E-Book, Basque, 156 Seiten
Némirovsky Odolaren sua
1. Auflage 2012
ISBN: 978-84-9868-656-2
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 0 - No protection
E-Book, Basque, 156 Seiten
ISBN: 978-84-9868-656-2
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 0 - No protection
Baserri giroko Frantziako herri txiki batean gertatzen da dena, 30eko urteen hasieran. Silvio narratzaileak dirutza gastatu du munduan zeharkako bere ibilaldietan. Hirurogei urterekin eta familiaren kargarik gabe, patxada ederrean Frantziako txoko horretan giza kondizioaren behatzaile izatea tokatzen zaiola ematen du. Halako batean, ordea, patxada hori trakestu egiten da, herrian heriotza lazgarri bat gertatzen baita. Gizarte itxi eta hieratiko hori urratzen hasten da eta iraganeko sekretuak hasten dira azaleratzen, odolaren suak, gaztetasunaren grinak, bizitza hankaz goratu dezakeela demostratzeraino. Aitortza bat bestearen atzetik dator, azken sorpresak erabat aztoratuta uzten gaituen arte.
Irène Némirovsky(Kiev, 1903- Auschwitz, 1942). Familia judu aberatsean jaio zen. Uda guztietan Némirovskytarrak Biarritzera, Donibane Lohizunera edo Hendaiara etortzen ziren udatiar. Gurasoek herriko jauregi edo etxalde eder bat hartzen zuten, eta Irène ostatu xume batera bidaltzen zuten zaintzaile batekin. Zaintzaile harekin ikasi zuen Irènek euskaraz. II. Mundu Gerra piztu zenean, Frantzian geratu zen, eta judu izateagatik sasian ibiltzera behartua egon zen. Frantsez poliziak 1942ko uztailan Frantzia okupatuan atxilo hartu eta Auschwitz-era eraman zuten. Odolaren suaz gain euskaraz irakur daitezke Nemirovskyren liburu hauek: Dantzaldia, Arimen maisua, Suite frantsesa eleberriak eta Birjinak kontakizun bilduma.
Autoren/Hrsg.
Weitere Infos & Material
Pontxe gozoa edaten geunden, nire gazte denboran bezala, sutondoan eserita, nire lehengusu Érard andre--gizonak, haien seme-alabak eta neu. Udazkeneko iluntze gorri horietako bat zen, euriz asetako nekazaritza lurretan; arrats gorriak biharamun haizetsua iragartzen zuen; beleak karranka ari ziren. Etxetzar hotz honetan haizea zirrikitu guztietatik sartzen da udazkeneko usain berezi horrekin, usain garratza eta fruta usaina. Nire lehengusina Hélène eta haren alaba Colette hotzikaraz zeuden nik utzitako gure ama zenaren kaxmirreko sorbalda zapietan bilduta. Bisitatzera etortzen zaizkidan guztietan bezala, galdetzen zidaten nola bizi naitekeen sagu zulo honetan, eta Colettek, oraintxe ezkontzekotan denak, Errota Berriren edertasuna goraipatzen zidan, hantxe biziko baita aurrerantzean “eta zu bertan sarri ikustea espero dut, osaba Silvio”. Errukiz begiratzen zidan. Zaharra eta behartsua naiz, eta mutilzaharra; basetxe batean bizi naiz oihanaren erdian. Badakite mundua korritu dudala; neure senipartea jan nuela; parabolako seme hondatzaile hura ez bezala, sorterrira itzuli nintzenerako zekor gizendua ere zaharrez akabatua zen, nire zain alferrik hainbeste denbora egon ondoren. Nire lehengusuek, nire zoria eurenarekin alderatuz, barkatu egiten zidaten utzia zidaten eta nik sekula itzuli ez nien dirutza guztia, eta Colettek bezalaxe, esaten zidaten: –Hontza gaztaina zuloan bezala bizi zara hemen, adiskidea. Neska instalatutakoan, zoaz haren etxera giro ona denean denboraldi bat ematera. Baina horiek kontrakoa uste badute ere, nik hemen neure momentu onak pasatzen ditut. Gaur bakarrik nago. Lehenbiziko elurrak hasi dira. Frantziaren erdialdeko paraje hau basatia bezain aberatsa da. Jendea nor bere etxean sartuta bizi da, ez da auzokideaz fidatzen, bere uztak jasotzen ditu, bere sosak zenbatzen ditu eta ez da beste ezertaz arduratzen. Ez jauregirik, ez bizitza sozialik. Hemengo burgesia herritik hurbilekoa da oraindik, apenas handik urrundu den, odol lodikoa da eta lurrak eskaintzen duen guztiaren zalea. Nire familia probintzia guztian hedaturiko sare bat da: Érardtarrak, Chapelintarrak, Benoîtarrak, Montrifautarrak… Denak dira nekazari aberats, notario, funtzionario, lurjabe; landetxe bakartuak dituzte bizileku, herrigunetik urrun eraikitako etxetzarrak, hiru morroiloz ixten diren ate astun eta sendoz babestuak, kartzelakoak diruditen atetzarrak; atarian baratze lauak, oso lore gutxi, baina barazki eta fruta arbola ugari, hormaren babesean landatuak azken hauek fruta gehiago eman dezaten. Saloiak altzariz beteta daude eta ia beti itxita; bizitza sukaldean egiten da, egurra aurrezteko. Ez naiz ari François eta Hélène Érardez, noski; ez dut ezagutzen haiena bezain etxe atsegin eta abegikorrik, hangoa bezalako giro samur, bero eta alairik. Halere, niretzat ez dago ezer gaurko hau bezalako gau batekin konpara daitekeenik: bakardadea erabatekoa da; nire neskameak, herrian bizi baita, oraintxe sarrarazi ditu oiloak eta badoa. Haren eskalapoiek bidean egiten duten tiki-taka hotsa entzuten dut. Bakarrik geratu naiz neure piparekin, neure txakurra hanka artean dudala, eta ganbaran arratoiak lasterka eta sua zirtaka entzunez; ez egunkaririk, ez libururik; botila bat juliénas besterik ez, suburdinaren ondoan jarrita, pixka bat epeldu dadin. –Osaba, zergatik deitzen dizute Silvio? –galdetu zidan Colettek. Erantzun nion: –Nitaz maitemindu zen emakume eder bat hasi zitzaidan, betiko Sylvestreren ordez, Silvio deitzen; gondolaria ematen omen nuen, izan ere garai hartan, orain dela hogeita hamar urte, ilea beltza neukan eta bibotearen ertzak gorantz orraztuak. –Ba, nire ustez, zuk gehiago daukazu fauno baten antza. Kopeta handi horrekin, sudur tente horrekin, belarri puntazorrotz horiekin, begi irrikor horiekin… Sylvestre, oihaneko gizona. Ezin egokiago doakizu izena. Hélèneren seme-alaba guztien artean, Colette da nire gogokoena. Polita ez da, baina neure gazte denboran emakumeengan gehien gustatzen zitzaidana dauka: sua. Hark ere irrikorrak dauzka begiak, eta ahoa ere bai; bere adats beltz eta arineko xerlo batzuek ihes egiten diote sorbalda zapiaren azpitik, buru gainean jarria daukana, esan duenez, garondoa aire korrontetik babesteko. Gaztetako Hélène gogorarazten omen du. Ni ez naiz oroitzen. Bere laugarren umea izan zuenetik, Loulou txikia, orain bederatzi urte dauzkana, gizendu egin da eta larru mintz leun eta maskalduko berrogei urteko emakume honek ezabatu egin du nire oroimenean hogeirekin ezagutu nuen Hélène hura. Orain halako naretasun zoriontsu eta lasaigarri bat islatzen du. Nire etxeko bilera haren helburua aurkezpen ofizial bat egitea zen: Coletteren senargaia ezagutu behar nuen. Jean Dorin da, Errota Berriko Dorintarretakoa, belaunaldiz belaunaldi errotari izanak. Ibai eder bat, berdea eta apartsua, igarotzen da errotaren azpitik. Amuarrainak harrapatzera joaten nintzen ni hara, Dorin zaharra artean bizi zela. –Amuarrain ederrak jatera gonbidatuko gaituzu, Colette –esan nion. Françoisek ez zuen probatu ere egin nire pontxea: ura besterik ez du edaten. Kokospeko bizar gris, fin eta puntazorrotza dauka, eskuarekin poliki-poliki ferekatzen duena. –Mundu hau uzten duzunean, zuk ez duzu ezeren faltarik sumatuko, edo hobeto esan, munduak zu uzten zaituenean, ni utzi nauen bezala… –esan nuen. Izan ere, batzuetan sentsazio horixe edukitzen baitut: bizitzak egotzi egin nauela, itsaso zakartuak egin ohi duen bezala, eta itsasertz triste batean nagoela txalupa zahar bat bezala, oraindik sendoegia hondoratzeko, baina marguldua eta herdoildua uraren eta kresalaren eraginez–. Ez zaizkizu gustatzen ez ardoa, ez ehiza eta ez emakumeak; beraz, ez duzu ezeren faltarik sumatuko. –Neure emaztearen falta sumatuko dut –erantzun zidan irribarrez. Orduan Colettek, amaren ondoan eserita, eskatu zion: –Ama, konta iezadazu nolakoa izan zen zure eta aitaren arteko ezkongaialdia eta ezkontza. Sekula ez didazu horretaz hitz egin. Zergatik? Badakit eleberri bat idazteko modukoa izan zela, askoz ere lehenagotik maite zenutela elkar… Inoiz ez didazu kontatu. Zergatik? –Inoiz galdetu ez didazulako. –Ba orain galdetzen dizut. Hélènek barre egin zuen, erantzun ordez. –Ez da zuri dagokizun arazoa –esan zion. –Ez duzu kontatu nahi lotsa ematen dizulako. Osaba Silviogatik ez da izango: seguru berak dena dakiela. Jeanengatik al da? Baina laster zure semea izango da, ama, eta nik bezain ongi jakin behar du zure berri. Nola gustatuko litzaidakeen gu biok ere zu eta aita bizi izan zareten bezain zoriontsu biziko bagina beti! Egingo nuke sekula ere ez zaretela haserretu. –Ez da Jeanengatik –esan zuen Hélènek–, bi umetzar horiengatik baizik. –Eta bere semeak seinalatu zituen irribarre batekin. Mutilak, lurrean eserita, pinaburuak surtara botatzen ari ziren. Poltsikoak bete zeuzkaten. Pinaburuak, surtara erortzean, zirtaka hasten ziren tiro hots ozen eta lehorrak atereaz. Georgesek eta Henrik, hamabost eta hamahiru urtekoak, honela erantzun zuten: –Gugatik baldin bada, hitz egin lasai. Zuen amodio kontuak ez zaizkigu batere interesatzen –esan zuen Georgesek, jadanik aldatzen hasia zuen ahots zakar horrekin. Loulou txikia bitartean loak hartua zuen. Hélènek, halere, buruari eragin zion eta ez zuen hitz egin nahi. Coletteren senargaiak hartu zuen hitza eta lotsaz bezala esan zuen: –Benetan, ereduzko bikotea osatzen duzue. Espero dut… egunen batean… gu ere… Zezelka mintzo zen. Mutil jatorra ematen du; aurpegi fin eta atsegina dauka eta begiak politak eta urduriak, erbiarenak bezala. Harrigarria da Hélènek eta Colettek, ama-alabek, gizon mota ia berdina aukeratu izana senartzat: sentibera, delikatua, maritxu samarra, mendera erraza eta aldi berean, isila, hitz gutxikoa, lotsatia ia. Zeinen desberdina nintzen ni, alajainkoa! Zazpiei begira nengoen, aparte samar. Egongelan afaldu genuen, huraxe baita, sukaldearekin batera, etxean daukadan egoteko moduko leku bakarra. Lo, ganbaran dagoen txapitula edo horrelako batean egiten dut. Azaroko gau hartan, egongela, berez ere nahiko itzaltsua, hain zegoen ilun ze sua moteltzen zenean han ikusten zen gauza bakarra horman esekitako kobrezko pertz handiak ziren, metal horrek dagoen argitasunik txikiena ere islatzen baitu. Sua bizitzen zenean, berriro agertzen ziren aurpegi lasaiak, irribarre onberak, Heléneren eskua, bere urrezko eraztunarekin, Loulou txikiaren ilea ferekatzen… Fular urdinezko soinekoa zeukan, puntu zuriz zipriztindua, eta gure amaren kaxmirrezko zapiaz estaltzen zituen sorbaldak. François haren alboan zegoen eserita, eta biak euren oinetan eserita zeuden mutikoei begira zeuden. Pipa itzali zitzaidan eta, berriro pizteko, ilinti bat hartu nuen surtatik. Une batez sugarrak nire aurpegia argitu zuen. Bistakoa zen ez nintzela ni eszenari adi zegoen bakarra. Colettek ere ez zuen nonbait xehetasunik galtzen, eta bat-batean esan zuen: –Hori da pikaro aurpegia daukazuna, osaba Silvio! Askotan pentsatu izan dut horixe. –Eta aitarengana itzuliz, jarraitu zuen–: Zuen amodioen kontaketaren zain jarraitzen dut, aita. –Tira ba, zuen ama nola ezagutu nuen esango dizuet –erantzun zuen Françoisek–. Garai hartan, zuen aitona herrian bizi zen. Dakizuen bezala, bi aldiz ezkondu zen. Zuen ama lehenbiziko emaztearen alaba zen, baina bigarren emazte horrek ere bazuen alaba bat bere aurreko ezkontzakoa. Zuek ez dakizuena da ni zuen amaren ahizpaorde horrekin ezkondu nahi nindutela. –Bai harrigarria… –esan zuen Colettek. –Halabeharraren kontuak. Lehenbizikoan gogoz kontra eta ia indarrez eraman ninduten gurasoek etxe...