Zubizarreta | Eztia eta ozpina | E-Book | www.sack.de
E-Book

E-Book, Basque, 146 Seiten

Zubizarreta Eztia eta ozpina


1. Auflage 2018
ISBN: 978-84-9868-423-0
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 6 - ePub Watermark

E-Book, Basque, 146 Seiten

ISBN: 978-84-9868-423-0
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 6 - ePub Watermark



1990eko hamarkadan gaude. Gazte magrebtar askoren antzera, Selimek Maroko hitsa utzi, eta Paris distiratsura joatea desio du. Hantxe dago beraren Meka. Bidaia horretan eztia eta ozpina edango ditu halabeharrez: eztia, Esther gasteiztarraren eskutik; ozpina, Mendebaldeko errealitate gordinetik. Eta Selimen historia kontatzeko hiru ahots: gazte magrebtar berarena, Estherrena eta garaitsu hartan gurean ezagunagoa zen mugalari batena. Historia bakarra hiru generoren bidez emana: kontakizun zuzena, egunerokoa eta erreportajea. Hiru ahots, hiru kontamolde historia zahar -bezain berri- baterako.

Zubizarreta Eztia eta ozpina jetzt bestellen!

Autoren/Hrsg.


Weitere Infos & Material


Marrakexeko ametsak


Urtero-urtero, uda partean, Imlileraino auto bakar bat iristen zen. Herriko haur eta gazte guztiok begiak bideari lotuak izaten genituen eta, halako batean, bidean gora hauts zirimola bat altxatzen nabaritzen genuenean, zeregin guztiak bertan behera utzi eta Mohamedi ongietorria egitera joaten ginen, zeren Mohamedena baitzen urtero-urtero, uda partean, gure herrixkaraino iristen zen auto bakarra.

Bidera oihuka eta ziztu bizian ateratzen gintzaizkion, eta orduan, berak, Renault dotorearen leihatilatik, Frantziatik ekarritako goxokiak botatzen zizkigun, “purra, purra!”, oiloei bezalaxe.

–Ea astopista hau behingoz garbitzen duzuen! –esan ohi zigun irriz karkailaka–. Hau al da herritarrak hartzeko modua?

Mohamed, gure anaia Abdelhadiren lagun mina zen, eta ni irrikatzen egoten nintzen haren berri izateko.

–Iritsi al da Frantziara? Iritsi al da? –galdegiten nion autotik jaitsi bezain laster.

Alabaina, Mohamedek lehen-lehenik Yamilarekin egon nahi izaten baitzuen (hari eskainiko zizkion urtean zehar gordetako musu guztiak; harentzat ekarriko zuen harribitxi edo zetazko zapi ederren bat), niri itxaroteko esaten zidan, beste batean lasaiago hitz egingo genuela, eta bien bitartean garbitu bat emateko bere auto hautsez beteari.

Lagunartean, oilarrak baino harroago egoten nintzen ni Mohameden begikoa izateagatik, niri beste inori ez baitzion aginduko autoa garbitzeko. Eta hura Yamilarenetik etorri artean eta garbiketari ekin aurretik, autoan sartu, bolanteari heldu eta, amets egiten nuen aurrena Marrakexerantz abiatzen nintzela, eta zikoinen antzera hurrena Gibraltarreko itsasarte entzutetsua zeharkatzen nuela, hurrenago Espainia osoa eta, azkenik, behin Frantzia-raino iritsirik, Mohamed bezala aberastu egiten nintzela…

Etxean, ostera, ez zuten Mohamed oso maite. Gure aitak, esate baterako, Alegorri alaena deitzen zion, eta uda oro opariren bat ekartzen zigun arren, aitak mespretxuz begiratzen zion. Eta niri ere hala moduz begiratuko zidan etxera lasterka heldu eta, pozaren pozez, Mohamed eta Abdelhadiren azken berriez mintzatzen hasiz gero, zeren bi izen haiek erabat debekatuta baitzeuden gurean.

Arratsaldero, Mohamedek toki ezkutu samar batera eraman ohi zuen Yamila, ni ahuntz eta antxumeekin ibiltzen nintzen ibarretik ez oso urrun, eta handik bikoteari zelata egitea atsegingarria zitzaidan. Nire gordelekutik, Mohamed Yamilaren gainean etzaten ikusten nuen eta, barre ttiki artean, jostatzen nola aritzen ziren. Hastapenean, Mohamedek neskaren adatsa laztandu, haren ileak korapilatu eta zertxobait xuxurlatzen zion belarrira; eta Yamilak batzuetan jotzeko mehatxua egiten zion, eta beste batzuetan musuka hasten zitzaion. Yamilak musu emanez gero, Beltzak, gure akerrak ahuntzekin bezalatsu jarduten zuen Mohamedek.

Ni luzaroan egoten nintzaien barrandan, harik eta eskutik lotuta joaten ikusten nituen arte. Orduan, jostetan txanponen bat-edo jausiko zitzaielakoan, haien ezkutalekura inguratu eta miaketan hasten nintzen. Garai hartan ezagutu nituen, aurreneko aldiz, Mohameden hazia gordetzen zuten zorro lirdingatsu haiek; baina Marrakexera joan arte ez nuen jakiterik izan haiek zertarako balio zuten.

Yamila Mohamedekin haserretu zen egun batez, behingoz, gure anaia Abdelhadiren azken albisteak ezagutu ahal izan nituen. Egun hartan, biak kontu ixilka aritu ostean, bat-batean Yamila altxatu eta ez hitz ez hitzondo utzi zuen Mohamed. Hark burumakur jarraitu zuen neskaren atzetik: barkatzeko eskatzen zion, dena delakoa txantxetan izan zela eta ez ziola halakorik berriro esango; baina ni nengoen aldera inguratu zelarik, etsi egin zuen.

–Gazela gaztea izan arren, ederki ikasi dik muturrak erakusten.

Nik ez dakit bere buruari ala niri zuzendu zitzaidan. Hala ere, gero bai, gero niri begiratu eta proposamen hau egin zidan:

–Tira, Selim, lore sorta eder bat biltzen laguntzen badidak, frantses libera bat emango diat; eta bukatutakoan, nahi baduk, hire anaiaren berri emango diat.

Abdelhadi aipatu izan ez balu, libera batek zenbat dirham egingo ote zituen pentsatuko nuen; galdetu ere egingo nion seguruenik, baina behin anaia hizpidera ekarrita, larritu egin nintzen zeharo. Hiru bat urte baziren Abdelhadik etxetik alde egin zuela, eta harrezkero inoiz ez genuen haren albiste bakar bat ere jaso. Aitak, bestalde, anaiaren izena aipatzea arras debekatua baitzigun, horrek gure jakin-mina areagotu besterik ez zuen egiten.

–Iritsi al da azkenean Frantziara? –braust galdegin nion.

–Oraingo honetan iristekotan egon duk, baina azken ahaleginean harrapatu egin ditek…

Astoaren mandolina! Berriro ere harrapatu… Eta erantzunaren ondoko isilune latzean, loreak bildu bitartean, nire lagunez oroitu nintzen. Haiek argitu zidatenez, gure anaia jaio zelarik, emaginak limoi bat hartu, labanaz erdibitu eta tanta bana isuri zuen haur sortu berriaren begietan. Horren ondotik, umeari ahoa irekiarazi eta, usadioari jarraiki, hatz erakuslea sartu zion. Antza, hortz ttikiren bat antzeman zion, zeren fitsik ere esan gabe (ezta ohiko “Mutiko argia eta bizkorra izango da” hura ere), kopetilun alde egin baitzuen. Eta haurtxoari hortz goiztiarrik topatzea adur txarrekoa baita, denek pentsatu zuten Abdelhadi zorigaiztokoa izango zela eta bizitzak ez ziola ezer onik ekarriko. Dena dela, anaiaren haur denborako kontu haiek beti etxetik kanpo eta trufa giroan entzunak nituenez, ezin bada jakin sinetsi beharrekoak ziren ala ez.

–Oraintxe Tangerreko zezen plazan zagok –gaineratu zuen–, milaka atxiloturekin batera. Haietako asko eta asko Gibraltarreko itsasarte madarikatuan harrapatu zitiztean; beste batzuk, ordea, hire anaia kasu, urrunago atxilotuak izan dituk.

–Lortu al duk anaiarekin hitz egiterik? Ongi al dago? Zerbait gehiago kontatu al dik? Goraintziak eman al dizkik? –bota nion arrapaladan.

–Bai, oraingo honetan, diru apur baten truke, izan diat berarekin mintzatzeko aukerarik.

–Eta, eta…? –estutu nuen urduritasunak joa.

–Azken saiakeran ia Frantziako mugaraino heldu zuan, Donostia izeneko hiri bateraino. Han bazuan portugaldar arraio bat, kamioizaleekin harreman onak omen zeuzkana. Haiekin elkar hartuta, aldian hiru, aldian bost lagun Frantziara kamioian gordeta eramaten zitiztean, baina hire anaiarena gertatu zenerako, polizia susmoa hartuta zegoan eta, halakoetan normala denez, ba, zera, kamioizale zorrizaku batek portugaldar mugalaria salatu egin zian… Geratu bezala, gauerdian bazaudek portugaldarra eta hiru lagun hiriko hilerriaren atarian, bazatorrek kamioizalea trailerrarekin eta hire anaia-eta atoian sartzekotan daudela, merde!, polizia bertan! Orain, esaten diat, Tangerreko zezen plazan zagok, auskalo noiz arte, baina ez dik etsitzen… Dena dela, aginduidak ez duala honetaz txintik ere esango; hire anaiak inork ezer ez jakitea nahiago dik. Frantziara iristean, orduan bai, orduan berehala jakinaren gainean jarriko zaituzte.

–Lasai egon, hori ez zioat esango ezta infernuko otsoari ere –hitz eman nion.

Nola esango nuen bada! Etxean ezinezkoa zitzaidan anaia aipatzea eta, bestalde, lagunartean ez nuen lotsagarri gertatu nahi. Eta Mohameden kontaketak bihotza ilunduraz betea zidala, Ighighayene errekako uretan doi bat freskatu eta lore bila jarraitu nuen. Baina… Eta Mohamedek istorio haiek ni beldurtzeko eta Imliletik ez alde egiteko kontatu izan balitu? Zeren ni irrikatzen bainengoen handik hanka egiteko eta sakelak bete diru itzultzeko. Gainera, ni ez nintzen Abdelhadi bezalakoa; jaio berritan, niri ez zidaten inongo hortzik antzeman. Zalantza izpirik gabe, gure anaiak baino zorte hobea izango nuelakoan, Mohamedi honela setatu nintzaion:

–Nik ere hemendik ospa egin eta hi bezala aberastuta itzuliko nauk. Aitari traktore bat erosiko zioat, amari zetazko soinekorik ederrena, eta arrebei lurrinik garestienak ekarriko zizkieat…

Ez zitzaidan batere gustatu Mohameden ezpainetan une hartan zabaldu zen irribarre biratsua.

–Pentsa ezak ongi, Selim. Nondik lortuko duk Frantziara joateko dirua? Nik gero libera bat emango diat, baina halako asko, mordoa beharko duk haraino heltzeko. Paperak ere beharko dituk, hemezortzi urte beteak izan eta, ahal dela, lan kontraturen bat…, bestela jai daukak.

–Aurrena Marrakexera joango nauk. Ez diat presarik. Hemezortzi urte bete arte bertan lan egin eta dirua aurreztu ostean, zikoinak udaberrian bezala joango nauk, hegan-hegan –mintzatu nintzaion, besoak hegal bihurturik.

–Gogoan izan behintzat Abdelhadiri zer gertatu zaion… –bota zidan, mehatxu bat egiten den doinu bertsuarekin–. Eta kontuz, gero, nik kontatutako ezer esaten baduk!

Azkenean Yamilarentzat lore sorta polita osatu, eta Mohamedek agindutako libera eman zidan. Txanpon hura eskuan, une batez zoriontsu sentitu nintzen: dagoeneko baneukan nire bidaiari ekiteko lehendabiziko libera.

Egunen batean ni ere auto handi batean itzuliko nintzen Imlilera, eta haurrei leihatilatik nahi bezainbeste goxoki botako nizkien, “purra, purra!”, eta bai gurasoei bai arrebei opari mordoa ekarriko nien, eta ongietorria ospatzeko, Marrakexetik nahitara ekarritako musikariekin, jai ikaragarria egingo genuen. Bai, inondik ere ezin nintzen esku hutsik itzuli. Eta udan, Imlilera bidean halako hauts zirimola nabaritzean, haurrek ez zuten jakingo Mohamed ala Selim zen opariz gainezka zetorrena.

Mohamedekin egon nintzen egun hartan Hiazunekin egin nuen amets, esan nahi baita, Gabriel goiaingeruaren zaldiarekin. Alak Mahomari bere asmoak adierazi nahi zizkiolarik, Gabrieli deitzen zion, eta hura pentsamendua baino azkarragoa zen Hiazunez baliatzen zen, zaldi nekaezin eta ezin ederragoaz. Ametsetan, kopetan izar zuri bat zuen zaldi harexek, urruneko hiri zoragarrietara eraman ninduen, eta itzulian, ondasunez gain, nire...



Ihre Fragen, Wünsche oder Anmerkungen
Vorname*
Nachname*
Ihre E-Mail-Adresse*
Kundennr.
Ihre Nachricht*
Lediglich mit * gekennzeichnete Felder sind Pflichtfelder.
Wenn Sie die im Kontaktformular eingegebenen Daten durch Klick auf den nachfolgenden Button übersenden, erklären Sie sich damit einverstanden, dass wir Ihr Angaben für die Beantwortung Ihrer Anfrage verwenden. Selbstverständlich werden Ihre Daten vertraulich behandelt und nicht an Dritte weitergegeben. Sie können der Verwendung Ihrer Daten jederzeit widersprechen. Das Datenhandling bei Sack Fachmedien erklären wir Ihnen in unserer Datenschutzerklärung.