E-Book, Basque, 200 Seiten
Némirovsky Birjinak
1. Auflage 2011
ISBN: 978-84-9868-657-9
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 0 - No protection
E-Book, Basque, 200 Seiten
ISBN: 978-84-9868-657-9
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 0 - No protection
Irène Némirovsky(Kiev, 1903- Auschwitz, 1942). Familia judu aberatsean jaio zen. Uda guztietan Némirovskytarrak Biarritzera, Donibane Lohizunera edo Hendaiara etortzen ziren udatiar. Gurasoek herriko jauregi edo etxalde eder bat hartzen zuten, eta Irène ostatu xume batera bidaltzen zuten zaintzaile batekin. Zaintzaile harekin ikasi zuen Irènek euskaraz. II. Mundu Gerra piztu zenean, Frantzian geratu zen, eta judu izateagatik sasian ibiltzera behartua egon zen. Frantsez poliziak 1942ko uztailan Frantzia okupatuan atxilo hartu eta Auschwitz-era eraman zuten. Odolaren suaz gain euskaraz irakur daitezke Nemirovskyren liburu hauek: Dantzaldia, Arimen maisua, Suite frantsesa eleberriak eta Birjinak kontakizun bilduma.
Autoren/Hrsg.
Weitere Infos & Material
Zine mintzatua
Berbaro nahasi eta sorra entzuten da, bat-batean puztuz eta hurbilduz datorrena, itsasoko olatuak bezala. Euria ari du. Eraikin garaiak itzal eta lanbro artean murgildurik ageri dira; automobil izugarri handi baten faroak gandua zulatuz igaro dira; espaloi bustiek eta Operaren teilatuak euritan distiratzen dute ispilu goibelak irudi. Paris da, martxoko azken egunetan, ilunabarrean. Argiak ziztuan pasatzen dira batera eta bestera eta ez da ezer bereizten suzko izpi sorten zaparrada besterik. Gero hitzak, beti berberak, sortzen, hurbiltzen eta orro bihurtzeraino ozentzen dira; dardarka iristen dira euria zeharkatuz. Barra, Hotela, Dantzalekua. Klaxonen orroak baretzen diren bezain laster, kalea beltz agertzen da, hutsik, bustita. Letrak goitik behera piztu eta itzali dabiltza. Willy’s Bar. Ateak haizegailuaren burrunba egiten du jiratzean. Aretoa, txikia eta sakona, ispiluz apaindua dago, eta belusezko sofaz eta mahaiz altzariztatua. Aretoaren erdian, taburete batean eserita, beltz bat sordinaz jotzen ari da. Euri hotsa entzuten da atea zabaltzen den bakoitzean eta, betiere, banjoaren kirrinka ahula; beltzak txistuka dihardu, ezpainak estututa, ia entzuten ez zaiola, burua alde batera makurtuta, zerbaiti adi dagoen txoria bezala. Laurak jo dute. Barraren atzean, jabea egunkaria irakurtzen dago, erdi lotan. Hainbat emakume daude tabureteetan eserita. Etsimena nabari dute aurpegian, nahigabea, aspertasuna. Batzuk erdi lo daude, izter-artea agerian, zigarroa hortzetan dutela.
Emakume lodi titihandi bat, gizonezkoentzat egina dirudien jakadun trajea estu-estu geratzen zaiola, lepoaizun gogorra, zigarroa ezpainetan, trikotatzen ari da buru-belarri. Emakume txiki batek, taburetearen gainera igota, cocktail bat zurrupatzen duen bitartean, atzaparrekin eusten dio bere perlazko idunekoari, txakurkume baldar batek aurreko hankekin butakaren xingolei heltzen dien bezalaxe. Beste emakume gazte bat dadoetan jokatzen ari da barmanarekin. Beste bat, iharra, bizkar makurra, eztulka dago. Dena lasai, dena isilik. Familia-ostatu bat balitz bezala. Emakume nano bat, lorez apainduriko kapela handi batek bere ilaje margula estaltzen diola, iduneko soil arlote batekin, jarrera limurtzailean ageri da. Bat-batean entzun da: “Kaka! Sarah andrea”. Andrea bi neska gazte-gazteren artean eseri da, poltsa mahai gainean utzi eta nesketako bati zuzendu zaio sorgin aurpegiarekin:
–Ez badakizu ere, neskato, ez da izan batere jatorra, ez da izan batere serioa zure portaera… Neuk aurkitu dizut, Jainkoak daki zenbat kostata, goitik beherainoko jaun bat, jaun aberats bat, adinekoa, errespetagarria, eta zuk itxaroten eduki duzu nire etxean arratsalde guztian. Jakin liteke zer dela eta jokabide hori?…
Neskak, oso gaztea, ukabilaren tamainako aurpegia, ardiarenak bezalako begi luze hezeak, ahapeka erantzun dio:
–Higuingarriegia iruditu zait hau ere…
–Aizu, txiki, hau egin badut zuri laguntzearren izan da, badakizu, ezta? Baina zuk zor didazuna ordaintzeko beste moduren bat aurkitu baduzu…
–Lasai, itzuliko dizut zeure dirua…
–Oiloak pixa egiten duenean? Hor konpon, zure lagunarekin hitz egingo dut…
Neska ikaratu egin da; burua makurtuz, ahapeka diotso:
–Ez, ez, joango naiz, baina…
–Ondo dago, egizu gogoak ematen dizuna. Zer inporta dit niri?
Neska bat hurbildu zaie.
–E, Sarah andrea! Zenbat balio du honek? Erosiko didazu? Baina segituan behar dut dirua.
–Segituan, segituan… Horixe esaten didate denek ere…
Besteak eskaintzen dion eraztuna hartu du, arnasa bota dio distirarazteko eta adi-adi aztertu du bitxia sudurraren kontra jarrita.
Éliane sartu da. Soingaineko beltza dauka, kapela beltza, apaindurarik gabea; euritakoa dakar eskuan. Ezaxola, utzikeria, apatia, zabarkeria nabaritzen zaio, ohea utzi berri duenaren usaina dario. Eskuetan hartu du kapela, mahai gainera jaurti du, gero hazka egin du bere ile horail laburren artean, eseri eta keinu egin dio barmanari. Hura koktelera astintzen ari da.
–Dena ondo, Éliane andrea?…
Baietz erantzun dio buruarekin. Perlazko iduneko eder bat dauka, lepoaren inguruan bi buelta ematen dizkiona. Adeitasun berezi batez agurtzen dute, begirunez.
–Ondo dabiltza gauzak? Dena zeuk nahi bezala, Éliane andrea?
Irribarre egiten die, ezpainetan zimur edo tolesdura txiki bat eratuz. Masaila eskuan bermatu du, beltzari adi jarri da. Bostak jo dute. Kortesanak, denak batera, tente jarri dira, aurpegia hautseztatu dute. Traje estuko emakume lodiak berehalaxe ezkutatu du bere trikota eta monokuloa jarri du. Begirada guztiak atera zuzendu dira, gutiziatsu eta larri. Baina han agertu diren bakarrak emakume batzuk izan dira eta bakoitza bere lekuan esertzera joan da, saltzaileak beren salmahaiaren atzean esertzen diren bezalaxe. Nanoa zutitu egin da. Élianeren paretik pasatzerakoan gelditu egin da, perlen edertasunak liluratuta. Pausotxo laburrak emanez hurbildu zaio, nahiko lanarekin igo da Élianeren aurrean dagoen taburetera eta zintzilik daukan idunekoari heldu dio; ahora eraman eta hortzetan estutu du perletako bat. Inguruan barre hotsak entzuten dira. Élianek bere idunekoa ferekatzen du, begiak erdi itxita. Nanoak buruari eragin dio miresmenez.
–Inoiz hau saltzea pentsatzen baduzu, akordatu nirekin. Ezagutzen dut erosiko lizukeen norbait…
Élianek mugimendu zakar batez idunekoa erauzi eta bizkarra eman dio. Nanoa taburetetik lurrera jaitsi eta kalera irten da. Beiran zehar ikusten dugu nola elkartzen den gas farola baten azpian geldi dagoen beste emakume batekin, izaki beldurgarri bat, begirada finkoa eta hilotzaren hortz luzeak dituena. Biak ere euritan murgildu eta gau beltzean desagertu dira. Dadoetan jokatzen ari zen txikia Élianerengana hurbildu eta idunekoari begira jarri da, bai eta edaten zuen bitartean bere perlazko idunekoa haztatzen zuen beste emakumea ere. Elkarren ondo-ondoan daude. Élianek adi begiratu die eta, haren begiradapean, aurpegi biak une batez desitxuratu bezala egin dira, zimurtu, atso zahar miserableen maskara gosekil bihurtu dira. Élianek bere idunekoa bortizki oratu eta eskuan estutu du. Irudia desagertu egin da. Edaten duen bitartean, beste eskuarekin perlak mahai gainera isurtzen ditu, haien bitartez begiratuko balu bezala ematen du. Gizon zantzu batzuk agertu dira segundo batez; hasieran arruntak, edonor, irribarretsu, bat-batean bihurritu eta keinuka dihardute plazeraren nekearen pean; gero, amesgaizto eta zorameneko irudi bilakatu dira. Bat bereziki, bizar zuriko gizon bati dagokiona, lasaia, ohoragarria, behin eta berriro agertzen da, aldi bakoitzean aurrekoan baino beldurgarriago, izugarrizko ahotzar bigun bat musu emateko keinuan luzatzen duela. Barreiatu dira irudiak. Idunekoa ibai distiratsu bat bailitzan lerratzen da eta bertan islatzen dira etxe zuri baten irudia, lorategi zabal batena, Élianerena berarena, zaharra, gona beltz baten barrenarekin kalea garbituz doala; neska gazte baten besoan bermatzen da. Etorkizuna… Élianeri barregura eman dio bere ametsak. Neska gaztearen profil bat, garbia eta serioa, liburu baten gainera makurturik dago, zoriona eta bakea adierazten dituen espresioarekin. Musika beltza, gero eta ozenago eta basatiagoa, bat-batean, kanpai dangek eta organo musikak ito dute; une batez borrokatu da gailentzearren, baina laster erabat isildu da. Kanpaiak bakarrik entzuten dira orain, baina dangak gero eta motelagoak dira, gero eta ahulagoak. Herri txiki bateko eliza da, meza ondoren.
Plazaxka goibela, grisa. Automobil bat igaro da burrunban; zarata haziz joan da aurrena, gero ezabatu egin da; harrotu duen hautsa astiro-astiro pausatu da berriro, eta uxatuta txioka hegatu diren txoriak, berriro itzuli dira eta lurrean mokoka dabiltza lasai. Ume ahotsak. Piano bat esku moldakaitz batzuek joa; bals zahar bat, gune zailago batera heldu orduko eteten dena, baina pazientzia guztiarekin berriro ekiten dio, zailtasun gunera heltzean berriz ere eteteko, eta horrela amaigabeki. Igartzen da emakumeak orduak eta orduak ematen dituela jotzen. Erretore jauna elizatik irten da eta plaza zeharkatu du harrien gainean lerratuz doan katuaren fereka leunaz. Neskazaharrak mantupean etxera bueltan datoz, eskuak otoizteko jarreran, jaunartu berri duenaren espresio hertsi eta azukretuarekin. Eta plazan ate bat irekitzen eta ixten den bakoitzean aldaba hots bat entzuten da, hots dardarkaria, larria, eternitate guztirako deika ari balitz bezala.
Beltzez jantziriko emakume bat, konkor samarra, eta neska gazte bat izan dira irteten azkenak. Agurtzen dituzte, baina urrundik, ia disimuluz bezala, ezpainak estutuz, eta igarotzen diren bezain laster, badirudi zurrumurruzko arrasto bat sortzen dela haien atzean. Begiradekin jarraitzen diete, buruari eraginez; gero, sakabanatu egin dira denak, eta katu batek zeharkatu du eliz ataria, astiro, hankak harlauza zaharren gainean ia pausatu ere egin gabe. Orain plaza hutsik dago, ez da inor ageri begi bistan. Kontraleiho erdi itxietan zehar, oso argi ez bada ere, begiztatzen dira mahai atonduak, haur aurpegiak, uniformedun neskameak okela errea zerbitzatzen, gizonak mauka hutsean, ezpainzapiaren mutur bat txalekoan sartuta, platera eta mahai tresnek elkar jotzean egiten duten zaratatxo igandetarra bals etenkorrarekin nahasten da, azpimarratu egiten du, akonpainamendua egiten dio.
Emakume zaharra eta neska gaztea denda txiki batean sartu dira, erdi mertzeria, erdi irakur gela. Txirrinaren hots zorrotza. Denda atzera joan dira. Horman, markodun argazki batean, bibote sarri eta beltzeko gizon lodi bat ageri da, zurezko panpinaren irribarrea daukan emakume ezkonberri bati besoa eskainiz eta zertxobait aparte mantenduz. Beste argazki batzuk....




