E-Book, Basque, Band 73, 234 Seiten
Reihe: Saiakera
Igerabide Ura saltoka
1. Auflage 2023
ISBN: 978-84-9868-807-8
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 6 - ePub Watermark
Natura eta kultura jolasean
E-Book, Basque, Band 73, 234 Seiten
Reihe: Saiakera
ISBN: 978-84-9868-807-8
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 6 - ePub Watermark
JUAN KRUZ IGERABIDE SARASOLA Adunan jaio zen (Gipuzkoa) 1956an. Zenbait urtean lehen eta bigarren hezkuntzako irakasle izan ondoren, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle jardun da Euskal Filologia sailean. Mikel Laboa Katedraren zuzendaria ere izan da aipaturiko unibertsitatean. Haur eta gazteentzat idatzi du gehienbat, eta baditu zenbait lan helduentzat ere, hala poesian nola prosan. Besteak beste, Alberdania argitaletxean argitaratu ditu: Sarean leiho eta Mailu isila poema-liburuak, Egia hezur, Herrenaren arrastoan eta Noiz arte arrazoi aforismo-liburuak, Hamabi galdera pianoari eta Motoa gazte-nobelak eta Hauts bihurtu zineten eta Doneaneko alaba nobelak.
Autoren/Hrsg.
Weitere Infos & Material
Harrien magia
Ez dakit zer duen harriak. Ursalton, errekako harri leunak biltzen nituen, poltsiko betean, galtzak erortzeko zorian, Erpurutxok bezala egiteko edo. Mesanotxearen gainean, haietako harri bat totem bihurtzen nuen, eta, nire bistara, tamaina aldatzen zitzaion: batzuetan, hain zen ñimiño eta hauskor, León Feliperen harri koxkorra bezala, Paco Ibáñezen ahotsean: «No… la… zu, harriño hori, nola zu, harri xapal hori, nola zu…»; beste batzuetan, berriz, sukarraren eldarniotan nenbilenean esate baterako, hain izugarri ageri zen, hain erraldoi, hain mugiezin, Errolan-harri baten pare…
Koxkortuago, Saturrarango apaiztegian ikasten egon nintzenean, atsegin nuen itsas bazterreko harri xapalak biltzea; batzuetan, Ondarroatik ur-korrontean zetorren galipotak edo itsasontzien bikeak orbandurik ageri ziren harri batzuk, laido baten antzera. Harrian bikea: laidoaren metafora egokia. Baina nik, ziri batez, laido hartan marrazkiak egiten nituen, ilunean argi egin nahirik edo, auskalo; ume baten burutazioak. Saiatzen nintzen amaren aurpegia marrazten, astetan hura ikusi gabe iraun beharrak eraginda noski, baina desitxuraturik irteten zitzaidan. Begiak itxirik, amaren hazpegiak oroimenean lausotzen ari zitzaizkidala sumatzen nuen, eta, izuturik, haren irudia ondo gogoan hartzen saiatzen nintzen. Harrian eginiko marrazki trebezia gutxikoari loreak gehitzen nizkion inguru guztian, Ama Birjinaren aura bat balira bezala, eta hala berdintzen nuen nolabait neure ezintasuna. Gero, harri marraztua hondar azpian hobiratzen nuen. Orduan ez nuen asko uste handik pixka batera, ez irudia, baizik eta benetako ama lurperatu beharko nuela, zokor musukatuak zerraldoaren gainera botaz.
Harrizko etxeak miresten ditut, harrizko eraikinak, harresiak, harrizko arkuak, harrizko bobedak, harrizko zutabeak, harrizko askak. Hiru txerrikumeen ipuinaren eragina izango da beharbada, nire nortasun ondo sendotu gabe honi zer egin beharko lukeen adierazteko modu bat edo. Harrizko eraikinetan geratzen dira gizakion arrastoak, harrietan gure lorpen eta loriak, harrien hondakinen artean gure ankerkeriaren oihartzunak, gure izugarrikeriak. Harriek erakusten digute, fosiletik fosilera, bizitzaren ibilbide ebolutiboa, eta ibilbide horretako zulo sakonak ere bai, misterio argitu gabeak, eboluzioaren teoriaren alde hauskorra eta osatu gabea agerian uzten duten milaka urtetako hutsune oraingoz azalpen sendorik gabeak.
Harritik harrira zeharkatzen ditugu errekak. Ibaiak, nekezago. Hala ere, garai batean, Adunako zubia artean eraiki gabe zegoenean, Oria ibaiaren alde batetik bestera Fernando Amezketarrak zapatari bat eraman omen zuen bizkarrean, ondorengo txiste-bertso eta guzti; azkenean, putzura bota omen zuen. Hala kontatzen dute, egia izan, asmazio izan. Gertatzekotan, lehorte-aroren batean gertatuko zen noski, bestela putzu handiak eta korronte bortitzak biltzen dira-eta bihurgune hartan. Gerora, zubia eraiki zuten, eta ibaiari harrizko hesiak ipini zizkioten, bideratu eta argindar-zentralera eta torloju-fabrika berrira eramateko. Harria hesi, harria pasabide. Naturari aurre egiteko, harria erabili dugu gizakiok, besteak beste. Teknologiaren eraikina bera ere berebiziko «harrikaden» pilaketa da. Teknologiaren «harrizko bobeda» hain sendo eraikian pitzadura larriak ageri dira, baina guk segi «bobeda teknokogikoak» jasotzen, gora eta gora, Jainkoarengana heltzeko mugarik ere ez duen Babel berrian. Bide batez, zer nolako homofonia hitzaren eta hitzaren artean. Batak bestearen garapena dirudi. Ingeniari askok barre egingo dute, jakina, beren jainko-ustean.
Harri-jasotzeak gizakiaren ahala erakusten du, erakutsi nahi du. Benetan erakusten duena, ordea, ezina ote den nago. Jentil baten ikuspegitik, esate baterako, harri-jasotzea gixakion ahuleziaren adierazpena baino ez litzateke, tona bat beso artean altxatzeko ere ezgauza baikara. Gaztetxo garaian, gu ere ibiltzen ginen indarra probatzen, lau arrobako esferikoarekin eta sei arrobako zilindrikoarekin. Min hartzeko ere; hala esaten zuten gurasoek, enteratzen zirenean. Inazio genuen buru; apustuak eta erakustaldiak egitera ere iritsi zen hura, eta oraindik inork hobetu ez omen duen marka jarri ere jarri zuen beso bakarrarekin. Intxaurrak jaten zituen noiznahi, eta horregatik izango zela hain indartsua pentsatzen genuen, zeren, gorpuzkeraz eta, gure antzekoa baitzen; gogorra bai, harria baino gogorragoa, baina bolumen gutxiko mutila. Ukuiluan entrenatzen zen. Ukuilu hartan, gu ere ahaleginak egiten jarduten ginen. Lurrean itsasten gintuen harriaren kargak, lur-giro betean, ermitau baten kobazuloan bageunde bezala: leiho txikitik sartzen zen argi txintarekin, oiloen zurrumurruarekin, behien arnasarekin, belar onduaren usainarekin, lur zanpatua ukitzearen sentsazio sendoarekin, armiarma-sareen laztan leun baina aldi berean itsaskorrarekin. Harriak lurrean tinko egoten ziren, erronka botaz; lurretik pittin bat jasotzeari «lurra kendu» esaten genion. Naturari erauzitako zatiak, harriak; berez, alferrikakoak. Alferra deritzo, hain zuzen, soroetako lurra zanpatzeko erabiltzen den (zen) harri zilindrikoari, makal mugitzen delako edo, beti etzanda dagoelako edo; edo alferrikakoa delako. Behin, Jexuxmari arraunlariak alferrari burdinazko mutur batetik heldu, eta tente jarri zuen; ez zen harri-jasotzaile trebea Jexuxmari kankailua, baina bazuen ahalik; harri eta zur utzi gintuen denok.
Harrien magia Iñaki Perurenak dotore adierazi izan du, hitzez eta ekintzez. Harrien misterioa. Baina nire adiskide-min Josuk harago eramaten du kontu hori. Harriekiko eta naturako elementuekiko sentsibilitate berezia du. Harri bat ukitu, eskua gainetik hamar bat zentimetrora pasatu, ukitzera iritsi gabe, eta harriaren indarra nabaritzen omen du. Badaki harri egokia aukeratzen, badaki non kokatu, zer norabidetan, ingurunea goxatzeko, txinatarren moduko bat praktikatuz, oinarrizkoagoa halere, basatiagoa, sendoagoa, harriari dagokion bezala; jentilen oinordeko bat ematen du nire lagunak halakoetan.
Erromanikoak aspaldidanik erakartzen nau, hitz egiten dit. Huescan, Serrabloko ibilbidea egin izan dut, besteak beste, edo Nafarroako eliza eta baselizetan eman izan diot atseden eta berpizte barruan dudan ez dakit zer bati. Eliza erromanikoetan ez dut txikitako fedea berreskuratzen, honezkero ez dago zer eginik; fedea ez, baina bai txikitan zenbait elizatan edo menditan errezatzean sentitzen nuen zer hura; zer hura sentitzen dut naturan eta elizatxo erromanikoetan, magia hura, orain federik gabe, fede kristauari ematen zaion zentzuan behintzat. Leize-zulo batzuetan nola, erromanikoan ere lurraren indarra biltzen da, lurraren mistika, lurraren amatasuna; harginaren eskua hor dago, baina indar naturalen atzean ezkutatua, adieraziz bezala: hargin gisa ez nauk haizea edo ekaitza edo ura edo sua baizik; gizaki nauk, bai, baina gizatasuna baino zabalagoa den zerbaitek harrapatuta lantzen diat harria; ni nauk hor mailuka ari dena, eta aldi berean ez nauk ni.
Eunateko elizatxoan jakintza esoteriko sakona bildurik omen dago; ibili izan naiz tenplarioen kontuak-eta irakurtzen; baditut lagun batzuk gai horietaz zer edo zer badakitenak: Eunateko kanpoaldeko arku aterik gabekoen mezu esoterikoa, barrura sartzeko oinez egiten den ibilbide espiralaren esanahia, indar telurikoak bideratzen ikasi omen zutenen aspaldiko jakintza, gero masonerian, teosofian eta beste zenbait jakintza iniziatikotan bildua… Halakoetan, gaiztoarena eginez, ironiko jartzen naiz neure lagun aditutxoekin, unibertsitateko irakasle bati magia-kontuen aurrean dagokion moduan, baina etxera bueltan zirraratxoa ekartzen dut neurekin, eta nire lagun horiek antzeman egiten didate jakin-minaren kitzikadura, inondik ere, eta berriro gonbidatu, heuk ere sentitzen duk, zer uste duk, heure harrokeriatxo intelektual horren azpitik, heuk ere sentitzen duk misterioaren magia. Magia edo. horri eusten diot, ez baitut fede galdutik beste fede batera igaro nahi. Baina jakin-mina erraietaraino sartzen zait, hori egia da, eta estimu handitan ditut lagun horiek, urte luzetan erakutsi baitidate leialtasuna zer den, pertsona zentzuduna izatea zer den, nahiz eta gai irristakorretan ibili. Miretsi egiten ditut. Haiekin, mendian edo ibai bazterretan gustura ibiltzen naiz, txikitan gurasoekin edo geroztik adiskide mota askorekin bezala; haiekin nagoenean, naturarekiko harremanean punttu bat gehiago nabaritzen dut. Edo beharbada ez da punttu bat gehiago nabaritu nahia besterik; irrika bat edo. Edo.
Nire lagun Josu monumentu megalitikoak aztertzen ibiltzen da, ez induskatzaile moduan, baizik eta harriek sortzen dituzten «zirkulu energetikoak» aztertzen. Komatxoak ipini dizkiet ditxosozko hitzei, ezen nire lankide fisikariek argi utzia didate zer den energia edo zer den indarra, eta nola neurtzen diren; beraz, beste zer hori adierazteko, komatxoak ipintzen dizkiot, hitz egokiagoren baten faltan. Aspalditik dator jakintza megalitikoa, harriak modu berezian ipintzea; naturarekiko «indarrekin» eta eguzkiaren mugimendu solstizialarekin bat egiteko asmoz, diote batzuek. Oinarrian, elizetako arkitektura sakratuak ere eguzkiaren norabide solstizialarekin jokatu izan omen du, eta zeruaren eta lurraren arteko harremana adierazteko formak asmatu omen ditu. Kontu sinbolikoak, interpretazio ugaritara irekiak.
Ibonek, adiskide ingeniari batek, eraikinak ikustean, hala antzinakoak nola gaur-gaurkoak, ezin omen du saihestu indar-bektoreak buruan irudikatzea. Forma horietan, grabitatearekin jolasean ari diren indarrak hara eta hona, amildegian behera erortzeko arriskuan… halakoak ikusten ditu, eta emozio berezia sortzen diote: zorabioak eragindako ezinegonarekin batera, zailtasunak gainditzearen harrotasun gizatiar bat edo. Edo.
Oraindik ez dago argi zer gertatu zen...




