E-Book, Basque, 160 Seiten
Zubizarreta Julien Vinsonen hegaldia
1. Auflage 2020
ISBN: 978-84-9868-510-7
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 0 - No protection
E-Book, Basque, 160 Seiten
ISBN: 978-84-9868-510-7
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 0 - No protection
Patxi Zubizarreta (Ordizia, 1964). Gasteizen bizi da bertan euskal filologia ikasketak amaitu zituenetik. Helduentzat idatzi du -Jeansak hozkailuan, Hiru gutun Iruñetik, Joan-, baita gazte eta haurrentzat ere -Eztia eta ozpina, Atlas sentimentala, Xia Tenzinen bidaia miresgarria-, eta itzultzailea ere bada -Mirarien kalezuloa, Printze txikia, Malenkonia arabiar bat.
Autoren/Hrsg.
Weitere Infos & Material
6
Humboldt, Vinson eta Txepetx hommes de lettres haiek baino lehenago, 1562. urtean, Nicolao Landuchio herrikideak ere erakutsi zuen euskararekiko grinarik. Ezagutzen den lehenengo euskal hiztegia berak gorpuztu zuen Gasteizen: Bocabularioa ezqueraz jaquiteco eta ezqueraz verba eguiteko. Andres Navagiero eta Giovanni Battista Venturino italiarrak ere Arabako hiribururaino bidaiatu ziren, eta azkenak bere iritzia plazaratu zuen: «E Vittoria le persone plebee in essa parlano Biscaino ò Bascongado, che é difficiliss(im) a lingua d’apprendere». Eta ni hain zuzen ere bascologue edo euskalari atzerritarrei buruzko ikerketa lan bat egitera etorria nintzen Euskal Herrira, ni neu ere haietako bat sentiturik, izan ere neure haragitan bizi izan baitut zer den euskaldunen mintzairan igotzea, goratzea edo aireratzea. Alfredo Trombetti linguistak ere sentitu zuen lilura hori, baina herrikidea, Humboldten antzera, euskararen jatorriak kezkatzen zuen (Le origini della lingua basca, 1925) eta nire lana hurbilketa xume bat besterik ezin zen izan, aukeran, Txepetxenaren antzekoagoa, ahalegin akademiko xume bat neure burua indarberritzeko.
Giovanniri esaten nion liburuetako bizkarrean egilearen izena eta izenburua sarritan goitik behera idazten ditugula italieraz –edo ingelesez–, baina behetik gora euskaraz –edo gaztelaniaz zein frantsesez–, eta nire bizitzari beste norabide bat eman behar niola, ikuspegia aldatu. Neure buruari, ostera, esaten nion sentitzen nuela ordura arte italieraz izana nintzela, baina aurrerantzean euskaraz nahi nuela izan. Elie Wiesel etortzen zitzaidan gogora: Auschwitz aurretik, idazleak hainbat hizkuntza ezagutzen zuen, baina Auschwitzen ondotik beste hizkuntza bat ikastea erabaki zuen –frantsesa–, erronka eta irtenbide gisara: bere buruari bizirik zegoela erakutsi nahi zion, bizirautea lortu zuela; baina aldi berean beste garai batean, beste paisaia batean zegoela sentitu beharra zeukan. Halatsu ni ere.
Bitxia da, baina Ezpeletarako asmotan aireratu eta Iruñeko aldirietan lurreratu ziren Vinson jauna eta gainerako bidailagunen antzera, ni neu ere Boloniatik Bilborako ideiarekin hegaldatu, eta, haizete bortitzak tarteko, gorputza dardaran eta esku barrenak izerditan, aireportuan inguraketa eta lurreratze ezinezkoak sufritu behar izan nituen, harik eta, akaberan, Gasteizera desbideratuak izan ginen arte. Bidaiarioi Bilbora autobusez hurbiltzeko aukera eskaini ziguten arren, ustekabeko egokiera hura baliatu, eta Arabako hiriburua nahiago izan nuen nik, antzinako nire herrikideen antzera.
Gasteiz, lehenengo aldiz, Korrikari buruzko bideoan ezagutua nuen eta, geroago, hainbatetan azaldu zen I. A. irakaslearen material grafiko eta idatzian. Eta orain Gasteizen nintzen, beste paisaia, beste hizkuntza batean ni neu ere. Hiriburua autobus geltokitik beretik atsegina iruditu zitzaidan, bizia, berdea oso eta harritu egin nintzen parkeen ugaritasunarekin. Dena dela, oso erne ibiliagatik, uste baino euskara gutxiago entzun nuen, uste baino euskal liburu gutxiago aurkitu nuen liburudendetan (kaier hau han erosi nuen, nire aldi berriko oharrak eta zirriborroak jasotzeko).
Hiriko paisaia linguistikoak besterik erakutsi arren, eskolak amaitu, eta arratsalde erdian parkeak haurrez bete arte, ez nituen lehenengo solasaldiak euskaraz entzun. «Kontuz!», «Etorri hona», «Ez egin negar», hau da, nik identifikatu nitzakeen hitzak eta esapideak. Geroago, Hendaiarako trenean ere entzun nuen, batik bat Boloniako giroa gogora ekarri zidaten ikasleen ahotan, baina hitzik eztienak Manexi entzun nizkion, geltokira bila etorri zitzaidanean:
–Ongi etorri! –Eta segidan, «Zer moduz bidaia?», galdegin zidanean, nik, gorabeherak, atzerapenak eta presagioak gorabehera, Godard jaunaren antzera erantzun nion:
–Ongi, dena ongi!
Hendaiako euskaltegian irakasle izango nuenak ez zekien berarekin gutiziatu nintzela eta Interneten bere izenaren peskizan ibilia nintzela. Sare sozialetan parte hartzen ez bazuen ere, hainbat argazkitan ikusia nuen, sarritan ikasle talde desberdinekin txangoan; eta behin baino ez gizonago egiten zuen bibote sarriarekin: Manex, Manex Kantale. Egia esatera, geltokiko une inauguratzailean ikusi nuenean, halako begirada naufragoarekin, katu handi bat iruditu zitzaidan, arina bezain baldarra, eta berehala piztu zidan ile gaztainkara eta leun hura laztantzeko gogoa.
Euskara irakasle izango nuenak ez zekien gogoko nuela eta harritu egin ninduela, ezustean, autoaren intimitatean antzeman nion egurraren usainak. Bere izerdiarena ere atsegina gertatu zitzaidan: apal zabaltzen zitzaion, baina sarkorra zen eta inondik ere gustagarria. Eta ahotsa, ahoskera, kadentzia. Errea ahoskatzeko moldea jostagarria iruditu zitzaidan, eta jota leun hura, I. A.-k Bolonian ebakitzen zuenaren hain desberdina.
Baiki, Manexek ez zekien berarekin gutiziatu nintzela, eta nik ere oso ongi ez. Manexek ez zekien, ezin jakin, Diego Maraniren Nuova Grammatica Finlandesa nobela ederreko hitzok ekartzen zizkidala gogora: «Maitemindu, itzali burua eta utziozu bihotzari alde egiten. Ahots batekin maitemindu beharko duzu, eta hari ahoskatzen entzungo dizkiozun hitz guztiekin». Ba ote dago hegaldatzeko gonbita bat luzatzeko molde hoberik?
Aurkezpen baten ordez lagun arteko hitzordua izan balitz, Manexi gauza asko kontatuko nizkion, gauza asko galdegingo. Ezkondua ote zegoen, esate batera, argi ikusi bainion hatz nagian zeraman eraztuna (guztiarekin, autoan ez zeukan haurrentzako eserleku berezirik). Gaineratuko nion ez nuela espero Ipar eta Hego Euskal Herrien arteko mugak hain paisaia desberdinak bereiztea, hain industriala Irun artekoa, hain balneariotsua autoz zeharkatu genuen Hendaiatik harakoa. Baina bere autoan isilean joan ginen, musika lagun, eta isiltasuna ez zitzaidan batere deserosoa gertatu. Minutu gutxiren buruan, baiezkoa erantzun nion Abadiaren gazteluraino hondartzan barrena joan nahi ote nuen galdegin zidanean.
–Nekatoenea, zure egoitza, gazteluaren behealdean dago, itsasoa ukitzeko gisan. Absolutuki toki pribilegiatua. Ikusiko…
Euskal Herrian oso negu hotz eta euritsua izan zuten, baina ateri zegoela baliaturik, autoa kai aldean aparkatu, eta hanka hutsik ekin genion bideari. Motxila eramaten utzi ez nion arren, gustatu zitzaidan nire egonaldian edozertan laguntzeko prest egongo zela esatea:
–Abadiak zeukan esklabo etiopiarraren antzera, zernahitarako naukazu.
Alabaina, solasaldia eten beharrean gertatu ginen: itsas bazterrera hurbiltzen ari ginela, motxila hobeki kokatzeko unean, galtzen atzeko sakelan neraman telefonoa uretara jausi ez zitzaidan ba! Manex oldartu egin zen, baina oraingoan katu batena bainoago antzara baten azkartasunarekin, eta telefonoa uretatik ateratzea lortu zuenerako, aparailua busti-bustirik zegoen. Barrea atera zitzaidan orduan.
–Gaitz erdi. Euskal Herrian egingo dudan murgilketa linguistikoa erabatekoa izango da. Ez dut italierara jotzeko arriskurik izango.
Hondartzatik irten, eta tunel begetal bat zeharkatu ostean, laster ginen landetxe gisako batean egokitutako apartamentuan, atea zabaltzen eta kontraleihoak parez pare irekitzen: horra Nekatoenea, lau astez ostatatuko ninduen bi solairuko egoitza. Luze gabe, armairu batetik botila bat ardo, eskukada bat hur eta euskal pastel bat uztearekin batera, Manexek beheko sua pizteari ekin zion, baina lehenago beste ahalegin bat egin zuen telefonoa salbatzeko, pote bat arrozean sartuta oraingoan. Horren ondotik, surtara izpilikua eta azukrea bota zituen.
–Etxean lurrin goxoa izan dezazun.
Elkarren hurbiltasuna, elkarren presentzia kilikagarria egin zitzaidan, batez ere goiko solairura nire gela ezagutzera eraman ninduenean. Orduan jabetu nintzen bere begiek ere hurren kolorea zutela eta, bitxia bada bitxi, ezker betazaleko ile bakan batzuk zurituak zeuzkala. Ordenagailuko pantailan, argazkietan edo kalean, lagunok norbaiten epai estetikoa egitean esan ohi dugun bezala, Manex «urruntasun ederrekoa» iruditu zitzaidan, baina aurrez aurre «hurbiltasun ederragoa» zuela jabetu nintzen; akaso gorputzetik apur bat dibortziatua egotea.
–Trementina usaina alboko langelatik dator, zure aurretik egon diren artistena, pintoreena kasu honetan. Baina kea gereziondoaren egurrarena da, usaindu, usaindu.
Sudur hegalak zabaldurik, baiezkoa egin nion buruaz. Aita zenak ere gogoko zuen gereziondoaren zura –nik gereziak gogokoago…–, eta bitxia iritzi nion kointzidentziari, premonitorioa kasik.
Elkarrekin afari legea egin nahi ote zuen galdegin nion gero, kanpoko lorategia erakusten zizkidan bitartean («afarimendari» hitza oparitu zidan), baina joan beharra zeukala adierazi zidan eraztuna haztatzen zuen bitartean.
–Zure erlojua… ez dabil ongi, ezta? –Orratzek hamaikak eta hamalau markatzen zuten orduan, orain bezalaxe–. Zorigaitzez, denboraz justutxo nabil… Zigarreta bat erretzeko astia besterik ez dut, axola ez badizu –amaitu zuen betazalei ohi baino gehiago eraginez, urpean igerialdi bat egin izan balu bezala.
Alabaina, erre bitartean bere eremu grabitatorioan bete-betean jausi nintzela sentitu nuen, eta erabili zuen aditz denborak igotzen, goratzen eta aireratzen lagundu zidan: eginen dugu, ikusiko dugu, harrituko zara…
Gauean, ohean, Alfredo Trombetti herrikidearen liburuko hitzaurrea etorri zitzaidan gogora, beharbada hark ere euskalari prusiarra aipatzen duelako: «Da quando, in principio del secolo passato, Severino Vater Guglielmo di Humboldt ricchiamarono l’attenzione dei dotti sulla singolarissima lingua basca, lo studio di essa andò acquistando sempre maggiore interesse scientifico». Baina nik,...




