E-Book, Basque, Band 78, 406 Seiten
Reihe: Saiakera
Lertxundi / Santamaría Berbelitzen hiztegia
1. Auflage 2024
ISBN: 978-84-9868-891-7
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 6 - ePub Watermark
E-Book, Basque, Band 78, 406 Seiten
Reihe: Saiakera
ISBN: 978-84-9868-891-7
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 6 - ePub Watermark
ANJEL LERTXUNDI (Orio, 1948). Nobelaz eta ipuin bildumaz gainera, artikulugintza, saiakera eta haur eta gazte literatura landu ditu. Bereak dira, besteak beste, Otto Pette (1994), Azkenaz beste (1996), Argizariaren egunak (1998, Euskadi Literatur Saria), Zorion perfektua (2002), Ihes betea (2006) eta Zoaz infernura, laztana (2008) eleberriak, eta Eskarmentuaren paperak (2009, Saiakera Sari Nazionala), Itzuliz usu begiak (2019) eta Desertuan behatxuloa (2022) saiakerak.
Autoren/Hrsg.
Weitere Infos & Material
A
A. Alfabetoaren trena abiarazten duen lehen bagoia. A-tik hasi eta Z-raino bizitza osoa dago, bere zubi eta tunelekin. A jaiotza litzateke; Z, heriotza. Alfa eta Omega, klasikoentzat. Bi letra horiekin eta bi letra horien artean daudenekin bizitzen eta kontatzen dugu mundualdia. Babelgo liburutegi bukaerarik gabea dago bi letra horietan eta bi letra horien arteko beste guztiekin lor daitezkeen konbinazio infinituei esker.
«Neu naiz alfa eta omega, hasiera eta bukaera» dio Jainkoak n.
Bibliako Jainkoak alfabeto grekoko —garaiko kultura goreneko— letrak baliatu ditu bere izaera infinitua aditzera emateko. Zer egokiagoa letren bidez lortu eta lotu daitekeen mugarik gabeko mundua aipatzea baino ren egileak esan nahi zuena adierazteko, infinituaren ideia garbi uzteko? Ez al genituen gure hitzekin asmatu Jainkoa eta Jainkoaren izaera infinituaren metafora?
Han eta hemen argitaratu ditudan nire itzulpenak —tartean izan dut lan gorenen bat itzultzeko ausardia, lan apal askoren artean— konbinazio infinitu horien parte dira. Konbinazio horien emaitza apalak dira han-hemen hainbat karpetatan jasoak nituen paper, apunte, zirriborroak ere. Ez ditut inoiz datatu ez kontabilizatu, eta nekez ordenatu ditzaket ez kronologikoki ez alfabetikoki norbaiten laguntzarik gabe.
A! Ai! Elenek a! egin zuen nire karpetetako apunteak erakutsi nizkion lehendabiziko aldian, eta a! egiten zuen karpeta bakoitza zabalduta. A!, berriro, eta, segidan, ai! «Zerbait egin beharko zenuke paperokin», esaten zidan Elenek interjekzio haiekin. «Zein zu baino egokiagorik?» pentsatzen nuen nik, «Zer pentsatzen ari ote zara?» pentsatuko zuen Elenek. Denbora luzea egin genuen nor bere aldetik kabutan, baina kontua da ez geniola ezer esan elkarri.
Beste baterako utzi nuen eskaintza. Beste bizpahirutan ere atera zen gaia. Beste baterako uzten nuen nik.
Ondo ezagutzen genuen elkar, batez ere diskrezioa ezagutzen genion elkarri, eta horrek batzen gintuen, eta batean goizegi zelako, bestean haren ezetzaren beldur nintzelako, atzeratzen joan nintzen nire eskaera, estuasuna eragiten baitzidan Elene konpromiso deserosoan jarriko ote nuen pentsatze hutsak.
Gaixotu zenean, aitortu egin nion buruan nerabilena, nire eskaintzak poztu eta osatzen lagunduko ziolakoan. Diz-diz egin zioten begiek. Pozik entzun zituen nire hitzak, hiruzpalau aldiz egin zuen a!, behin bakarrik ere ez ai! Osatu bezain laster ekingo ziola lanari. Baina ai!, medikuek uste zutena baino larriagoa zen gaitza. Imajinazioak doi-doi ematen zidan abstraitzeko eta urrutiratzeko: Eleneren sufrimendua zen hurbilen neukana, irudimenak ez zuen beste kabaletarako espaziorik. Gaitzak aste gutxitan eraman zuen Elene. Zakur amorratu batek errabia nola eraman nuen nik dolua, eta ai!, Elene hil zenetik nik ezin hura burutik kendu, karpetak ikuste hutsak estutzen zidan eztarria. Elenek hilabete batzuk lehenago oparitu zizkidan bi katuak kiribiltzen zitzaizkidan magalean. Eskua pasatzen nien burutik lepondora, orain bati, gero besteari. Hori nuen kontsolamendu.
Hurrengo San Juan gauean, su baten paretik pasaratzerakoan, karpeta guztiak erretzea bururatu zitzaidan. Eleneri nion begirunea erakusteko errito halako bat bihur nezakeen erreketa. Baina etxeko bidea hartzera nindoala karpeten bila, idazle adiskide bat ikusi nuen bere bilobekin su-festara bidean. Estimua diogu elkarri, idazleak ere estimua zion Eleneri. Suaren erritoa baztertu nuen, zeren une hartan bertan otu baitzitzaidan lagunak bete zezakeela Elenerentzat pentsatua nuen lana. Behin etxean, karpetak erretzera eraman ordez, ohean sartu nintzen eta primeran egin nuen lo aspaldiko partez. Biharamunean, telefonoz deitu nion lagun idazleari, ezkutatu gabe Eleneri egin niola lehen eskaintza eta bakarra.
Egun hartan bertan etorri zen laguna karpetak ikustera.
Absentzia. «Erradiadore jelatuak dituen etxe bat da absentzia». Joan Margarit.
Maite duzunaren absentziaren hotza sentitu ez duen batek nekez asma dezake halako metafora bat.
Adio doia. Bi lagun itzultzailek egin dugu topo nork bere etxerako bidean. Agurtu dut. Adio doia egin dit berak, buru-mugimendu azkar batez eta ia aurpegira ere begiratu gabe. Herenegun triskan ibili ginen frantsesezko espresio baten esanahi zehatza zein ote den genuelarik hizpide. Baina hori aski motibo al da adio doi batekin inor zakurraren salara bidaltzeko? Presaka ibiliko zen… Baina apenas begiratzea ere…
Pasatuko zaiok!, pentsatu dut, baina goiz osoan ez dut burutik kendu; oraingoan, ordea, ez nago haserre lagunaren jarreragatik —ez dugu harreman esturik—, pozik baizik lagunaren agurtzeko modu hotzari esker espresioa bururatu zaidalako. Etxera iritsi bezain pronto apuntatu dut lokuzio berria nire burutazio eta jolas lexikoen koadernoetako batean. «Adio doia egin». Dotore irakurtzen da, atsegina zaio belarriari ere. Ez zait gaizki etorriko «apenas le saludó» edo «salutare a malapena» itzuli beharra gertatzen zaidanerako. Laguna izan da hitz-joko berriaren ziztatzailea. Ez du sekula jakingo.
Ahalak eta leherrak egin. Ahalak eta leherrak egin. Ahalak eta bi egin. Ahalak eta ahalak ez direnak jo. Ahalen arnasek ito…
Euskararen altxorrean hitz, esamolde eta lokuzio ugari dago esfortzuaren etikaz. Zer gutxi balio didan burrunba judu-kristau horrek guztiak ez naizenetan gai sentitzen bi lerro txukun itzultzeko…
Etsiak jota. Etsitik atera nahi. Paseotxo bat emateko premia. Nabilela pentsatzen dut. Pentsatzen aritzeak mugiarazten nau.
Lanean berriro. Esfortzuaren etika hutsa? Zorionez, existitzen da lanaren gozoa ere.
Ahotik belarrira. I. Cioranen aforismo mordoa itzulita tiraderako ilunpetan. Estimuan ditut Renarden, Schopenhauerren, Canettiren aforismoak ere. Gurean eta gaur, maila duina eta bide luzea egina dute Igerabidek, Linazasorok; aportazio berriak egiten ari dira Ana Urkiza, Ekaitz Goikoetxea…
Esaera zahartzat daukagun hainbat esaldi latinetik hartu eta euskarara egokitua da, itzulpen zehatza lortzeraino askotan. Naturarekin eta giza izaerarekin lotuak izaten dira normalean. Ugariak dira euskarara ekarritako aforismo frantses eta espainol klasikoak ere; moraltasun kristauaren arrastoak izaten dituzte; idatziak izan direla usaintzen zaie. Larramendiren hiztegian badira horrelakoak. Gaztelaniazko «Quien con lobos anda a aullar se enseña» atsotitzetik «Otsoekin ibili eta goauta [ulua] ikasi» ematen du Larramendik, berak asmatua agidanez. Bertsio bat baino gehiago du Graciánen «Lo bueno si breve…» aforismo ezagunak: «On eta labur, bi aldiz on» da ezagunena. «Pierre qui roule n’amasse pas mousse» frantsesez, «Dabilen harriari ez zaio goroldioa lotzen» euskaraz. Badira itzulpen libreagoak eta egokitzapenak ere: «Genio y figura hasta la sepultura» gaztelaniazkoa «Betiko lepotik burua» esaten dugu guk, egokitzapen distiratsu baten bidez…
Nolanahi ere, aforismoak, esaera zaharrak ez bezala, beti du filosofikoa: askotan ez da guztiz unibokoa izaten, daraman geruza literarioak esaera zaharrak ez duen proiekzioa zabaltzen dio aforismoari. Ez da argi bakarrekoa, malgua du irakurketa. Horrek bereizten du, ezerk bereiztekotan, esaera tradizionaletik.
Ahotik belarrira. Eta II. Esaera-bilduma asko osatu eta argitaratu da euskaraz, baina azterketa-lan asko dago egiteko.
Antonio Zavalak dio liburuko atarian:
«Beste lan bat ere balegoke hemen, inork egin nahi balu: zenbaterainoko jatortasuna duten bildu ditugun esaera hauek… Euskal Herrian sortuak ahal diren… Gure herriak asmatu ote dituen».
«Hemengo esaera batzuk atzerrian jaioak direla gauza nabarmena da […] Hitzekin gertatzen dena gertatuko da esaera zaharrekin ere. Euskal Hiztegian, erdaratik hartutako hitz gehiago da, askotzaz ere, erdal hiztegian euskaratik baino».
«[…] Gauza batez ohartu beharko genuke: itzulpenetan hasita, zer itzulpen ederrak egiten dituen herriak. Itzulpen-eskoletakoek eredutzat hartzeko modukoak, nire iritzirako. Hitzez hitz itzuli beharrean, esan-nahiari jarraituko dio, esaeraren mamia ondo gordez eta aditzailearentzat ulerterrazagoa eginez.»
Beste paragrafo batean dio apaizen eskua dagoela esaera zaharrak beste hizkuntzetatik euskarara ekartzeko lanean, baina ez du horretaz gauza handirik esaten. Lastima, horixe baita, agian, gure paremiologian ikerketa-lan inportanteena, apaizen lanaren nolakoa aztertzea beste hizkuntzetako esaerak euskarara ekartzerakoan, bai formaren aldetik —herriko euskaratik urrutiratuz—, eta baita eduki aldetik ere —moral kristaua finkatuz—, esaerak testu sakratuen lagungarri eta bidelagun bihurtuz.
Ahots bat, ia nirea. I. 1964. urtean, Maurice Thorez Frantziako Alderdi Komunistako idazkari orokorra hil zenean, Paul Thorez semeak izeneko testu labur bat idatzi zuen apenas urrutiratzen zena aitaren bidetik. testuak iragan familiarraren herentzia aitortzen zuen. Ia nirea. Ia. Hogei bat urte geroago izenburu bereko memoria-liburu bat idatzi zuen haurtzaroko oroitzapenekin. Ordurako, ordea, gurasoen ideietatik urrutiratuta zegoen ( mugimendua izan zen motibo nagusia). Aita ordurako hila, amak ez zion semeari barkatu aitaren oroitzapen, ideiak eta kritikak aireratu izana.
Paul Thorezen testuan ageri den esaldi zorrotz batek laburbil ditzake liburuaren izenburua eta...




