Liebe Besucherinnen und Besucher,
aufgrund unseres Sommerfestes sind wir am 03. September 2026 bis 14 Uhr erreichbar. Am 04. September 2026 sind wir wieder wie gewohnt für Sie da. Vielen Dank für Ihr Verständnis.
Ihr Team von Sack Fachmedien
E-Book, Basque, Band 70, 142 Seiten
Reihe: Saiakera
Zabala Aizpuru Natura gure esku
1. Auflage 2022
ISBN: 978-84-9868-765-1
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 6 - ePub Watermark
E-Book, Basque, Band 70, 142 Seiten
Reihe: Saiakera
ISBN: 978-84-9868-765-1
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 6 - ePub Watermark
AIORA ZABALA AIZPURU. Irunen jaioa, han eta Zigan hazi zen, eta Bartzelona, Oxford eta Cambridgen ikasteko bekak eskuratu ditu. Ingurumen Zientzietan lizentziatua da, eta Ekonomia Ekologikoan doktorea. Erresuma Batuko Unibertsitate Irekian (Open University) eta Cambridgeko Unibertsitatean Ingurumen Politika irakaslea da. Nature Sustainability zientzia aldizkarian editore izan zen lau urtez, eta EITB Irratian eta Berria egunkarian kolaboratzailea ere izan da. Dibulgazio artikulu ugari idatzi ditu, euskaraz zein ingelesez, ingurumen, iraunkortasun eta giza zientziei buruz, eta hainbat liburu eta ikerketa artikulutan parte hartu du. Ikerketa eta lan bidaietan ibili da natura eta gizakien arteko harremanez ikasten, besteak beste Mexiko eta Hegoafrikako komunitate txikietan.
Autoren/Hrsg.
Weitere Infos & Material
2. Edari batekin munduari buelta
Kafetxo batekin has gaitezen.
Aleak ontzitik atera, eho, kafe makinan sartu eta itxaron sukaldean zehar aroma hedatzen den arte. Edo tabernara joan eta ebakia eskatu, fiiix, blu-blu eta… hor dago! Txokolate beltzaren eta espezieen arteko usain sakon batekin. Erne nago azkenean, goizaldea agurtzeko moduan. Edota bazkalostean, egin nahi ez dudan lan hori egitearen truke, kafetegi txukun batean egitera bultzatzen dut neure burua. Lana ez baita hain neketsua ingurune polit batean, bapore leuna isurtzen duen edari baten ondoan.
Kafea gustukoa ez baduzu, apika kolakaoa, txokolatea edo te barietateren bat duzu laket. Berdin du datorrenerako. Edari batekiko eguneroko harreman hori existitzen dela da kontua: norbanakoaren eta edariaren artean, zein lagunekin, momentua elkarbanatzean hazten den lotura.
Harreman horiek sortu eta elikatu ditzaten, ale ehoek edo belarrek bagajea dakarte. Landarea hazi zen tokian utzitako aztarna nolakoa den, hor dago koxka. Inoiz zu eta edari beroa bakarrik baldin bazaudete, pentsa edabe xume horrek dagoeneko berarekin dakarren istorioa.
«Ideiarik ere ez!» Kafeak bere jatorrian zein itxura daukan ere ez nekien.
Ale horien sorterrietako bat Guatemala da. Herrialdeak hogeita hamar sumendi inguru dauzka, horietako asko lotan. Bakoitzak paisaia eta landaredi oso desberdinak ditu, naturazale eta mendizaleentzako erabat erakargarriak. Horien artean, San Pedro izeneko sumendiak Atitlan aintzira begiztatzen du. Tontorrera iristeko gida batekin igotzea komeni da, segurtasun eta orientazio kezkak direla eta. Hara igo ginen lagun bat eta biok, aspaldi. Igoeraren aurreko egunean, aintzira ondoko herri batera iritsi eta gidatzat Juan topatu genuen: hirurogeita hamar bat urteko nekazari erretiratua, gosari opilak saltzen zituenaren aita. Aurretik igotako sumendi batean bi polizia izan genituen gidaritzat. Haien nagusiak eskarmentu gisa ezarri omen zien gurekin mendian ibiltzera joatea, ez zeudelako forman, antza. Erritmoen desberdintasuna argi gelditu zen lehen bostehun metrotan, eta nire laguna telesaileko polizia buruaren antza zuten kideak animatzen egon zen gainerako hamar orduetan. Horrelako ikasbidearen ondoren, Juan bezalako gidari lokal bat primerakoa zen.
Goizean goiz hasi ginen oihan tropikal heze horretan gora. Gizonak, sandaliekin ibili eta nire adina hirukoiztu arren, bizitza osoa jo eta su mendian emanda, berehala utzi ninduen atzetik, arnasestuka. Nire laguna bion artean zebilen, adi, inor ez galtzeko (denborarekin, natura gida bikaina bihurtuko zen lagun hura). Juan, bertako nekazari guztien modura, matxetea eskuan, arrotzei ingurunea harro erakusteko gogotsu zebilen. Bat-batean, oihanaren soilgune batean gelditu zen. Zuhaixka batetik ilarraren eta mahatsaren arteko tamainako fruitu berde bat hartu eta probatzera eman zigun. Fruitua urtsua eta oso gozoa zen, ondu gabeko madari baten testurarekin. Horra kafe landarea bere naturaltasunean, oihan arteko kafetalean.
Mexikon ere kafea ederki hazten da, Chiapasen batik bat. Bertako Sierra Madre mendilerroan hainbat komunitate txiki dabiltza beren eguneroko ogia (edo arto tortillak, hobeto esanda) inguruko ekosistematik hazten: artoa eta babarrunak (), herrialde hotzagoetan etxe barneak dekoratzeko palma landareak (), abereak eta, noski, kafea. Bertan kafetalak altuerako lurretan bakarrik ezarri daitezke. Beraz, nik bisitatu nuen komunitatean, guztiek ezin zioten kafeari ekin. Ekiten ziotenek, ordea, bizibide ona eta egonkorra zeukaten, nahiz eta komunitateko aberatsenak izan ez (aberedunak ziren horiek).
Mexikoko komunitate horretan kafea edateak ez du guk ematen diogun balio ia sakratua: askoz ere etekin handiagoa ateratzen diote kanpora salduz, Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) eta Europako kafe zaleei. Batzuetan, ordea, etxean gonbidatuak edukitzean, kafetxoa «putxeroan» prestatzen zuten, belar infusio baten modura. Niri kafea azukre eta esnearekin gustatzen zitzaidan. Baina are gehiago gustatzen zait tokiko berezitasunak probatzea. Beraz, osagai gutxirekin hartuko nuen Doña Conchitaren etxean: kafea, konpainiarekin. Gaur egun ere, kafe hutsa eta luzea hartzen dudanean, Chiapasera joaten zait burua. Buruarekin bisitatzen dut bertako bizimodu sinplea, gizartekoia, gauza material askorik gabekoa; pertsonekin eta naturarekin lotura sentitzeak ematen duen pozez gainezka.
Kafea itzaletan, kafea eguzkitan
Izebak behin galdetu zidan: «Hartzen dugun kafea, Brasilgo deforestaziotik al dator?». Kafea izugarri gustuko du berak. Era berean, beste hainbatek bezala, nahiz eta lanbidez gai hauek jorratu ez, natura eta giza arazoekiko sentsibilitate handia dauka.
Erantzuna ez da erraza.
Algarveko muturretik Esloveniako herri txikienera, ziur egon zaitezke taberna batean sartu eta kafe bat eskatu dezakezula, bidaiaren arroztasunean etxekotasun momentu bat eskainiko duena. Batez beste, europar bakoitzak kiloko hiru poltsa kafe pasatxo husten ditu urtean. Txinatik eskaerak azkar hazten jarraitzen du. Bertan, azken hamarkadetako bizimoduen aldaketa bizkorrarekin batera, munduko beste herrialde industrializatuen ohiturak bereganatzen dituzte, estatus adierazgarri gisa.
Mundu osoan izan arren gustukoa, kafea tropikoen artean bakarrik hazten da ongi. Horietatik kanpo, edari bero tradizionalak tokiko belarren infusioak izan daitezke. Inguruko ekosistemak kontuan hartuta, klima eta lursail bakoitzean erraz hazten direnak: kamamila han, menta hemen, rooibos Hegoafrikan, Guan Yin oolong edota bancha bezalako te zoragarriak Asian zehar, limoi berbena, ezki-ura, garraiska, arkakaratsa, zitronela, erregaliza, kanela, karobia, txikoria, zekalea, garagarra… Funtsean, ideia berdina da: landare baten parte bat (freskoa, lehorra edo txigortua) ur berotan sartuta edo lurrina pasatuta ateratzen den mamidun ura, noizbehinka esnearekin (ikus 7. atala).
Edari bero bihurtzen dena bertako landare bat bada, arestikoa (eta ondorengoak) bezalako galderak ez dira horren nabarmenak izango. Tokian tokiko landareak normalean erraz hazten dira, ekosistemaren parte izan ohi dira, eta landare horien eskaera ez da mundiala, kafearena bezala.
Chiapas edo Guatemalako aldapetatik –edo Brasilgo lautadetatik– Europako edozein kafetegira dagoen bidean galdera asko agertzen dira: Nondik dator kafea? Era intentsiboan hazi al da? Ongarri eta pestizidak –agrokimikoak– erabili dira? Nekazariak (Juan gure mendi gidariak, adibidez) prezio egokia jaso al du aleen truke?
Juanek bizitzan zehar erein zuen kafea itzaletan hazitakoa zen, «itzalekoa», gehienetan altitude handietan hazten dena. Kafea zuhaitzen artean hazten da, agrobasogintza moduan. Zuhaitzek kafeari itzala ematen diote, eguerdiko eguzkiaren beroa leunduz. Inguruko bioaniztasunak –landareen eta animalien nahasketak– kafe zuhaixkari on egiten dio. Intsektuek polinizazioa areagotu edota landarea kaltetzen duten beste intsektuak jaten dituzte. Tartean dauden beste espezie begetalek kafe landareak gaixotzen dituzten eritasunen transmisioa gelditzen dute, besteak beste. Aniztasun horrek lurzoruaren osasuna ere bermatzen du, landareek lurzorutik hartzen duten mamia lurrera itzultzen baita, ustelduriko material organiko moduan edo nitrogenoa finkatzen duten landare edota mikroorganismoen bitartez. Altuerako lursailetan hazita, kafea goxoago dela diote batzuek.
Altuerak elikagaiei ematen omen dion berezitasunaz hitz egin zidan Cafayateko ardogile batek aspaldi. Berak eskainitako Argentinako ardo beltz hura goxoa zen, bai, dentsoa. Baina gourmet gaietan ez naiz egia eta ahoberokeria desberdintzeko trebeena.
Egia baldin bada, ekosistemak klima aldaketarekin eraldatu ahala, elikagaion zaporea ere aldatuko da. Are garrantzitsuagoa, aldaketa horrekin etorkizuneko Juanek, edo Chiapaseko komunitateko kafe nekazariek tokiz mugitu beharko dituzte beren landaketak, aldapan gora. Egun beroak ugaritu ahala, gune altuagoetara eraman beharko dituzte gisa horretako landaketak. Baina erliebeak honakoa determinatzen du: altuera handiagoetan lur azalerak murritzagoak direla askotan. Mendi tontorrak mapa topografiko batean zirkulu zentrokide moduan ikusi ohi dira. Hortaz, tokiko tenperaturak igotzen diren neurrian landarearentzat egokiak diren zirkuluak txikituz doaz. Eta zirkuluaren zentroan (gailurretan) bakarrik bizi diren espezieak, ezingo dute gorago igo.
Kafea itzaletan hazten ez duenak, «eguzkikoa» lantzen du, eguzkitan hazitakoa. Nekazaritza sistema hori jarraituz, espezie bakarra lantzen da lursailetan, beste bizidunak ahalik eta gehien alboratuz. Itzalik gabe, kafe landarearen fotosintesia topera dabil denbora luzeagoan. Ondorioz emankortasuna handiagoa da, ekoizpen intentsiboaren emankortasuna. Izurrite eta gaixotasunak murrizten dituen bioaniztasun handirik ez dagoenez, pestizidak eta bestelako agrokimikoak erosten dira kanpotik. Landareak lurzorutik xurgatzen duena konpentsatzeko, ongarriak. Nutrizioa –mamia– lurzorutik landareetara pasatzen da.
Behin hazita, landareen fruitua hartu eta garraiatuz, mami hori urrutira doa. Erabilitako kafea errauts bihurtzen da, zorte pixka batekin loreontzien potoak elikatzera, zorterik gabe zabortegira, plastikoekin nahasian usteltzera.
Elikagaiak sortzeko ematen den aberastasun biokimikoaren eraldaketa iluminazio bat bezala sentitu nuen behin, tren bat igarotzen ikusi bitartean. Berriz ere mendian nenbilen, bi lagunekin, Pico do Marumbin, Brasilen. Oihan horren erditik trenbide bat igarotzen da eta, kasualitatez, merkantzia tren luze bat pasa zen gu hor...




