirarien kalezuloa, Printze txikia, Malenkonia arabiar bat.
Autoren/Hrsg.
Weitere Infos & Material
I
Ez, ez eta mila biderrez ez, Esteban. Ez zaitez nire bila itzuli. Ez nire bila, ez zure gauzen bila. Zure gauzak nik bidaliko dizkizut, konpondu beharrekoak nik konponduko ditut. Ez arduratu eta, batez ere, ez itzuli.
Aspaldian ulertu behar genuen. Aspaldian erabaki. Gabonak heldu baino hilabete lehenago ere hirietan ipintzen dituzten argiak bezain artifiziala bihurtu zen gurea. Artifiziala zen eta artifizialki iraunarazi genuen: destenorez, desegoki, desplazerez.
Ez dakit zer pentsatuko duzun: ihesi joan naizela, zure alboan ezin nuela gehiago. Edo Gabon zaharrekoarengatik abandonatu zaitudala. Zure herrikideen aurrean lotsagarri utzi nahi izan zaitudala, hori ere pentsa dezakezu. Eta ongi aurreikusitako, ongi prestatutako mendekua dela hau. Nahi duzuna pentsa dezakezu. Nik soil-soilik dakit aspaldian alde egin behar nuela, eta orain bildu dudala horretarako falta zitzaidan kemena. Hainbeste urteren buruan.
Ez, ni ez naiz orduko Tareixa. Eta zu ez zara orduko Esteban. Ni ez naiz Tareixa abaildu eta agor hura, zuk egin zenidan umea Doloresenean galdu, eta harrezkero haurrak ekarri ezinik geratu zena. Ni ez naiz hemeretzi urteko neskatila hura, zure ezkontza eskabidearekin baino gehiago herrixkatik joateko egin zenidan proposamenarekin poztu eta harropoztu zena. Zu ez zara erreka bazterrean tximeletak harrapatzen edota marrubiak zirietan ekartzen zizkidan Esteban hura. Eta zu ez zara La France, Toulouse, charmante hitzekin liluratzen ninduen hogeita lau urteko mutila. Onar dezagun. Gu honezkero ez gara gu. C’ est la vie.
Orduko Tareixak inondik ere ez zuen atzo maleta ttipi bat prestatuko, iluntzean Vigora etorri, eta bertako ostatu ziztrin batean gaua emango; orduko Tareixak goizean ez zuen gure –barkatu, hemendik aurrera, nire– etxerako billetea erosiko, eta bakarrik abiatuko. Eta orduko Estebanek inondik ere ez zidan Gabon zaharrekoa egingo. Honaino egin dugu bidaia. Elkarrekin baino gehiago, elkarren alboan.
–Hendaiarako billete bat, mesedez –esan diot tinko eta kementsu doi-doia esku bakarra ikusten nion leihatilako gizonari, eta oraindik ere hitz horien oihartzuna entzuten dut neure baitan–: Billete bat, mesedez. –Eta hitz horiek, orain, leihoaren beste aldean ari duen elurraren eragin lasaigarri eta suspergarri berbera dute–: billetea, bat…
Gero, bidaian aurrera, Vigoko itsasadarra atzean utzirik, berriro oroitu naiz geltokiko billete saltzaileaz. Hari leihatilan ikusi diodan esku bakarraz, hobeki esan. Eta zureaz. Zeren, geltokian erosi dudan aldizkaria irakurtzen hasi naizenean, bitxikerien ataleko albiste batek huraxe oroitarazi baitit: antza, Austrian jaiotako Paul Wittgenstein izeneko piano jotzaile ospetsuak, eskuin eskua galdu zuen Lehen Mundu Gerran; baina, piano jotzaile batentzat halako galera ikaragarria izan arren, etsi ez, nola edo hala pianoa jotzen jarraitu behar, eta laguntza eskatu zien Ravel, Prokofiev edo Strauss bezalako konposatzaileei, berarentzat, esku ezkerrerako kontzertuak sor zitzaten.
Eta ulertzen zaila egingo bazaizu ere, ni ere maingu sentitu naiz zure alboan. Eskubakar aurrena. Eskugabe hurrena. Baina halako batean ohartu naiz eskuak, eduki, baneuzkala, inurrituak baina, inurrituak eta ongi markatuak, hala nola markatzen eta mintzen zaizkidan supermerkatutik poltsak bete janari –eta edari– etortzen naizenean, hain dira pisutsuak eta hain dute plastikozko helduleku estu eta meharra. Inurrituak, ongi markatuak eta minduak, baina oraindik ere eusteko gai.
Suntsitua. Bai, seguruenik horixe da hitza. Zure alboan suntsitua sentitzen nintzen, sentitu izan naiz atzo arte. Zure lana lantegitik irten bezain laster amaitzen zen bezala, nirea ile apaindegikoaren jarraipena besterik ez zen. Nire egitekoa zure zerbitzura egotea besterik izan ez balitz bezala. Baina lasai, ez natzaizu ezer leporatzen hasiko, ez naiz xehetasunak zerrendatzen hasiko. Kontua da nik, musikari austriar hark ez bezala, etsi egin nuela. Etsi. Horixe besterik ez. Atzo arte. Hainbeste urteren buruan. Eta hara non, inpentsan, berriro ere zerbaiti eusteko gai sentitzen naizen.
Hori guztia ongien ulertu edo, antzeman edo, Jeanne xaharrak egin zuen. Urtean behin etortzen zen gure ile
apaindegira, taxian, Toulouse alboko herrixka batetik. Gero, hilerrian datzan senarrari, apain-apain, bisita egitera joateko. Eta azken urteotan hark, urtean behineko bisitan, atrebentziarekin esaten zidan gero eta tristeago eta abailduago ikusten ninduela.
–Jaustasun hori, zerbaitek eragiten dizu zuri hori… –esaten zidan.
Nik ez nion halakorik onartzen, eta gau txarra igaro nuela, edo hilekoarekin nenbilela azaltzen nion. Beti aitzakiaren bat. Hain nago ohitua. Baina ez nion aitortzen inbidia ematen zidala. Berak, edo hilerrian datzan senarrak. Jeannek, hilerrian, senarrari hitz egiten baitzion. Guk, bizian hilak, apenas hitz egiten genion elkarri. Hitzak gero eta bakanagoak ziren gure artean.
Barne suntsipenarekin batera, alkohola aipatuko nuke. Bai, alkoholagatik ere banoala esango nuke. Egia esatera, ez nintzen ohartu zure zainetan zebilen alkohol ibaiaz harik eta, kalean, beira birziklatzeko ontziak ipini zituzten arte. Auzategian, gizonik prakalasaienak ere arduratzen dira etxeko zaborra ateratzeaz. Gurean ez, ordea.
–Ez zeukanat batere gogorik orain aldatzen hasteko.
Eta ontzi haiek ipini zituztenetik, zuk erosten zenituen botilak poltsa berezituetan jaisten nituen nik, eta ontzira banaka-banaka bota behar izaten baitira, min hartzen nuen botila bakoitzak, mila pusketan lehertzean, ateratzen zuen zaratarekin; batez ere beira ontziak hutsik egon eta, kristalak, hormen kontra jotzean, sortzen zuen burrunba mingarriarekin. Baina burrunbak are mingarriagoak egiten zitzaizkidan gauaren isiltasunean, zeren hori ere agindu baitzenidan:
–Sekula ez itzan botilak egunez atera. Begiluze asko zagon inguruetan.
Eta zuk ez dakizu, baina bakarrean geratzen nintzenean nik ere edateari ekin nion. Neurrian gehienetan. Neurriz kanpo inoiz. Eta ontzietako kristal hotsa gauetik gauera mingarriago eta jasanezinago egiten zitzaidan.
Suntsipena izan, alkohola izan, orain ulertzen dut nire bizitza birziklatzeko beharrizana dudala, eta zure alboan ez nuela horretarako ezta aukerarik ñimiñoena ere. Ongitxo dakit zuk ez duzula zure bizitza aldatzeko premiarik sentitzen eta, batez ere erretreta hartu duzunetik, ez duzula herrixkara itzultzea eta bertan geratzea beste desiorik, ohi bezala, nire iritziaz behin ere galdegin gabe. Bada gera zaitez, gera zaitez eta ez itzuli, zeren nik, uste nuenaren kontrara, oraindik ere bai baitut bizigogorik. Bizi gogoa edo. Ohol bati eusteko beharrizana edo.
–Hendaiarako, billete bat. Hendaiarako. Billete bat.
Ez dut nik horoskopoan sinesten. Hala ere, sinesten ez dudala ere ez nuke esango, eta beharbada horrexegatik ikusmiratu dut aldizkariaren atal hori: urte honetan zehar, Calvo Sotelo presidenteak hauteskundeak aurreratu, eta Felipe González gobernuburu izatera helduko omen da; Ronald Reaganek Etxe Zuria utziko omen du; Philipe Junot Monakoko Carolinarekin bakezkoak egiten saiatuko omen da… Bada, urte honetan zehar, nik neure buruaren jabe izan nahi dut; zurekin eraiki dudan etxe hondatutik alde egin beharra daukat, neurea bakarrean eraiki; eta ez dut zurekin bakezkoak egiteko asmorik, zeren gerrarik ez dagoenean ezin bakerik bilatu.
Baina horoskopoak eman dit bestelako argibiderik ere.
Zer diozu? Ez al zaizu iruditzen, oro har, argi baino argiago geratzen dela nor zer den? Hala ere, beharbada zure kolorearena…
Beste orduz, barkamena eskatuko nizuke lerro hauek hain gorabeheratsu eta hain nahas-mahas idazteagatik. Orain gai batekin hasi, gero beste bat hautatu. Ile apaindegira datozen emakumeei ikasi diedanez, gure haurrik joan ez den frantses eskoletan, idazlanetan, huts barkaezinak dira hauek. Baina utzidazu askatzen eta har itzazu lerro hauek erraietatik jaulkitzen zaidan garrasi baten gisara.
Garrasiak direla eta ez direla, behin, ongi gogoan dut, Jeanne xaharra garrasi batean hasi zitzaigun ile apaindegian. Oinazez ikusi genuen, aieneka, baina gure harridurak goia jo zuen zer eta palankana bat, ur epela eta eskuzapi eske hasi zenean. Koitadua, burua galtzen hasia, guztiz sinetsirik zegoen erditzen ari zela. Hamar haurren ama izan eta.
–Ongi etorri al da? Zer izan da? Ez dut negarrik entzun –esan zigun bere onera etorri zenean, bere hirurogeitaka urterekin.
Cancer
ekainak, 23 - uztailak, 23
Sarritan lotsatiak izaten dira eta koraza bat erabili ohi dute babesteko. Adeitsuak, ulerkorrak, amatasun edo aitatasun sen handikoak, etxean sentitzen dira inon baino hobeki. Tinko defendatzen dituzte beren ideiak, nahiz eta, horiek hautatzeko orduan, gutiziatsuak izan.
Lanbideak: haurtzain, arrantzale, etxekoandre, ostalaritzako langile.
Kolorea: grisa.
Planeta honetakoak dira: Lola Herrera, Jesús Hermida, Mª José Cantudo, Tip.
Tauro
apirilak, 21 - maiatzak, 21
Izaera sendoa, segurua, egiazalea izan ohi dute. Egoskorrak, nekez aldatuko dute iritzia. Pazientzia handikoak, baloreen jakitun, berezkoa duten borondate indartsuarekin oso aurrera egin dezakete negozioetan. Oso berekoiak, apenas diren originalak. Ez dute batere gogoko kontra egitea.
Lanbideak: negoziatzaile, eraikitzaile, musikari,...




