Hiri zuriaren isiltasuna | E-Book | www.sack.de
E-Book

E-Book, Basque, 520 Seiten

Hiri zuriaren isiltasuna


1. Auflage 2022
ISBN: 978-84-9868-704-0
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 6 - ePub Watermark

E-Book, Basque, 520 Seiten

ISBN: 978-84-9868-704-0
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 6 - ePub Watermark



Tasio Ortiz de Zarate arkeologo ospetsuak kartzelan pasatu ditu azken hogei urteak, Gasteiz hiri lasaia gogor astindu zuten hilketa bitxien egiletzat jota. Ateratzeko lehen baimena eskuratzekotan denean, hilketak hasten dira berriz ere hirian. Hogei urteko bikote bat hilda agertzen da Gasteizko katedrale zaharraren inguruan, biak biluzik, biek eztarrian erle-ziztadak dituztela. Beste bikote bat agertuko da laster, hogeita bost urtekoa, Gasteizko Kordoi Etxetik hurbil. Unai Lopez de Aiala inspektore gazteak hartuko du bere gain kasua. Profil kriminaletan aditua da, eta hiltzaileari aurrea hartzeko obsesioak bizi du. Tragedia pertsonal batek galarazten dio, ordea, hilketa horiei besteetan bezala aurre egitea. Unairen metodoek bere onetik ateratzen dute Alba komisariordea, Unairen nagusia. Krimenak markaturiko harreman anbiguo batek lotzen ditu biak... Denbora, nolanahi ere, aurrera doa haien kontra, eta mehatxua nonahi ager daiteke. Zein izango da hurrengo krimena? Non agertuko da hilotza hurrengoan? Irakurlea lehen unetik harrapatzen duen eleberri beltz honetan mitologia eta kondairak nahasten dira arkeologia eta familiako sekretuekin. Dotoreziaz kontatua, konplexutasun handiko sare batean sartzen gaitu narrazioak, hipnotizaturik.

EVA G.ª SÁENZ DE URTURI (Gasteiz). Optikaren alorrean hainbat urte eman ondoren, Alacanteko Unibertsitatean lan egin zuen. 2012an argitaratu zuen La saga de los longevos, salmenta ikaragarria lortu ondoren ingelesera itzuli zena, Estatu Batuetan eta Erresuma Batuan arrakasta handia lortuz. 2014an argitaratu zituen haren segidako eleberria, Los hijos de Adán, eta Pasaje a Tahití eleberri historikoa. 2016an plazaratu zuen El silencio de la ciudad blanca, Gasteizen girotutako thriller zoragarria. Hogeitik gora hizkuntzara itzuli da, eta gehien saldu diren liburuen zerrendetan lehena izan da, adibidez, Alemania, Polonia, Mexiko Argentina edo Brasilen. Atresmediak zinemara eraman zuen 2019an. Mundu osoan milioi bat irakurleen muga gainditu duen Hiri Zuriaren Trilogiaren lehen atala da eleberri hori, euskaraz ALBERDANIAk Hiri zuriaren isiltasuna izenburuaz argitaratzen duena. Eusko Jaurlaritzak eta Gasteizko Udalak literatur ibilbide batzuk sortu dituzte, trilogiako eleberriak oinarri hartuta. Sari ugari jaso ditu egileak, besteak beste 2019ko Fikzio Liburua eta, 2020an, The Golden Bullet (Urrezko Bala) saria. Planeta Saria jaso zuen 2020an, Aquitania izenburuko thriller historikoarekin.
Hiri zuriaren isiltasuna jetzt bestellen!

Weitere Infos & Material


1

KATEDRAL ZAHARRA

Uztailak 24, igandea

Munduko patata-tortilla pintxorik goxoena gustura jaten ari nintzen, arrautza erdi egina eta patatak egosita baina kurruskari, bizitza aldatu zidan deia jaso nuenean. Deirik okerrera, esan nahi dut.

Santiago bezpera zen, eta Gasteizen Blusa eta Neska eguna ospatzeko prestatzen ari ginen, abuztuaren hasieran egitekoak ziren jaiak alaitzen genituen gazteok omentzeko eguna. Mikrogozamen hura jaten saiatzen ari nintzen egurrezko erretegia hain zegoen jendez betea, eta hain zen zaratatsua, non Prado kalera irten beste erremediorik ez bainuen izan, eta, orduan, alkandorako poltsikoan bihotzaren kontra neukan mugikorra dardarka ari zela ohartu nintzen.

–Zer dugu, Estibalitz?

Nire lankideak normalean ez zidan endredorik eragiten nire egun libreetan, eta, jakina, Blusa eta Neska eguna eta haren bezpera guztiz sakratuak ziren. Pentsatu ere ez lanera joatea hiria hankaz gora zegoen bitartean.

Txarangen zalapartak eta haien atzetik kantu eta jauzi zetorren jende oldeak Estibalitz esaten ari zitzaidana aditzea galarazi zidaten.

–Unai, Katedral Zaharrera etorri behar duzu –esan zidan, larri.

Ahots-tonu hura, ñabardura hura, partez harrituta, partez estu, ez zen ohikoa nireak baino handiagoak zituen emakume haren kasuan, eta hori, sinestadazue, asko esatea da.

Unean bertan ohartu nintzen makur handiren bat gertatu zela.

Hiria kapsula baten barruan sartuta zeukan burrunba orokor hartatik urrundu eta Florida parkera zuzendu nituen pausoak, ohartzeke, elkarrizketa modu minimoki emankorrean aditzea galarazten zidaten dezibelioak atzean utzita.

–Zer gertatu da? –galdetu nuen, edan behar ez nukeen azken errioxa-tragotik bizkortzeko ahaleginetan.

–Ez duzu sinetsiko, duela hogei urte bezala dago dena.

–Zertaz ari zara, Esti? Gaur ez nago oso argi.

–Katedrala berriztatzen ari den enpresako arkeologo batzuek bi gorpu biluzi aurkitu dituzte kriptan. Bi neska-mutil dira, eskuak bata bestearen masailean jarriak dituzte. Ezaguna duzu, ezta? Etorri oraintxe bertan, Unai. Hau kontu serioa da, oso serioa ere. –Eta eskegi zuen.

«Ezin da izan», pentsatu nuen.

«Ezin da izan».

Agur ere ez nien esan lagunei. Sagartokin egongo ziren oraindik, giza olatu haren erdian, eta nire Blusa eta Neska eguna hantxe bertan amaitu zela esateko hots egin izan banie, oso litekeena zen inork ere kasurik ez egitea mugikorrari.

Nire lankide Estibalitzen hitzak buruan durundi egiten zidatela zuzendu nintzen Andre Maria Zuriaren plazara. Nire bebarru paretik igaro eta Hedegile kaleko sarreraraino igo nintzen. Erdi Aroko hiriaren kalerik zaharrenetakoa zen.

Okerreko aukera egin nuen, hura jendez estalita baitzegoen, erdialde guztia bezala egun hartan. La Malquerida eta alde zaharreko atarietako gainerako tabernak gasteiztarrez mukuru zeuden, eta ordu laurden baino gehiago behar izan nuen Buruileria plazara iristeko, katedralaren atzeko aldera, alegia; hantxe elkartzekotan nintzen Estibalitzekin.

Plazak izen hori du xv. mendean buruileroen merkatua egin ohi zelako bertan; buruileroak, hiria penintsulako iparraldeko merkataritza-igarobide ezinbesteko bihurtu zuten oihal-ehuleak. Galtzadatik joan nintzen, eta Ken Follet kezkatu baten brontzezko estatuak begiratu egin zidan igarotzean, idazle hark gure inguruan ehuntzen hasiak ziren trama ilunak barrundatuko balitu bezala.

Estibalitz Ruiz de Gauna, Ikerketa Kriminaleko Dibisioko inspektore zen, ni bezalaxe. Zain neukan, mila eta bat dei egiten, urduri, sugandilaren modura plazan batetik bestera zebilela. Ilaje gorrikoa zen, kokotserainokoa zeraman, metro hirurogei zen eskas. Ia ez zituen bete kidegoan sartzeko baldintzak; Gasteiz bere ikertzailerik onenetako bat, eta egoskorrenetakoa, galtzeko zorian izan zen.

Urregorria balio genuen kasuak argitu behar zirenean, nahiz gutxiago balio genuen arauak bete behar zirenean. Ohartarazpen bat baino gehiago jasoak ginen desobedientziagatik, eta, ondorioz, geure buruak babesten ikasi genuen. Arauak betetzeari zegokionez, berriz, hainbestean betetzen ginen.

Hainbestean.

Nik ez ikusia egiten nuen Estiren zenbait adikzioren aurrean. Berak, aldiz, beste aldera begiratzen zuen nire nagusiei kasurik egin ez eta neure gisa ikertzen hasten nintzenean.

Profilaketa Kriminologikoan espezializatu nintzen, eta niregana jotzen zuten sailean jarduten zuen inor azaltzen zenean: hiltzaileak, bortxatzaileak… Behin eta berriz erortzen zen jendaila, alegia. Hiru gertakari gertatzen baziren, eta tartean hotzaldia, kasu hura niretzat zen.

Estibalitz Biktimologian espezializatu zen; beti ahaztuak, biktimak. Zergatik eraso zioten pertsona jakin hari eta ez besteri? Estik inork ez bezala erabiltzen zuen sicaren datu-basea, izan litezkeen ibilgailuen lorratz- eta gurpil-aztarna guztien biltegia, alegia, edota SoleMate-rena, nazioartean egiten diren marka eta modelo guztietako zapaten eta oinetakoen bilduma.

Hantxe nengoela ohartu zen orduko, mugikorra baztertu eta dolu-aurpegiarekin begiratu zidan.

–Zer dago hor barruan? –jakin nahi izan nuen.

–Hobe duzu zeuk ikusi –esan zuen marmarrean, zeruak, edota infernuak, batek jakin, entzun ahalko baligu bezala–. Medina komisarioak berak hots egin dit. Profiling-aditu bat nahi dute, zure moduko bat. Ni ere etorrarazi naute, kasuaren biktimologia azter dezadan. Berehalaxe ulertuko duzu. Zure lehen irudipena nahi dut. Polizia zientifikoko teknikariak etorri dira, baita forentsea eta epailea ere. Kutxiko atetik sartuko gara.

Kutxi ere, Aiztogile kalea, alegia, Erdi Aroan gremioak biltzen zituen kale zaharretakoa zen. Gure arbasoen lanbideen oroigarri betierekoa Gasteizen: Errementari, Zapatari, Hedegile, Pintore… Erdi Aroko almendraren lehen trazadurak bere horretan zirauen, mila urte igarota ere.

Harrigarria ere bazen katedralera etxebizitza bateko bebarrua zirudien ate batetik sartzea.

Ordurako bi polizia genituen sarrera zaintzen, 95. zenbakiko egurrezko atetzar lodi bat. Agurtu gintuzten, eta sartzen utzi.

–Galdekatu ditut gorpuak aurkitu zituzten bi arkeologoak –jakinarazi zidan lankideak–. Lana aurreratzera etorri dira, inondik ere Santa Maria Katedrala Fundaziokoak arkeologoak ere estutzen ari dira; kripten ingurua eta zuloa aurten bertan amaitzea nahi dute. Giltzak utzi dizkigute. Sarrailari ez diote ukiturik egin, ikusten duzunez. Ez dute behartu.

–Eta, diozu, Santiago egunaren bezperan, arratsaldez, arkeologoak lanera etorri direla? Ez da… harrigarri samarra gasteiztarrarentzat?

–Ez dut harrigarririk ikusi haien erreakzioan, Unai –ukatu zidan buruaz–. Harrituta ez ezik, izututa zeuden. Ez ziren itxura egiten ari.

«Ongi da», pentsatu nuen. Fidatzen nintzen Estibalitzen iritziez, tandem baten aurreko gurpila atzekoaz fidatzen den bezainbat. Halaxe egiten genuen lan, halaxe pedaleatzen genuen.

Arkupe eraberritura sartu, eta nire lankideak atea itxi zuen. Orduantxe kito jaiaren burrunba.

Ordu arte, bi gorpu aurkitu zirelako albistea punpaka ibili zitzaidan kaskoan, artean zeharo barrura sartu gabe, hala ere. Inguruko algara alai eta kezkarik gabekoaren aldean kontraste handiegia zen. Atea itxi orduko, isiltasun klaustroko hartan, eta lanetako fokuek kriptetarako egurrezko eskailerak ahul argitzen zituztela, dena egingarri iruditu zitzaidan. Ez desiragarri, hala ere.

–Tira, jantzi kaskoa. –Fundazioaren logo urdina zuen kasko zurietako bat eskaini zidan, katedrala bisitatzen zuten turista guztiek derrigorrez jantzi behar izaten zuten haietakoa–. Zure garaiera kontuan hartuta, burua joko duzu, seguru.

–Hurrengo batean –ez nion kasurik egin, aretoa aztertzen lanpetuta ni.

–Derrigorrezkoa da –tematu zen, engendro zuria eskainiz batera, eta nire eskuaren ertza bere hatzekin igurtzi zuen.

Gure arteko jolasa genuen, arau garbi batekin jolasten genuena:

«Horrainoxe». Egia esan, bazen beste arau bat ere, osagarria: «Ez ezer galdetu. Horrainoxe». Nik uste, bi urtean aurrerago ez egitea statu quo bat ezartzea zela, elkar hartzeko modu bat, halaxe erabaki genuena, eta Estibalitz eta biok ongi ginen horrenbestez. Bazegoen besterik, bera ezkontza prestatzen buru-belarri ari zen, eta ni, berriz, alarguna nintzen… Noiz alargundua…, bost axola.

–Bigun samarra, aukeran –esan nuen ahapeka, eta plastikozko kaskoa hartu nuen.

Eskailera kurbatuak igo eta Gasteizko herrixkaren maketak igaro genituen, hau da, hiria eraiki zeneko lehen kokalekuarenak. Estibalitzek berriz gelditu beharra izan zuen, Katedral Zaharraren barrualdeko aretora sartzeko giltza egokiaren bila. Gure sinboloetako bat, Katedral Zaharra, nire umetako bizikleta hura baino gehiagotan berriztatu eta adabakitua. «Obretan eta irekita» zioen kartel batek agur esan zigun eskuin aldetik.

Nire lurraldeko enblema guztiak ezagutzen nituen, lobulu tenporalean memorizatuta neuzkan trikuharriko hilketa bikoitzak gasteiztar belaunaldi oso bat inarrosi zuenetik, orain baino hogei urte eta lau hilabete lehenago.

Sorginaren Txabola trikuharria, La Hoyako aztarnategi zelta, Gesaltza-Añanako gatzagak, Erdi Aroko harresia… toki horiexek aukeratu zituen saileko hiltzaile batek Gasteiz eta Araba albistegietako mundu-mapan ezartzeko, gertakarien kroniketan. Ibilaldi turistikoak ere antolatu ziren garai hartan, eszenaratze berezi bezain makabro hark eragin zuen morboa tarteko.

Nik hogei urte inguru nituen hura...



Ihre Fragen, Wünsche oder Anmerkungen
Vorname*
Nachname*
Ihre E-Mail-Adresse*
Kundennr.
Ihre Nachricht*
Lediglich mit * gekennzeichnete Felder sind Pflichtfelder.
Wenn Sie die im Kontaktformular eingegebenen Daten durch Klick auf den nachfolgenden Button übersenden, erklären Sie sich damit einverstanden, dass wir Ihr Angaben für die Beantwortung Ihrer Anfrage verwenden. Selbstverständlich werden Ihre Daten vertraulich behandelt und nicht an Dritte weitergegeben. Sie können der Verwendung Ihrer Daten jederzeit widersprechen. Das Datenhandling bei Sack Fachmedien erklären wir Ihnen in unserer Datenschutzerklärung.